300 kantuzalek baino gehiagok Gabonaldiari kantau deutse deutse Bilbon
2024-12-17 08:33 MusikeaGod Rest Ye Merry, Gentlemen Gabon-kantua abesteko Bizkaiko 300 ahots amateur batu ditu.
la Caixa Fundazinoak #YoCanto ekimenaren God Rest Ye Merry, Gentlemen atal barria abiarazo dau. Proiektu koral parte-hartzaile horrek 300 ahots amateur inguru batu ditu Bilbon Gabon-kantu hori interpretetako. Kantuzaleek sortutako musikeak eta talde-lanaren indarrak energia magikoa biztuten dau, Bizkaiko uriburutik Gabonak argitzen dituana.
Azken emoitzea bart izan da Guggenheim Bilbao Museoan. Bideoan parte hartzen daben abesbatzak bertan izan dira eta eurekaz izan dira Rafael Chueca la Caixa Fundazinoko Kultura eta Lurraldeko zuzendariorde nagusia, Juan Ignacio Vidarte Guggenheim Bilbao Museoko zuzendaria, Anna Verbón IgorStudioko produkzino-zuzendaria eta Gonzalo Olabarria Bilboko kultura-zinegotzia.
Bizkaiko bederatzi abesbatz batu dira kantari-taldera. Astegoien bi emon ditue musikearen eta ikus-entzunezkoen arloko profesionalakaz alkarlanean egindako bideo koral hau sortzeko.
Esperientzia parebako eta aberasgarri horretan abesbatz-musikearen kantuzaleak batzen dira eta bideoa Bizkaiko zenbait agertokitan grabau da: mendi, zelai eta baso berde eta inspiratzaileetan eta Guggenheim Bilbao Museoaren instalazioetan.
Pieza itxuraz sorgindutako baso batean hasten da, gauez eta egurrezko perkusinoen erritmoan. Perkusino horreek argi eta misteriozko txinparta sortzen dabe eta horrek kantetan hasteko bidea emoten deutse kantariei. Momentu horretatik aurrera, kantariek bidaiari ekiten deutse argiaren atzetik. Izatez, argiak gero eta presentzia handiagoa dau bideoan eta, aldi berean, ingurune naturala eta museistikoa buztartzen ditu. Nabarmentzekoa da parte-hartzaileak Richard Serraren The matter of time eskultura-multzotik kantuan dabizen momentua —artelanaren monumentaltasun osoak batzen ditu kantariak Museoaren barruan—.
Piezea Bizkaiko probintziari eta Euskal Herri osoari egindako omenaldia da eta lurraldeko instrumentu tipikoak erabilten ditu, besteak beste, txalapartea, Euskal Herriko landa-eremuetako jatorrizko perkusiboko musika-tradizinoaren parte.
Bideoan, Bizkaiko ondoko bederatzi abesbatzetako kantariak agiri dira: Bilboko Koral Alkarteko Alegro, Andrés Isasi-Getxoko Musika Eskola, Bizkaiko Esperientzia Gelakoa, Bakiokoa, Bermeokoa, Galdakaoko Los Tonos Humanos Ganbera Abesbatza, Club Deportivo Bilbaoren abesbatza, Doniene Abesbatza eta Inmakuladako Abeslariak.
Hori guztia, Igor Cortadellas eta Marc Campàren zuzendaritza artistikoagaz (Igor Studio); Mireia Barreraren zuzendaritza koralagaz; Dani Lópezen moldaketa, zuzendaritza eta produkzino musikalagaz; eta Anna Llombarten koreografiagaz. Proiektuak Guggenheim Bilbao Museoaren lankidetzea izan dau.
Konpromisoa kulturearen zabalkundeagaz
Ekimen hau pandemia betean sortu zan, eremu digitalean topaketak bultzatzearen alde, izan be, ekimenak bidea egiten jarraitzen dau eta formatu presentzialean sendotzen dago, kantari amateurrei ikus-entzunezko proiektu profesional batean parte hartzeko aukerea emoteko helburuari eutsiz.
#YoCanto Viva la Vida, #YoCanto Aleluya, #YoCanto Joy to the World eta #YoCanto Carol of the Bells bideoen arrakastearen ondoren, 6,2 miloe bistaratze baino gehiagogaz, la Caixa Fundazinoak barriro be berretsi dau kultureagaz eta talde-lanean sortutako jarduera musikalakaz dauen konpromisoa —25 urtetik gorako tradizino luzea dau arlo horretan—.
Eskuragarri dago CaixaForum+ kultura eta zientziaren streaming-plataforman
Bideoa ikusgai egongo da, CaixaForum+ plataforman erregistrau beharrik barik. la Caixa Fundazinoaren dobako plataforma hori, kultura eta zientzia-dibulgazinoan erreferentea da eta ikus-entzunezko eduki askotara sartzeko aukerea emoten dau. Horrezaz gan, igazkoari jarraituz, proiektuaren making ofa be plataforman bistaratu ahal izango da, baina kasu horretan aldez aurretik erregistrau beharko da.
#YoCanto ekimenaren aurreko bideo guztiak eskuragarri dagoza CaixaForum+ plataforman eta erraz konpartidu daitekez sare sozialen bidez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!