Miriam Lujua: 'Eten barik ikasten jarraitzen dot'.

Koldo Isusi Zuazo 2025-01-13 07:55   Barriketan

Oraintsu aurkeztu dau bilbotarrak Lur izeneko diskoa, 7 abesti, danak euskeraz, jazz-blues-soul eta pop trazakoak. Abenduaren 3an, plataforma guztietan eskani zan, baita fisikoan be Durangoko Azokan. Plateruenan be aurkeztu eban eta prest dago kontzertu gehiago emoteko. Balmasedan eta kantau dau baina kaleetan be ibili izan da eta ez doguz ahaztuko I. Ztanda eta Biba Zuek!

Beste alde batetik, Biboko Udalak instagramer ofizial izentau eban Lujua Eleder Iglesiasegaz batera eta makinatxu bat bideo grabau zituen Bilboko gazteen aisildirako eskaintzearen barri emonez.

Mirian Lujua abeslaria da eta pianoa, gitarrea eta ukelelea joten ditu. Kantetea maite dau eta SN Erasmus entzutetsuan parte hartu izan dau.

1.- Oraintsu aurkeztu dozu Lur, zure lehenengo diskoa. Zazpi kantu, danak euskeraz. Durangoko Plateruenan kantau zenduan. Zelako jentea batu zan, gustora geratu zinan?

Esperientzia ona, oso gustora geratu nintzan, Plateruenan aurkeztea nire lehenengo diskoa sekulakoa izan da eta hurreratu zan jenteari baino gehiago zuzenekoan sortutako giroari erreparetea izan da onena. Azken artistea izan nintzan abesten eta jente larregi egon ez arren, berotasuna sentidu neban.

Salmenteari jagokonez, batzuk saldu nituan eta saltokian neu nengoanean gehiago saltzen nituala jaubetu nintzan. 

Itziar Ituño be hurreratu eta niretzako zoragarria izan zan, 12 urte nituanetik ezagutzen gara, Harrapazank lehiaketan hasi nintzan eta hortxe hasi ginan arte eszenikoko alderdi hori lantzen. Diskoa erosi eustan eta kantuak abesten ikustea amesa izan da niretzako, Ituño niretzako ama izan da, beti laguntzeko prest.  

2.- Ze musikari agertzen dira oholtzan zeugaz?

Proiektua bakarlari moduan aurkezten dot baina musikari batzuk ditut lagun; finkoak dira eta hasieratik sinistu dabe nigan. Jazza egiteko inportantea da musikariakaz egitea inprobisazinoetarako eta joko gehiago emoten dauelako eta hor dabiz nigaz Gasti Segui, Manuel Sanchez Rodriguez eta Iñigo Villar. 

3.- Musikea maite dozu eta gitarrea, pianoa eta ukelelea joten dozuz. Ondo buztartzen dira jazz-blues-soul eta pop trazako kantuakaz?

Bai. Ni 8 urtegaz hasi nintzan pianoa joten eta partitura bategaz eta ibili izan naz musika akademikoan Mozart, Beethoven eta holakoakaz. Oinarria izan da beste musika batzuk entzun eta baloretako, izan be, musika guztiek dabelako zeozer berezia eta esango neuke pianoak bidea zabaldu deustala, sano lagungarria izan da niretzako. Jazzerako eta beste musika edo estilo batzuetan nire jarrerea esploretako be balio izan deust.

4.- Balmasedan eta kalean be kantau dozu eta Ztanda eta Biba Zuek! programetan be ibili zara baina I. Ztanda irabazita pozarren egongo zara. Holakoek erantzunkizuna be eragiten dabe; sentidu dozu holakorik?

Oso pozik nago. I. Ztanda irabaztea upealakoa izan da, nire izena aitatu ebenean, hasierako momentua, mundu guztia zoriontzen eta besarkatzen sentidutea ikaragarria izan zan eta hori guztia barruan daroazun guztia ahaztu barik, oposizinoak, kantuak ikasteko denpora tarte laburra eta bestelakoak baina egun batzuk igaroten diranean jaubetzen zara. Pilo bat ikasi neban programa horretan, lagun asko egin nituan. 

Erantzunkizunarena dinostazu eta gustoko kontuetan ez dozu sekula holakorik igarten, irabazi ala ez gustora zabiz eta hori da baliogarria da. Ogibidez irakaslea naz eta arlo horretan biziten dozuzan gorabeherek be laguntzen zaitue.  


5.- Telebistan kanteteak audientzia eta jentea ezagutzea be badakar...

Telebista bozgorailua da, hori ez dago ukatzerik eta Biba Zuek! eta Bago!az be ez dodaz ahaztuko. Ikasteko leku onak dira eta musikako protagonistak, Kai Nakai, Karmele Larrinaga, aktorea eta abeslaria, Iker, oraingo Goazeneko aurkezlea eta beste batzuk ezagutzen dozuz. 

6.- Zelako Kultur Ideak da zure managementa. Zertan laguntzen zaitue?

Arlo askotan jasoten dot laguntzinoa, kontratazinoetan, kontzertuak zein alkarrizketak bideratzen eta holakoetan.

Horrezaz gan, Ztandakoen aldetik be gustora ibili naz, lehiaketaz gan, barruko beharginen lanak be ezagutu eta asko ikasi dot, tramiteak, argiak eta holako gauzak sano erabagiorrak izan dira diskoaren grabazinorako

7.- Biboko Udalak instagramer ofizial izentau eutsun. Bideoak grabetea ei zan lana Bilboko gazteen aisildirako eskaintzearen barri emonez. Disfrutau zenduan?

Bai. Musikearen mundua ezagutzen dot gehien eta sare sozialetan ibili arren, urduri jarten naz, bideoak grabau, editau eta influencer lanak egin behar izan genduzalako. Halan da be, esperientzia polita izan zan lotsak eta bildurrak baztertzeko. Lagungarria izan zan nire arttista prozesurako.

8.- Kontzertuei jagokenez, badozu hitzordurik?

Ez. Baina bookingak egiten hasi gara eta Zelako Musika Ideak alkarteagaz be banabil eta nire disko fisikoa online sartzea espero dot. 



 

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu