Urtea laburbatzeko 15 berba hautatu ditu UZEIk

Bizkaie! 2024-12-13 13:43   Euskerea berbagai

Politikearen arlotik jasotako berbak dira asko: libertario, genozidio, lokatz-makina...

Aurten ikasi dogun 'Goidi' edo goi-geruzetako depresino isolatua be zerrendan sartu da. | Ikusi handiago | Argazki originala

Hedabideetan eta sare sozialetan zeresana emon daben gaiez berba egiteko aurten erabili ditugun 15 berba bildu ditu UZEIk, 2024. urtearen errepasoa eginez. Hautatutako berben artean, mailegu modura jasotakoak eta euskeraz sortutako berbak be badagoz, besteak beste, hitano ez-binarioa izentetan dauena.

Leku nabarmena izan dau aurten genozidio berbeak; kasu batzuetan, erabili egin dalako (adibidez, Estibaliz Urresolak holan izentau eban Gazan jazoen egoana Goya sarien ekitaldian); eta, beste batzuetan, komunikabideek, horren ordez, beste berba batzuk erabilteko hautuari eutsi deutselako (Gazako gerrea, gatazkea eta bestelakoak).

Politikearen arloko esamolde ugari sartu dira zerrendan, besteak beste, Pedro Sánchez presidenteak erabilitako lokatz-makina (Umberto Eco idazleak asmautakoa, aurten gogorarazo deuskuenez).

Orain urtebete hautetsi eben Milei Argentinako presidente eta ordutik gero eta gehiago erabilitako libertario berbea izan da UZEIren ustez aurten nabarmendutako formetako bat, besteak beste, Donald Trump libertario-biltzar batean txistu artean hartu ebelako.

Hurrenkera kronologikoan

Urtean zehar dokumentautako jazoeren hurrenkera kronologikoaren arabera sartu dira berbak zerrendan. Erabilerearen erakusgarri, hedabideetako eta sare sozialetako mezuen adibide batzuk tartekatu dira zerrendan. Halan da be, adibide horreek ez dabe bestelako erreferentzia-helbururik.

Hautaketearen nondik norakoak

Eguneroko lexikoak urtebeteko bilakaera islatzeko erakusgarri izan nahi dau; holan, zerrenda honek ez dau zorrotza izateko asmorik. UZEIk egunez egun arakatzen dau hedabideetako erabilerea, hizkuntzearen prozesamendu automatikorako eta bestelako lanetarako berba eta terminoak batuz. Urtearen errepasoa egiteko, berba-sorta bat hautatu da bilduma horretatik. Modu honetan, euskerearen barrikuntza-gaitasuna eta erabilera dinamikoa azpimarratu nahi ditu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu