Maialen Torres: 'ikasleen lanei bultzadea emon gura deutsagu'

Andoni Mugica Lopez 2025-01-07 11:15   Barriketan

Maialen Torres (Huhezinema).

2025eko Huhezinemaren iruditeria kalean da. Euskal Film Laburren jaialdiak 18. edizinoa atondu dau urtarrilaren 22, 23 eta 24an. Lan guztien erdia baino gehiago Sail Ofizialean aurkeztu dira, guztira 49 lan. Horrezaz gan, ikasleak be animau dira eta lanak eta proiektuak bialtzen badabiz, lan guztien % 21 Ikasleen Sailean izanik. Ganera, lan asko bideoklipak dira, hain zuzen be 25 proiektu.

Jasotako lan guztien % 61 euskeraz dira. Gazteleraz be asko dagoz, 32 hain zuzen be (%30). Halanda ze, agerian gerau da Euskal Herrian jaiotzeak edo bizitzeak (hori zan lana aurkezteko zuzendariek bete behar eben irizpidea) ez dauela mugatzen aurkeztutako lanen hizkuntzea: % 9 ingelesez, valentzieraz edo arabieraz jaso ditue.

Sail Ofizialean, Ikasle Sailean eta Bideoklip Sailean emondako sariez gan, Mundukide, Hazi eta Berria sariak emongo dira, alkarte kolaboratzaile horreek jarritako irizpideak eta baloreak hobekien ordezkatzen dituen film laburrei.

Jaialdiaren ezaugarri nagusia da, Mondragon Unibersidadeko Ikus-entzunezko Komunikazino Graduko ikasle talde batek atontzen dauela. Beraz, jaialdiko koordinatzailea, Maialen Torres, eta ikasle lantaldeko Añes Brouard, alkarrizketau doguz.

1.- Jaialdia hasteko hilebete falta danean, zela zagoze?

Añes Brouard: egia esan, topera gagoz azken txanpa honetan. Gabonaldiak erdian harrapau deusku baina bakotxa etxetik dabil lanean jaialdia aurrera eroateko. Oraindino, erabagi garrantzitsu asko falta dira hartzeko, esaterako, egitarauan eta prestakuntzan. Halanda ze, edizino entretenigarria egin gura dogu eta horrerako gagoz lanean.

Maialen Torres: hasieratik oso motibauta ikusi dodaz ikasleak, beraz, bide onetik doazela begitantzen jat. Ganera, moduloan zehar, sektoreko hainbat profesional etorri dira eta horreen bidez, ekitaldi baten antolakuntzea eta jarraitu beharreko erispideak ikasi ditue, esaterako; aurrekontuak egitea, komunikazino planak atontzea edo dirulaguntzinoak eskatzea. Ikasi daben guztia primeran dagoz apliketan, beraz, oso modu profesionalean egiten dabe lan.

2.- Iban del Campok agur esan deutso koordinazinoari eta orain, zu zagoz (Maialen Torres) horren aurrean. Zelan hartu deutsazu erronkeari?

MT: erronka polita da eta gogotsu hartu dot. Ibanek sektorea oso ondo ezagutzen dau eta 17 urtez haren esperientzia erabili dau Huhezinema gidatzeko. Bitxikeria lez, ni ikasle nintzan garaian Huhezinema Jaialdiaren antolakuntzan parte hartu neban, beraz, egitasmoagazko hartu-emonak aspalditik datoz.

Oso motibauta nago hau aurrera eroateko, Ibanek itxitako ibilbideari jarraipena emoteko hain zuzen be. Ganera, aurtongo ikasle taldeagaz oso erreza da lan egitea.

3.- Zer nabarmenduko zeunke aurtongo edizinoan? Zeoertxu aurreratzerik bai?

AB: aukera ugari dagoz eta gai askotakoak izango dira. Ikusle bakotxak gogoko dauen zeozer topau eta disfrutauko dau. Horreezaz gan, epaimahaia oso interesgarria dala esango neuke (Aitor Oñederra, Maitane Carballo eta Katty Pochelu); hirurek zinema mundua oso ondo ezagutzen dabe, izan be, soinuan, gidoilaritzan, produkzinoan eta animazinoan egin dabe lan. Horren jakintzea oso garrantzitsua izango da guretzat.

MT: aurtongo egitaraua ezin dogu zehetasun guztiekaz adierazo. Baina bai aurreratuko dogu ikasleen lanei emon nahi deutsegula euren tokia Arkupe Aretoan. Zineman lehen pausua emoten dabizenei plazea emoteko eta balioan jarteko talentu barriak.

4.- Guztira, 94 lan aurkeztu dira (% 43 emakumeak). Beraz, aurton be, gustura izandako harrereagaz?

AB: bai, oso. Guztira, 94 lan jaso doguz. Ganera, lana aurkezteko epea gitxitu dogu, beraz, ez genduan espero hainbeste lan jasotea. Horrezaz gan, aurkeztutakoen ia erdia emakumeen lanak dira, asko poztu gaitu horrek, izan be, gero eta emakume gehiago dagoz ikus-entzunezkoak produziduten.  Horrek esan nahi dau ikus-entzunezko sektorean zeozer ondo egiten gagozela.

5.- Ganera, jasotako lan guztien % 61a euskeraz dira. Jaialdi euskalduna benetan...

AB: bai, oso pozik gagoz. Jaialdian urtero ikusten diran lanekaz, argi dago kalidadezko euskal produkzino asko egiten dirala. Beraz, merezidu dau horren alde egitea. Gure partez, asmoa lan horreetan indarra jartea da, Euskal Herrian egiten doguna kanpora zabaltzeko hain zuzen be.

MT: euskerea gure jaialdiaren ardatzetako bat da. Holan, presentzia emon nahi deutsagu pantailan, oholtzan eta atontzen doguzen ekintza guztietan. Ez bakarrik ekitaldira begira, baita egunerokotasunean be. Euskeraz bizi garen lantaldea gara.

6.- Aurtongo ikasle taldeak zuri-baltza jarri dau kartelaren oinarrian, garai bateko emakume zinegile bat jarriz protagonista bezela. Jazotakoa ordezkatzen dauen zuri-baltzaren ganean tonu koloretsuak dagoz: horia, urdina, gorria eta laranjea. Zer errepresentau nahi izan dozue kartelean? Badakigu zein dan emakumea?

AB: buelta asko emon eta danon artean adostu ondoren, kartelak emakumeen presentzia izatea beharrezkoa ikusten genduan. Ikus-entzunezko historiaren emakume garrantzitsuen irudiak topetan hasi ginan, baina azkenean adimen artifizialari eskatu geuntsan emakume baten argazkia sortzea. Beraz, kartelean agertzen dan emakumea ezezaguna da. Holan, urteetan zehar zinematik pasau diran emakume anonimo guztiak errepresentau gura izan doguz. Edozein emakume izan daiteke kartelean dagoan personea. 

7.- Horreezaz gan, jaialdi ezbardina da, izan be, ikasleek atontzen dozue. Zelan konpontzen zarie?

AB: hiru taldetan banatuta gagoz; ganera, talde batxoka, beste multzo bitan banatzen da. Halanda ze, alkarlana eta komunikazinoa ezinbestekoa da. Egia da, hainbeste izandakoan, batzutan txarto-ulertuak dagozala edo amaitu bako betebeharrak geratzen dirala, baina danon ardurea da jaialdia aurrera eroatea. Beraz, alkarlana lan dinamikearen erdian jarri dogu eta gogotsu gagoz azken txanpa honetan.

8.- Hamazortzigarren edizino ostean, jaialdia egonkortu egin da. Halanda be, urtetik urtera dabil barritzen. Zeuen ustez, zer aldatu da gehien?

MT: Huhezinemak oinarrian dituan balioak eta filosofia ez dira aldatu. Hori bai, jaialdiaren ardatzetako bat eta konstante bat da aldaketea, izan be, urtero ikasle talde barri batek hartzen dau jaialdia atontzearen ardurea. Horrek, erabat eragiten deutso azken produktuari; halanda ze, urtero dagoz gauza barri asko, besteak beste, ideak, begiradak, izakerak edo sinergiak. Nire ustez hori da jaialdiaren enkantua. Huhezinema gizartea aldatzen dan erritmo berean aldatu da. 

9.- Mezu berezirik?

MT: Bi! Alde batetik, eskerrak emon nahi deutsegu Huhezinema posible egiten daben babeslei, izan be, euren laguntzinoari esker eroaten dogu aurrera jaialdia. Beste alde batetik, danok gonbidaduten dodaz jaialdira, zinemaz disfrutau eta aurtongo lantaldeak egindakoaren emoitzea ikusi deien.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu