'Erdi Arotik gugana. Arte gotikoa Enkarterrin' erakusketa ibiltaria, Portugaleten

Bizkaie! 2025-01-09 10:37   Kulturea

Andra Mariaren Basilikan izango da hain zuzen be.

Portugaleteko Andra Mariaren Basilikea izango da Enkarterrietako Museoa irailetik egiten dabilen Erdi Arotik gugana. Arte gotikoa Enkarterrin aldi baterako erakusketearen barruko kultur ibilbideen hurrengo geltokia. Erakusketea, 17 jarduera paralelo atontzeko kapaz izan da, besteak beste, arte gotikoak Enkarterrin itxi dauen errastua ezagutzeko berbaldiak, tailerrak edo bisita gidatuak.

Abellanedan (Sopuerta) dagoan eta Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundearen jaubetzakoa dan kulturguneak, bagilean inaugurau eban apirilera arte edegita egongo dan Erdi Arotik gugana. Arte gotikoa Enkarterrin erakusketea. Urregintzearen, irudien eta margolanen artean ondare balio handiko 38 pieza batzen dituan erakusketea Jesús Muñiz Petralanda historialariak XIII. eta XVI. mendeen artean Bizkaiko ondarean aztarna ezezaguna itxi dauen garai artistiko zaharraren inguruan oinarritzen da.

Proiektuak Enkarterriko hainbat kultu-tenplutan zehar zabaltzen dan arte gotikoari buruzko argitalpena sortu dau. Ganera, kultur ikasturte honetan gauzatzen dabilen jarduera sorta zabalagaz osotzen dago. Hurrengo hitzorduak ondoko honeek dira:

Urtarrilak 18

Portugaleteko Santa Maria Basilikea. Gotiko berantiarraren erreferentea. Bisitaldia Portugaleteko Santa Maria eleizara. Berton, eleizearen traza gotikoaz gan, kapitel ugarien dekorazino gotiko berantiarra adierazoko da.

Urtarrilak 25

Balmasedako San Seberino Basilikea. Harrizko eskultura gotikoa.

Bisitaldia Balmasedako San Seberino eleizara. Berton, eleizearen traza gotikoa, konserbautako hileta-eskulturak eta kapitel zizelkatu ugariak ikusiko dira.

Zezeilak 1

Gueñeseko Santa Mariaren jatorri gotiko berantiarra.

Bisitaldia Gueñeseko Santa Maria eleizara. Bertan, gotiko berantiarreko Eguzkiaren Portada bikainean zentrauko da gidaria.

Zezeilak 16

San Pantaleon baseleizea (Zalla). Baseleizearen bilakaerea gotikotik barrokora.

Bisitaldia San Pantaleon baseleizea egon zan eta gaur egun dagoan lekuetara, jatorrizkotik kilometro batera. Bertan dago taila gotiko zaharrena, San Pantaleon berarena. Zallako Udalagaz alkarlanean egindako jarduerea izango da.

Martiak 15/16

Muñatoneseko San Martin hazurrezko erliebe italiarrak (Muskiz).

Bisitaldia Muñatoneseko San Martin Gaztelura eta Museo Arkeologikora (Bilbo). Berton, XVI. mendearen hasierean Italiako iparraldetik Muñatonesera inportautako kutxa baten parte izango ziran hezurrez egindako taila txiki bi konserbetan dira. Muskizeko El Pobal burdinoleagaz eta Arkeologia Museoagaz alkarlanean egindako jarduerea izango da.

Martiak 29

Zalduko San Nikolaseko (Gordexola) moltso gotiko berantiarra.

Bisitaldia Zalduko San Nikolas eleizara. Berton, Gordexolan konserbautako taila gotiko ugariak zehaztuko dira, beharbada erretaula baten parte izan ziran Zalduko hirurak batez be.

Apirilak 13

Romañako San Pedro eleizearen (Turtzioz) jatorri gotiko berantiarra. Bisitaldia garai gotikoko kapitel landuak kontserbetan diran eleiza horretara.

Apirilak 27

Pobeñako San Nikolas eleizako Andra Mari gotikoa. Bisitaldia Muskizeko auzo horretan dagoan eleiza txikira. Bertatik dator ezagutzen dogun Andra Mari gotiko txikiena. Muskizeko El Pobal burdinoleagaz alkarlanean egindako jarduerea izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu