Alaia Martin: 'zorioneko sentiduten naz garai honetako parte izateagaitik'

Andoni Mugica Lopez 2024-12-23 08:00   Barriketan

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako azken egunean Alaia Martinek jantzi eban txapela, Beñat Gaztelumendigaz buruz-burukoa jokatu ostean.

Illunbeko plazan dana prest egoala, 15:30ean ateak zabaldu eta jarlekuak betetan joan ziran bertsozaleak eta 17:00etarako atontzaileak, gai-jartzaileak, epaileak, bertsozaleak eta, zelan ez, zortzi protagonistak zain egozan: Alaia Martin Etxebeste, Andoni Rekondo Izagirre, Ane Labaka Mayoz, Aner Peritz Manterola Euzkitze, Beñat Gaztelumendi Arandia, Eneritz Artetxe Eizagirre, Nerea Elustondo Plazaola eta Oihana Iguaran Barandiaran. Ane Ezenarro Beristainek aurkeztu eban saioa eta, sarrerakoa egin eta gero, gogoz txalotu zituen bertsolariak.

Kontuak kontu, Bizkaie! Alaia Martinegaz izan da txapelketearen joan-etorriak jakiteko eta zelan ez, zorionduteko.

 

1. - Zorionak Alaia, Gipuzkoako Bertso Txapelketea irabazi dozu. Zelan sentiduten zara?

Eskerrik asko. Pozik sentiduten naz, zurrunbilotik poliki-poliki urtetan. Ganera, sariak, bidea jarraitzeko ilusinoa emoten deust. Hori bai, atsedena hartutakoan.

2. - Egindako saioa barrikusteko aukerea izan dozu? Zelan ikusi zara? Eta ganerako bertsolariak zelan ikusi dozuz?

Saioa behin ikusteko aukerea izan dot, nire ariketak barrikusteko. Osoa ikusteko ez dot oraindino aukerarik izan, baina, esango neuke, oro har, final ederra izan zala. Zortzi bertsolariak oso ezbardinak ginan eta horrek aukerea emon eban hainbat bertsokeraz disfrutetako. Ganera, bertsokide bakotxak haren markea itxi eban finalean.

Momentu batean edo bestean, danok disfrutau genduala sentiduten dot. Ganera, esker oneko antzemon genduan entzulea. Oso akordu polita daukat ta miresmenez begiratzen dodaz bertsokideen lanak, izan be, momentu askotan liluratu egin eustien.

Beraz, talde ederra tokau zan eta gustora abestu genduan. Horreezaz gan, nere kasuan, ondo sentidu nintzan eta oholtzan, kontziente eta olgetan egon nahi neban eta asmau nebanez, primeran.

3.- Giroa be aitatzekoa izan da; jentez ganezka eta pozik ganera, izan be, olatuak eta dana ikusi ziran. Bertsolaritzea sano ondo dagoan seinale?

Bertsogintzea momentu ederra biziten dago, halanda ze, zaleak bero egozan Illunben be. Horrezaz gan, zale barriak dagoz eta atmosferea izugarri interesgarria bihurtzen dabil bertsoaren inguruan.

Oso zorioneko sentiduten naz garai honetako parte izateagaitik eta biziteagaitik. Bai entzule aldetik eta baita oholtzak eta bertso mobimendu horrek motibau egiten eustielako be. Ganera, asko nago ikasten ingurutik be.

4. - 2011. urtean sailkatu zinan lehenengo aldiz finalera, zelan aldatu da azken 15 urteetan?

Asko aldau dira gauzak, izan be, datu sinple eta objetibo bat nabarmenduta emakumeak gehiago izan gara. Halanda ze, 2011. urtean emakume bakarra izan nintzan. Beraz, aldaketea nabarmena da, hori bai, tartean, 2017ko finalean ez egoan emakumerik lehiatzen.

Maila personalean, 2011ko finalak ate ugari edegi eustazan, esaterako, Plazaz plaza egitasmoan parte hartzeko aukerea. Hori, ez dot sekula ahaztuko eta inoiz behar beste eskertuko. Halanda ze, nire pasinoan bidea egitea eskaini eustien.

Ordutik, pixkanaka-pixkanaka, progresinoan joan da bertsolaritzea. Espero horretan jarraitea eta oholtzea gero eta handiagoa izatea, bertsolaritzea ahalik eta bizigarrien egon daiten.

5. - Zelan bizi izan dozue bertsolariek finala? Bakarkako txapelketea izan arren, talde berezia egin dozue. Ganera, 6.500 personen aurrean kantetea ez da ahuntzaren gaurdiko eztula, emozinoak, bildurrak, nerbioak...

Pentsetat dot bertsolari bakotxak finala bere modura biziten dauela; bildurrak eta ilusinoak buztartuz. Hori bai, danok pozik. Ganera, ez gagoz ohituta holako oholtza handietara, izan be, urtean zehar, plaza txikietan ibilten gara. Mikrofonoa hainbeste jenteren aurrean izatea pribilegio handia da, baina baita ardurea be.

Danok izaten doguz ilusinoak, ardurak, urduritasunak, zalantzak... baina uste dot alde onak gain hartzen deutsela bildurrei. Norberarentzat egun garrantzitsua izaten da, baita kolektiboarentzat be, halanda ze, egun esanguratsua izaten da. Beraz, komunidade bat izateko eguna da. Horrek, sentidua emoten deutso ibilbideari.

6. - Aurton, sari berezia banatu dabe; 25 urtetik azpiko bertsolari onenaren saria hain zuzen be (Aner Euzkitze Peritzek irabazi dauena). Zelan ikusten dozu datorren bertso belaunaldia?

Ausartzen naz esaten hemen dagoala. Ez hori bakarrik, azken urteotan ekarpen asko egin deutse bertsolaritzeari eta pentsamenduari oro har. Asko miristen dodaz belaunaldi barriko kide asko. Ganera, kriston txapelketea egin dabe. Oholtzan erakusgarri izan ziran arpegi barriak eta Anerrek berak, gaitasun eta mamin handiko erakustaldia egin eban. 

Bestalde, plaza handi horretatik, finaletik hain zuzen be, bertsolari asko kanpoan geratu ziran, baina ekarpen izugarria egin deutse txapelketeari, maila itzela eta zer esana emoten. Maider Arregik adibidez, txapelketa bikaina egin dau, baina finalaren atean geratu da. Plazaz plaza egitasmoan izango dau bere lekua eta espazioa.

Horreezaz gan, beste asko aitatu ahal dodaz, esaterako: Amaia Iturrioz, Oihana Arana, Maialen Akizu edo Haize Arana. Horreek be, finaletik kanpo geratu dira, baina txapelketa bikaina egin dabe. Duda barik, zer esan handia emongo dabe etorkizunean.

7.- Arantzazu Loidik jantzi eutsun txapela. Zelan sentidu dozu hori?

Arantzazu erreferente bat da askorentzat, izan be, mugarri bat jarri eban bertsolaritzan. Erreferentzialtasun horretan eta miresmenetik eta maitasunetik, poz handia izan zan txapela berak jaztea. Arabere gehiago, kriston txalokada erraldoia sentidu eban eta uste dot merezidutakoa izan zala. Halanda ze, jaente piloaren aurrean holako errekonozimendua izatea sekulakoa izan zan.

Eskerrak berari eta lehenengo pausoa emon ebenei, traba guztiak gaindituz eta bidea eginez. Esker ona emoten deutset. Egia da, horreetako askok ez dabela autortzea jaso eta gure aldetik, esker ona emotea jagoku, gitxienez.

8. Ganera, txapelketean zehar bertso eskolek protagonismo handia izan dabe...

Bertso eskolak funtsezkoak dira bertsolariei garapena emon ahal izateko eta saretzeko. Beraz, alkarri eustea ezinbestekoa da, oholtzan eta hortik kanpo, bertso bidean iraun ahal izateko hain zuzen be.

Niretzako sano garrantzitsuak izan dira umetatik; Oiartzungo Bertso Eskolan umetan eta aurrerago Santutxuko Bertso Eskolea. Baita lagun artean gero sortu doguzan bertso eskoletan be, Añorgan eta Donostian. Ganera, Ahulduntze Bertso Eskola Feministak pentsetako beste beste modu bat eta lurra eskaini deusku.

9.- Aurton txapelketan parte-hartzeko zalantzan egon zarela nabarmendu arren irabazi egin dozu. Bihar-etzi non ikusten dozu zure burua?

Bai, izan be, ez neukan argi prestakuntzearen aldetik denporea izango nebanik. Lanketa horretan, ondo egotea gura neban, halanda ze, patxadez hartzeko, nik eta nire ingurukoek.

Motibazinoz, aurrera egitea erabagi eta sorkuntzearen eta ilusinoaren bide horretan pausua emon neban. Atsedenaren ostean, Euskal Herriko Txapelketea etorriko jaku eta hori be gogoz hartuko dogu.

Bitartean, Plazaz plazako jarduna disfrutatzea nahi dot. Bidean lagundu deustienak eskertu, bertso kideekaz disfrutau eta ikasten jarraitu.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu