1.304.343 bisitari izan ditu Guggenheim Bilbao Museoak 2024an

Bizkaie! 2025-01-02 13:10   Kulturea

2023an baino % 2 gitxiago.

2024. urtea oso positiboa izan da Guggenheim Bilbao Museoan, izan be, 1.301.343 bisitari hurreratu dira, errekorra lortuz, 2023. urtean baino % 2 gitxiago. Maiatza eta bagila inoizko hilebeterik onenak izan dira. Garagarrila eta abuztua, barriz, bigarren onenak. Balantze bikain horregaz arrakastaz amaitu dau Juan Ignacio Vidartek Guggenheim Bilbao Museoko Zuzendari Nagusi bezela egin dauen ibilbidea.

Jatorri geografikoa jagokonez, handitu egin da atzerritarren ehunekoa aurreko urtearen aldean (% 67). Bisitari gehien ondoko herrialdetatik etorri dira: Frantzia (% 16), Alemania (% 8), Britainia Handia (% 7), Estadu Batuak (% 6) eta Italia (% 5). Euskal Autonomia Erkidegoko publikoa % 11 izan da eta Estaduko ganerako herrialdeetako bisitarien ehunekoa, barriz, % 22. Aurreko urteetan lez, Katalunia (% 4) eta Madril (% 4) nabarmendu dira.

2024an Museoak publikoarentzat izan dauen interes-gune nagusia programazino artistikoa izan da, anbizino handikoa eta askotarikoa izan baita. BBK babesle izan dauen Ikurrak eta objektuak. Guggenheim Bildumako Pop artea erakusketeak 882.658 pertsona batu ditu zezeiletik irailera bitartean eta, horrenbestez, Museoko erakusketarik ikusiena izan da bisitari kopuruari jagokonez. Bestalde, bagila eta zemendia bitartean 648.237 personak disfrutau ahal izan dabe BBVA Fundazinoak babestutako Yoshitomo Nara erakustaldiaz eta Occident babesle izan dauen Martha Jungwirth erakusketea, barriz, 549.094 personak bisitau dabe bagila eta iraila bitartean.

Eremu digitalean, museoaren webguneak guztira 2.893.452 bisita eta 10.850.342 orrialde-ikustaldi izan ditu 2024an. Sare sozialetan, barriz, komunidadea handitu egin da: 866.431 jarraitzaile ditu Instagramen, 364.820 X sarean eta 389.315 Facebooken.

Hezkuntza-programetan, 2024an 80.192 personak parte hartu dabe Museoak eskainitako aurrez aurreko eta online jardueretan eta 1.015.742 izan dira programazino artistikoaren osogarri diran gune didaktikoak erabili dituenak. Eskola-arloan, 25.965 umeek eta Hezitzaileen Communityko kidek bisitau dabe Museoa. Familia eta hezitzaileei zuzendutako aktibidadeek, hurranez hurran, ITP Aero eta Occident ditue babesle. Horrezaz gan, irakasleentzako dobako online komunidadera 4.744 kide batu dira.

Motor ekonomikoa

Guggenheim Bilbao Museoaren jardunak 2024an haren inguruan izandako eragin ekonomikoari buruzko emoitzak ondoko honeek dira:

  • Museoaren jarduerearen ondorioz Euskadin sortutako eskaria 777,6 miloe eurokoa izan da guztira.
  • Barne Produktu Gordinari egindako ekarpena 672,7 miloe eurokoa izan da.
  • Kopuru horreek 105,5 miloe euroko diru-sarrera gehigarriak ekarri deutsee Euskadiko Ogasun Publikoei.
  • Museoaren jardunak 14.236 enplegu eusten lagundu dau.

Autofinanziazino maileari jagokonez, Guggenheim Bilbao Museoak lider izaten jarraitu dau Europako erakunde kulturalen artean, 2024an % 78 ingurukoa izan baita.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu