Euskaltzaleen Topagunea indartzeko Taupa dator
2024-12-17 07:45 Euskerea berbagaiEuskaltzaileen Topagunea baztertu eta Taupa euskaltzaleen mugimendua izango da aurrerantzean.
Hasierea barria irudikau dabe Bilboko Kafe Antzokian: aurrerantzean, Euskaltzaileen Topagunea, Taupa, euskaltzaleen mugimendua izango da eta Euskal Herri osoko euskaltzaleak saretuko ditue. Eraldaketa sozial sakon bat eragin nahi dogu, aldaketea norberarengandik hasten dala jakitun izan eta egin nahi doguna berrasmetan ausartu gara
Euskal Herri osoko euskaltzalez osotutako mobimendu zabala irudikau dabe, euskera alkarteen bazkideetatik hasi eta harago heltzeko kapaz izango dana: Euskera Alkarteak izan dira eta izango dira mobimenduaren muina, baina aurrerantzean, alkarteetan antonduta egon barik be, euskerearen alde ekarpena egin nahi daben herritarrek euskaltzaleen mobimentura batzeko aukerea izango dabe eta alkarterik ez dagoan herri eta eskualdeetan bizi diran euskaltzaleek nazino mailako mobimentuagaz hartu-emon zuzenak izango ditue. Beraz, euskera alkarteen topagune izatetik euskaltzaleen mobimentu izatera pasauko gara eta herri batzuetan jardutetik Euskal Herri osoan atontzera.
Herri proiektu ilusionagarria
Asko dira atonduta egon edo ez, nork bere erara, ekarpena egiten deutsenak euskereari eta hiztun komunidadeari: honaino heldu bagara, milaka euskaltzaleren indarrari eta bizinahiari esker izan da. Gurea herri proiektu eraldatzaile bat da, komunidade anitz, bardinzale eta justuago baten alde egiten dauena eta bestelako mobimendu sozial eraldatzaileen intersekzinoaren barruan dago. Sinistuta gagoz komunitadegintzea dala euskerearen aldeko konplizidadeak orain arte baino esparru gehiagotara zabaltzeko gakoetako bat eta norabide horretan sakondu nahi dogu. Gurean, ez baita prozesu eraldatzailerik izango euskerarik barik eta euskereak ez dau etorkizunik izango eraldaketa sozialik barik.
Euskereak eta herriak salto bat behar dabe: aurreko belaunaldien lorpen nagusia euskerearen ezagutzea zabaltzea izan bazan, egun euskerearen alde gagozenon erronkea erabilera biderkatzeko baldintzak sortzea da, Eneko Gorri kideak esan bezela, datorrena erabilerearen aroa izan daiten. Horretarako, euskerearen gaiak agenda publikoan lehentasuna lortu beharko dau, adostasun sozial, politiko eta instituzional barriak josi beharko dira eta orain artekoak baino askogurakoagoak izango diran neurriak hartu. Horrezaz gan, euskaltzale aktibista gehiago beharko doguz, korrontearen kontra be, euskereaz biziteko hautua eta eraldaketa gorpuztuko dabenak.
Agur Euskaltzaleen Topaguneari
28 urte izan dira Euskera Alkarteen Federazinoa, Topagunea, sortu ebenetik. Tokiko alkarteen beharrak asetzea zan funzino nagusia garai hartan: kultur programazinoa eskaini, aholkularitza administratiboa, aisialdi egitasmoak, toki hedabideak, Mintzalaguna...
Euskaltzaleen Topagunea izentau eben erakundea 2012an egindako II. kongresuan. Tokiko alkarteak indartzeagaz batera, nazino mailan erakunde erreferentziala izatekourratsak emotea onartu zab. Hortik etorri ziran ekimen barriak, esaterako, Euskaraldia.
Kontuak kontu, 2023ko zemendian egin eben kongresuan, urrats bat harago emoteko beharra partekatu eta lan ardatz eta egiteko modu barriak erabiltzeko planteamendua onartu eben, hiru erronka jarriz:
- Mobimendu euskaltzale eraldatzaile, anitz eta sendoa izateko eta herritarrak ahalduntzeko lan egitea.
- Gaur egun eta etorkizuneko jendarte horren parametroetan ondo errotuko dan euskal identidade askotariko, edegi eta inklusiboa sendotzeko, imajinarioa, diskursoa eta jokaerak barrikusi eta gizarteratzeko lan egitea.
- Euskal hiztunak sortzeko eta sozializatzeko lan egitea eta eragitea.
Eraldaketea norberarengaindik hasi behar dala konbenziduta gagoz. Prozesu horretan sartuta dago Topagunea kongresuan ponentzia onartu genduanetik, barne eraldaketean. Dagokigun egitekoetan arduraz eta erantzukizunez jokateko asmo osoa dogu, baita arriskuak hartzeko prestutasuna be. Herrigintzatik, euskerea ardatz, euskerearen erabilera, euskal kulturea eta euskaltzaletasuna sustatuko dauen euskaltzaleen mobimenduaren motore izan nahi dogu, beste eragile batzuekaz alkarlanean.
Beraz, Euskaltzaleen Topaguneari agur esango deutsagu, euskaltzaleen mobimendua barritzeko bide barri bati ondo etorria emonez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!