Javier Riañok hartuko ditu Azkuna Zentroko zuzendaritza-eginkizunak
2024-12-27 12:45 KultureaOrain arte, BilbaoArteko zuzendaria izan da.
Oraintsu egindako bileran, Fernando Pérezek ofizialki jakinarazo deutse Kontseilukoei borondatez itxi dauela kargua, abenduaren 12an alkateari jakinarazo eutson bezela; orain arteko zuzendariak esker ona adierazo dau barriro, ia zazpi urtez proiektu honen buru izateagaitik, zorroztasunez, gardentasunez eta kalidadez kudeatzeko aukerea izan dauelako. Horrezaz gan, pozik dagoala adierazo dau, Azkuna Zentroa Gizarte eta Kultura Garaikidearen punta-puntako eta erreferentziazko zentro bihurtzeko helburua beteteagaitik, programazinoaren kalidadea eta sorkuntza artistikoaren sustapena aintzat hartuta.
Bestalde, Administrazino Kontseiluak eskerrak emon deutsoz Fernando Pérezi bere karguan izandako ardura eta konpromisoagaitik eta egindako lan bikainagaitik.
Orain transizino aldi bat egongo da eta Fernando Pérez jardunean egongo da 2025eko urtarrilaren 13ra arte; beraz, egoera honek ez dau hutsunerik sortuko zuzendaritzan eta ez dau eraginik izango Azkuna Zentroaren eguneroko kudeaketan. Esangura horretan, Fernando Pérez prest agertu da transizinoan laguntzeko, Zentroaren funtzionamendu egokia bermatzeko eta 2025erako aurreikusitako kultura-programazinoagaz eta 2026ra arte hitzartutako erakusketakaz jarraitzeko.
Urtarrilaren 13tik aurrera, aldi batez, BilbaoArteko zuzendari Javier Riañok hartuko ditu Azkuna Zentroko zuzendaritza-eginkizunak. Era horretan, behar bezela koordinau eta aprobetxau ahal izango dira Bilboko Udalaren kultura-arloaren menpeko zentro bietan programazino eta produkzino artistikoaren esparruan biek dituen sinergiak.
Era berean, Kontseiluko presidente Gonzalo Olabarriak Kontseiluan jakinarazo dau Bilboko Udalak urtarrilean abiarazoko dauela nahitaezko prozesua Zentroko zuzendaritzan etapa barri bat hasiko dauen personea kontratetako.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!