Sebero Altuberen Mari-Jesiak Gernikan
2024-12-18 09:01 MusikeaAbenduaren 19an, arratsaldeko 19:00retan, Lizeo Antzokian.
Sebero Altube Lertxundi arrasatearrak 1901ean Gernikako Udalaren Bandako Zuzendari plazea irabazi eban eta Marijesiak berton entzun eta laster, 1903an, egin eban ahots grabeetarako harmonizazino propioa. Aurrerago, 1922an gaur gehien ezagutzen dogun koru mistorako, 6 ahotsetarako partiturea atondu eban, gaur arte Gernikako koru guztiak kantau dabena. 1922an Gernikan atondu eben Eusko Ikaskuntzako Kongresoan egindako kaleko ekitaldien artean, Gernikako Orfeoiak, Sebero Altuberen zuzendaritzapean kontzertu ederra emon eta horren estrenoa egin eban irailaren 11n, astelehenean. Sasoiko prentseak esanda, kantu guztietan arrakasta itzela, un señalado triunfo lortu ebela, berbaz berba pero donde se desbordó el entusiasmo popular fue en la interpretación de Mari-Jesiak. Es una obra de un gratísimo sabor popular, muy bien armonizada por Altube. Es la reproducción de los cantos sencillos y conmovedores que se entonan en Guernica en las primeras horas de la noche de Navidad. Por ello el público se sintió hondamente impresionado al oir aquellas estrofas que le traían recuerdos de la más íntima emoción (La Gaceta del Norte, 1922-09-13).
Altubek gure marijesiak maila jasora, maila akademikora eroan zituan kalekoa oinarritzat hartuta eta harmonizazino ederrak erantsi eutsozan. Oinarrizko hiru melodia dagoz bertan -Maria Jose, Jesukristo eta Baibelenak eta amaieran laugarren melodia bat gehitzen dau marijesien Korraletako ardiak parafraseauta Larrañetako ardiak esaterakoan marijesien doinua ez dan beste bat garatuz.
1922tik aurrera, Gernikako Orfeoiak beste leku askotan kantau eban Mari-Jesiak partiturea eta 1926an Sebero Altubek berak Bandarako prestau eban Mari-Jesiak, koruak eta bandeak kantetako. Koruaren partitura orokorra eta atalekoak artxibo ezbardinetan dagoz; Bandarako partiturak, barriz, ez dira inon agertu. Horregaitik eskatu jakon Jon Artetxe Bilbaori orkestazinoa atontzeko beti be oinarritzat koruarena hartuta. Eta holan, 2024an bandarako orkestazinoa egin dau Jon Artetxe Bilbaok. Gernikako marijesien ekimena izan da, SOME Segundo Olaeta Musika Eskola/ Bandea eta Andra Mari Koralaren artean.
Eguenean, orkestazino hori entzungo dogu Lizeon (abenduaren 19an, 19:00retan). Mila esker Jon Artetxe eskaini deuskun orkestazinoagaitik. Berak esaten dauen moduan, Seber Altuberen harmonizazinoa dago oinarrian eta ez dau elementu barririk sartu. Behar itzela egin dau melodia ezbardinak instrumentuei lotzen jatortasunari eutsiz.
2024ko Banda zuzendariaren partiturearen goialdean dakarren moduan, orquestada por Jon Artetxe Bilbao en 2024, respetando estrictamente la armonización y arreglo para coro realizados por Sebero Altube en 1922. Martijesiak Alkartea eragilea izan da proiektu horretan eta eskerrak emon gura deutsee bai Jon Artetxeri, baita Musika Eskola eta Bandeari, bai Andra Mari Koralari be.
Zapatuan, Andra Mari Koralaren kontzertuan, Mari-Jesiak partiturea entzungo dogu, baina oraingoan bandeak be parte hartuko dau. Alkarren arteko beharrak izan dira. Gernikan, Gabonaurreko egunetan kalean entzunaz batera, Lizeo Antzokiaren barruan eta Eleizan entzungo doguz Marijesiak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!