Durangoko Azokeak unidade didaktikoa sortu dau euskal kulturea Euskal Herriko ikasgeletara eroateko
2026-10-16 07:40 KultureaIkastolen Alkartearen laguntzeagaz eta alkarlanean sortutakoa da.
Hamabi eta 17 urte bitarteko gazteakaz ikastetxeetan lantzeko unidade didaktikoa prestau dau. Horrezaz gan, proposamenetako zenbait jarduera LH 5. eta 6. mailetako ikasleakaz be lantzeko modukoakdira, taldearen ezaugarrietara eta aurretiazko ezagutzetara egokituta Proposamena erabiliz, ikasleek Durangoko Azokea sakonago ezagutzeko eta euskal kulturan sartzeko aukerea izango dabe, olgetearen eta hausnarketearen bidez eta euren herriko edo inguruko testuingurutik ekinez.
Unidade didaktikoak hiru fasetan atondutako ibilbide malgua proponiduten dau eta, danetara, hamar jarduera jasoten ditu. Ez da beharrezkoa jarduera guztiak egitea: irakasleek eta
ikasleek euren testuinguruaren eta interesen arabera diseinau leikie ibilbidea, proponidutako jardueren artean hausnarketak eginez.
Lehen fasea, Girotzen eta berotzen izenekoa, Durangoko Azokea hasi aurretik egingo da, eta azokearen unibersoan sartzea eta ikasleen aurretiazko ezagutzak eta motibazinoa biztutea dau helburu, besteak beste, ikasleen kultur zaletasunak aztertzeko, Durangoko Azokea ezagutzeko eta euskal kulturan sortzaile erreferentea ikertzeko jarduerak proponiduten dira.
Bigarren faseak, Plazara! izenekoak, ekintzara igaroteko proposamena egiten dau, ikasleak Durangoko Azokara bertaratu edo ikastetxean bertan azokako giroa birsortuta. Hiru jarduera jasoten ditu: Durangoko Azokearen Kultur Alfabetoa (DAKA), testu eta sormen-lanen inguruko olgeta literarioak eta kultur produkzinoen arteko loturak topetea. Horreen artean erronka bi egongo dira: batetik, PortaDA!, disko eta liburu azalakaz argazkiak sortzeko; eta, bestetik, mikro-kontakizunak idazteko erronkea.
Azkenik, Mamiari tiraka faseak azokearen ondoren emongo deutso jarraipena ikaste-esperientziari. Jarduera bi proponidu dira, bizitakoaren inguruko sorkuntzea eta konpartidutako hausnarketea lantzeko. Horreen artean, ikastetxean euskal kulturearen erreferente aktibo bihurtzeko eta ikasle eta irakasleen arteko hausnarketa kritikoa sustatzeko jarduerak dagoz.
Euskerearen eta euskal kulturearen arteko lotura kontzientea lantzea dau helburu eta kulturearen ezagutza eta sensibilizazinoa sustatu nahi ditu ikasleen artean. Horretarako, olgetak, talde-lanak eta hausnarketak hartzen ditu oinarri, eta kulturearen lanketea ez dau Euskera eta Literatura arlora mugatzen: curriculuma osotzen daben hainbat jakintza-arlotara zabaltzeko proposamena da.
Unidadeak, gainera, Durangoko Azokan parte hartzen daben kultur eragileak eta euren lanak ezagutzeko aukerea emoten dau, baita ikasleen inguruan euskal kulturgintzan dabizen sortzaile eta taldeak ezagutzeko be. Holan, azokea abiagune hartuta, ikasleek kulturearen inguruko hausnarketak egitea eta eurek be kultureari egin leikioen ekarpena proponidutea da asmoa.
Durangoko Azokaren eta Ikastolen Elkartearen arteko alkarlanaren emoitzea dan proposamen didaktikoa Euskal Herriko hezkuntza-komunidadearen eskura jarri da, ikastetxe bakotxak bere behar eta interesen arabera egokitu daian.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
