'Oraingo egoeraz jaubetu eta euskerearen alde egin beharko geunke'
2024-12-19 09:09 Euskerea berbagaiHor gagoz, ez atzera ez aurrera.
Aurrera ala atzera? Gako barrien bila goiburupean, Sabino Arana Fundazinoak eta Euskaltzaindiak topaldia atondu dabe euskerearen egoerearen eta bilakabide soziolinguistikoaren inguruko gako barriez eztabaidatzeko.
Iñaki Iurrebaso EHUko Soziologiako doktore eta UEMAko ikerlariaren berbaldiagaz ekin deutse topaldiari. Hizkuntza gitxituen jarraipena, ordezkapena eta indarbarritzea neurtzeko demolinguistikako tresna metodologikoak garatzen doktoretza-tesian, Iurrebasok euskerearen egoerea eta bilakaerea jorratzen ditu, demolinguistikearen ikuspegitik. Durangoko Azokan aurkeztu eban soziologoak Euskaltzaindiaren eta Eusko Jaurlaritzearen eskutik plazaratu dauen ikerlana. Tesi hau euskal demolinguistikearen tresna multzoa zabaltzeko eta hobetzeko sormen-saiakerea da. Hizkuntza gitxituen inguruan dagoan jakintza soziolinguistikoa ardatz hartuta, nazinoarteko jarduera demolinguistikoa inspirazino-iturri hartuta eta irudimenari eraginda, euskerearen inguruko hiru eragiketa estadistiko nagusik (Hegoaldeko erroldea, hizkuntzen erabilerearen kaleko neurketak eta inkesta soziolinguistikoak) adierazle barriak sortzeko zelako aukerak eskaintzen dituen ikertu da. Eta hainbat adierazletan gauzatu dira aukera horreek, egilea ahalegindu da -eremu akademikotik haratago- euskerearen egoerearen ezagutzarako elementuak eta ikuspegi barriak eskaintzen. Gure hizkuntzak gaur egun dauen egoerearen erretratu zorrotza egin dau Iurrebasok. Ondorioak gazi-gozoak dira, Iurrebasok azaldu dauenez: lehenengo idea da minorizazino egoera gorrian gagozala eta minorizazino egoera larri horrek badakar galerarako jokerea». Bigarren ezaugarri bat be nabarmendu dau, baikorragoa: «komunidade gitxitu gehienakazko bereizten gaituan ezaugarri nabarmena da gure komunidadeak hizkuntzeagazko atxikimendu handia dauela. Datu demolinguistikoek hori berresten dabe: hiztunek eroso jakena baino gehiago erabilten dabe euskerea, hizkuntzeagazko lotura handia dabelako. Belaunaldi barriei hizkuntzea transmitiduteko ahalegin handia egiten da gurean, baina hori be ahultzen doa azken urteotan.
Bestelako gai batzuk bere aztertu ditu EHUko soziologoak bere tesian, esaterako, arnasguneen garrantzia: hizkuntza baten osasuna zein dan jakiteko, garrantzitsua da ikustea zelako testuinguru geografiko errealek eragiten daben hizkuntza horren alde, hau da, zein eremutan dan berezkoa hizkuntza horren aldeko dinamikea. Arnasguneak dira horreek. Eta gure errealidadea da holako eremuen indarra oso txikia dala; Euskal Herriko biztanleriaren % 4 baino ez da bizi holako eremuetan eta azken urteetan ahultzen doaz arnasguneak. Aurrera begira, eremu horreek indartu beharko litzatekez.
Usteak ustel
Orain arte euskal gizartean errotutatako uste bat be zapuztu dau Iurrebasok: nazinoarteko soziolinguistikako hiru ardatz nagusiak dira gaitasuna, erabilerea eta atxikimendua, eta orain arte gurean egondako ikuspegia izan da hizkuntza-gaitasunean indartsu gagozala baina erabileran ahulago eta sarritan jentearen atxikimendu edo konpromiso falteari leporatu jako hori. Landutako datuen arabera, motibazinoa badagoala baina hizkuntza-gaitasunean ahul gagozala.
Gaur egungo argazkia gazi-gozoa izanik, euskalgintzeari bultzadea emon behar jakola esan dau Iurrebasok: ez gagoz indarberritze prozesu argi batean, baina ezin da esan galera nabarian gagozanik be; hor gagoz, ez atzera ez aurrera. Egoerea ikusita, ixten baditugu gauzak bere horretan joaten, nahiko argi ikusten da galera prozesu batean jausiko garela barriro. Beraz, bizi dogun egoeraz jaubetu eta euskerearen alde egin beharko geunke barriro.
Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Mireia Zarate Sabino Arana Fundazioaren presidenteak jardun dabe hasiera-ekitaldian; partaide eta ikusleei ondoetorria emon eta Iurrebasoren tesiaren indarra nabarmendu dabe biek. Ondoren, mahai-ingurua eta barriketaldia atondu dira Miren Azkarate (euskaltzain osoa), Jokin Azkue (HABEko zuzendaria) eta Jon Sarasua (Mondragon Unibersidadeko irakaslea eta euskaltzain urgazlea) bertan zirala. Barriketaldian, barriz, Erramun Osak (Euskaltzaindiko idazkariordea), Eneko Bidegainek (Mondragon Unibersidadeko irakaslea eta euskaltzain urgazlea) eta Oskar Zapatak (TAUPAko Nafarroako koordinatzailea).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!