'Klima-aldaketea' da urteko berbea Euskaltzaindiaren eta UZEIren eretxiz
2024-12-17 10:56 Euskerea berbagaiAldaketa klimatiko esamoldeak, barriz, ez dau holako erabilera zabalik izan.
Klima-aldaketa ez da aurten sortutako kontzeptua: urteak dira askoren ahotan dabilela. Halan da be, azkenaldian, gero eta maiztasun handiagoz erabili da komunikabideetan, jentaurreko barriketaldietan eta sare sozialetan. Hiztegian lehenagotik jasota egon arren, klima-aldaketea esamoldea 2022ko urtarriletik dago azpisarrera lez Euskaltzaindiaren Hiztegian. Lurreko klimearen ezaugarrien aldaketa, giza jarduerak eraginikoa adiereagaz eta meteorologiaren arloko terminoa dala adierazoten dauen markeagaz jaso dau Euskaltzaindiak.
Aurten, gero eta ohikoagoak diran muturreko zenbait jazoera meteorologikok -sikateak, uriolak, poloetako izotz-geruzea urtzeak edo batez besteko tenperaturearen gorakadeak- gehiagotu egin dabe klima-aldaketearen inguruko ardurea.
Besteak beste, aurtengoa inoiz izandako urterik beroena izango dala iragarri dabe.
Eta, horrenbestez, albiste horreetako askoren harian, protagonismo berezia eta etenik bakoa izan dau aurten hedabideetan eta bestelakoetan klima-aldaketa esamoldeak. Horixe da erabilera zabalena dauen terminoa, pareko beste esamolde batzuekaz alderatuta.
Familia bereko beste termino batzuk
Corpusetako datuek erakusten dabenez, sinonimo lez erabilten dan aldaketa klimatiko ez dago hain zabaldua. Horregaitik, Euskaltzaindiaren Hiztegian ez da jaso; oraingoz klimatiko adjektiboa jaso ez dan bezela.
Bestalde, sinonimoa izan barik, bada klimatologiaren eta ingurumenaren arloko beste termino bat, kontzeptu horregaz zuzenean lotua dagoana: klima-larrialdia.
Gorago aitatutako albisteez berba egiteko guztiz egokia izan daitekeen arren (klima aldaketeak ekarri leiken egoera larria adierea dauela dino hiztegiak), oraingoz hedabide orokor askok klima-aldaketea erabiltearen alde egin dabe, antza danez.
Horregatik guztiagaitik, klima-aldaketea hautatu dabe Euskaltzaindiak eta UZEIk urteko berba.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!