'Mamia: mujeres que han transformado la gastronomía vasca' liburua aurkeztu dabe
2024-12-12 12:36 KultureaBerrogeita hamar (50) emakume protagonista batu ditue liburura.
Gaur aurkeztu dabe liburua, Mantala Basque Gastronomyk jorratutako proiektua, Basque Culinary Centerrek eta Hazi Fundazinoak sustatuta. Euskal sukaldaritzeak mugak gainditu ditu eta inspirazino-iturri da gaur egun. Gastronomía horrek, produktuaren garrantzian eta etenbako barrikuntzan oinarritua, Euskadiren kultura-aberastasuna bultzatu dau. Errezeta tradizionalen bilduma apartak eta egokitzeko gaitasunak gure mugaz harago zabaltzen lagundu deutse eta gaur egun be ondare bizi-bizia da, emakumeek belaunaldiz belaunaldi ezagutarazo dituen errezetei esker.
Liburura batutako berrogeita hamar emakumak muina dira, askoz ekosistema zabalago baten adibide, ezinezkoa baita guztiak argitalpen bakarrean jasotea. Orrialdeotan, azken mendeko emakume gastronomorik eraldatzaileenetako batzuk jaso dira, baina berrogeita hamar kontakizun horreek autortza egin nahi deutse euskal gastronomiako hainbeste sektoretan lanean dabizen eta ibiliko diran emakume guztiei.
Liburuan protagonista dira: Elena Arzak (Arzak), Angelita Alfaro (sukaldari eta dibulgatzailea), Gabriela Uriarte (elikadura GU Nutriciónen), Mari Mar Churruca (Euskal Gastronomia Academiako presidentea), Amaia Arguiñano (K5), Luisa López (sukaldari, jantoki arduraduna, irakaslea eta gastronomía disenatzailea), Lourdes eta Carmen Martínez (Vitivinicola Martínez Zabala), Ana Vega (dibulgatzaile eta kazetari gastronomikoa), Elena Romeo (Gastronomia Zientzietan doktorea), Lara Martín (sukaldari eta Bisubi Fundazinoko presidentea) edo Pili Manterola (Iribar Jatetxeko sukaldaria).
Sukaldariak, ikertzaileak, mahastizainak, dibulgatzaileak, baita abeltzainak, buztingileak, sagardaogileak eta enpresaburuak be: hainbat diziplinatan ibilitakoak eta liburu honetako istorioek lurraldeko aberastasun gastronomikoa islatzen dute, Basque Culinary Centerrek aberastasun hori ulertzen dauen moduan: 360 graduko balio-kate bat, profil profesional askotarikoak batzen baitira ondare parebaoa osotzeko, izan be, euskal emakumeak beti egon dira sukaldeetan, baina baita baserrietako ortuak lantzen, artaldeak larreratzen edo sektore osoen garapena bultzatzen be eta oinarrizko ekarpenak egin ditue sustraiei eusteko eta sukaldaritza-ondarea gordeteko.
50 emakume protagonistetako ia guztiak joango dira gaur arratsaldean (19:15ean) Basque Culinary Centerren egingo dan aurkezpen-ekitaldira: Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburua, Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusia, Imanol Zubelzu Mantalako koordinatzailea eta euskal ekosistema gastronomikoko 200 lagun inguru.
Amaia Barredok autortu dauenez, gaur aurkezten dogun lana oso berezia da niretzat: gure historia maite dauen euskal herritar legez, lehen sektoreko ordezkari instituzional eta emakume lez. Mamiak gure historia gastronomikoaren testigantzea jasoten dau eta protagonistei egindako omenaldia da.
Bestalde, Joxe Mari Aizegak adierazo dauenez, euskal sukaldaritzearen inguruko ezagutzak ez zituan oraindino aztertu bere figura garrantzitsuenetako batzuen historia personal eta profesionala; argitalpen honek istorio inspiratzaile batzuk jasoten ditu, ekintzailetzearen, talentuaren, sormenaren, barrikuntzearen eta lan nekaezinaren erreferenteak be eta istoriook aukerea emoten dabe euskal gastronomiak azken hamarkadetan izandako eboluzinoa zuzen-zuzenean ezagutzeko.
Basque Culinary Center eta Eusko Jaurlaritzaren Hazi Fundazinoa babesle dira Mantalan, euskal gastronomia sustatzea eta lantzea da helburua, gastronomiako eragileen arteko sinergiak sustatzea eta jagoken balioa emotea.
Liburua dagoeneko eskuragarri dago euskeraz eta gaztelaniaz Elkar eta BCC Store dendetan 42 euroan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!