Fernando Perezek zuzendari-kargua itxi dau

Bizkaie! 2024-12-13 08:23   Kulturea

2018ko maiatzaren 2an hartu eban Azkuna Zentroa – Alhóndiga Bilbaoko zuzendaritzea.

Fernando Perez eta Juan Mari Aburto. | Ikusi handiago | Argazki originala

Fernando Perezek borondatez itxi dau Bilboko Azkuna Zentroko zuzendari-kargua. Holan aurkeztu deutso Bilboko alkate Juan Mari Aburtori.
 
Fernando Perez 2018ko maiatzaren 2an hasi zan zentroko zuzendaritzan. Sei urte eta zazpi hilebete horreetan, buru-belarri ibili da Azkuna Zentroa-Alhondiga Bilbao nazinoarteko erreferentzia-gunea izateko, zorrotz, gardentasunez eta kalidadezko kudeaketea eginez. Udalak eta batez be, Juan Mari Aburtok, eskertu ditue lanean emondako urteak eta egindako ahalegina.

Urte horreetan, Azkuna Zentroa, uriari edegita, garaikidetasuna eguneroko esperientzia izateko beharrean ibili da.

Komunikadu horren bidez, Fernando Perezek eskerrak emon nahi deutsoz Bilboko Udalari, testuinguru artistikoari lotutako proiektu garrantzitsu horren buru izan da eta.

Era berean, oso harro dago, punta-puntako eta erreferentziako zentroa ixten dauelako, programazinoaren kalidadeari eta sorkuntza artistikoaren sustapenari jagokonez.

Holan, Fernando Perezek etapa mamitsua zarratu dau. Kulturearen defendatzaile sutsua da; bere ibilbide profesionala oso lotuta egon da administrazinoagaz eta zerbitzu publikoagaz.

Kulturearen eta arteen kudeaketan espezializauta dago, Euskal Filologian lizentziaduna da, International Leadership Program in Visual Arts Management eta Kultura Kudeaketa, Musikea, Antzerkia eta Jantzako masterra dau, baita Europako Kultura Politiketako graduondoa be.

Nafarroako Gobernuko Kultura zuzendaria izan da eta Japan Foundation for Performing Artsen aholku-batzordeko kidea, baita Huarte Arte Garaikideko Zentroaren Patronatuko kidea eta Jorge Oteiza Museo Fundazinoaren Patronatuko idazkaria be. Kulturea eta arteak kudeatzeko nazinoarteko eta estaduko hainbat batzorde eta proiektutan parte hartzen dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu