Kirmen Uriberen eta Ana Urkizaren eleberrietan oinarritutako ibilbideak aurkeztu ditue

Bizkaie! 2024-12-19 10:29   Kulturea

Ondarroako Udalak atondutako Kalian gora, maria behera proiektuaren barruan.

Ondarroa idazle handien sorlekua da eta ganera idazle horreek herrian idatzi ditue euren lan ezagunenak. Holan sortu da Kalian gora, maria behera proiektua, herriko idazleek euren lanetan oinarritutako literatur ibilbideak egiteko eta herria ezagutzeko. Ondarroa kresalez bustitako herria da eta herriko idazleak ez dira salbuespena. Danetan igarten da herri arrantzalea garela eta hori erakutsi nahi deutsegu hurreratzen diran guztiei, adierazo dabe atontzaileek. Nerea Gartzia aurkezle ondarroarrak zuzendu dau ekitaldia eta berton egon dira, besteak beste, udal ordezkariak, Kirmen Uribe, Ana Urkiza, Mikel Etxaburu eta Leire Bilbao idazle ondarroarrak, Liburuen Amuak irakurle taldeko kideak, proiektu horren hasierako lantaldea osotu eben Inge eta Laia Revuelta eta Joxemari Urteaga eta beste hainbat konbidadu eta herritar.

Lehen urte honetako ibilbideak Kirmen Uribek eta Ana Urkizak egin ditue; datorren urtekoak, barriz, Mikel Etxaburuk eta Leire Bilbaok. Urtero ibilbide barri bi gehitzen joatea da asmoa, adierazo dau Urtza Alkorta Arrizabalaga alkateak.

Proiektuaren aurkezpenagaz batera, lehen ibilbide biak ezagutzera emon ditue Kirmen Uribek eta Ana Urkizak. Uribek, Bilbao-New York-Bilbao eleberrian oinarrituta sortu dau haren ibilbidea eta Urkizak, barriz, Ondarroako Piratak liburuan. Ibilbide bakotxak sei geraleku izango ditu eta horreen bidez herriko kale, txoko eta istorioak ezagutzeko aukerea egongo da. Ibilbide guztiak Kantoipe errebueltako zero gunean hasiko dira; berton dagoz plaka nagusiak. Geraleku bakotxean plaka bat dago eta QR kodea eskaneauta idazleak berak leku horren eta bere nobelako pasarte baten arteko loturea egiten dau. Plakak euskera hutsean dagoz; hori bai, QR kodea eskaneauta gaztelaniaz, ingelesez, katalanez eta galegoz be entzun ahalko dira kontakizunak. Idazle bakotxak sei plakaz osotutako ibilbidea dauka.

Proiektua udaleko euskerea sailak bideratu da eta helburua herriko maila altuko euskal idazleak goraipatu eta euren sorkuntzearen bidez, euskerea ardatz hartuta, herriaren ezagutzea, literaturea eta turismo jasangarria sustatzea. Euskeraz sortzen dauen herria gara eta ondasun hori agirian itxi nahi dogu, bai herritarren aurrean eta baita bisitarien aurrean be, esan dau alkateak. Gaineratu dau harro egoteko moduko herria eta herritarrak dagozala Ondarroan eta proiektu horrek euskal kulturearen eta euskerazko sormenaren mapan garbiago kokatzen dauela herria. Proiektu horrek aukerak zabaltzen ditu: tresnea da, danon eskura dagoana eta literatur gosea daukan edozeinentzat aproposa; ikastetxe, euskera ikasle, herritar, bisitari…

Proiektuari izena jarterakoan idea ugari izan ziran, baina loturea segidan jarri eben mahai-gainean: Ondarroako izakerea, aldatzak ugari dituan herria, eta itsasoa. Beraz, abesti bi agertu ziran; Kalian gora, kalian behera eta Itoizen Marea gora; azken abesti hori, Jose Mari Argoitia ondarroarrak idatzi eban eta joko horretatik hasiz eta Argoitiari keinu eginez sortu zan proiektuaren izena, Kalian gora, maria behera. Bestalde, logoaren koloreak errekeak eguraldi oneko egunetan izaten dauen kolorea islatu nahi izan dau, Artibai errekeak marketan baitau herri guztia zeharkatzen dauen ibilbidea.

Proiektua aurrera eroateko, Sorland enpresa izan dau bidelagun Ondarroako Udalak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu