Gontzal Carrasco: 'Zuloagari esker nire mundu biak lotu ditut'

Andoni Mugica Lopez 2024-12-16 08:00   Barriketan

Romualda Zuloaga, panderoaren bidaia hilezkorra liburua kaleratu dau Gontzal Carrasco historialariak eta trikitilariak. Hilaren 29an aurkeztu eban obrea Galdakaon irakurketa kolektiboan; Romualdaren familiak, Bekeako bizilagunek, Andra Mari, Erabide eta Leidu alkarteek zein beste zenbait herritar batu ziralarik.

Euskal Herriko Trikitixa Alkarteagaz batera egindako obrea da eta Romualda Zuloaga trikitilariaren bizitzako gorabeherak jorratzen ditu. Alkartearen Soinuraren Liburutegia bildumako 17. alea da.

1.- Zorionak Gontzal! Romualda Zuloagari buruzko liburua argitarau dozu. Zelan sentiduten zara?

Oso pozik, izan be, betidanik izan dot gogoko liburuak irakurtea eta idaztea. Halanda ze, hau da lortu dodan lehen argitalpena. Ilusino eta maitasun handiz egindako proiektua izan da. Argitaratuta eta esku artean eukitea, kriston sensazinoa izan da niretzat.

2.- Zelakoa izan da sortze prozesua?

Nahiko denpora gitxi izan dot. Biografia bat danez, eta ni historialaria nazenez, lana berezkoa izan da. Ez neban esango gatxa izan danik, baina, denpora aldetik, oso intensoa izan da prozesua. Datuak landu ondoren, nire ikerketakaz lotu ditut, holan sortu da liburua. Dibulgazinotik asko edaten dau; halanda ze, alkarteak, literatura aldera eroan nahi eban liburua, baina, nik, ikerketatik eroan dot, izan be, ikerlaria naz.

3.- Ikerlaria izateaz gan, trikitilaria be zara Zuloaga bezela. Hori izan da eragilea liburua idazteko?

Euskal Herriko Trikitixa Alkarteagaz batera egin dodan proiektu hau, bien arteko gauzea izan da; alkarlanean proponidutakoa esango neuke. Ganera, nire mundu biak lotu dodaz liburuagaz, Trikitixea, trikitilaria nazelako eta ikerketea, ikerlaria be banazelako. Esangura horretan, proiektu borobila izan da.

4.- Romualda Zuloaga, panderoaren bidaia hilezkorra izenburua jarri deutsazu liburuari. Zergaitik? Biak al dira hilezkorrak, Zuloaga eta panderoa?

Kontu polita da. Panderoaren bidaia hilezkorra hiru berba dira eta hiru esanahi ditue:

  • Panderoa: Romualdak berak joten eban eta azkenean, trikitixan inguruan berba egiten dogunean, musika tresna hori etorten jaku burura. Askotan, bigarren maila batean geratzen dala emoten dau. Ez dau izan inoiz soinu txikiak hartzen dauen protagonismoa.
  • Bidaia: konsultau nituan iturri danek zehazten dabe persona oso alaia zala eta pandereoa modu oso personelean joten ebala. Beste alde batetik, Frankoren garaian joten eban emakumea zan eta garai horretan, ez ziran existiduten Plaza Emakumeak. Plaza Gizon kontzeptua lehen eta orain existiduten da. Emakumeena, barriz, gaur egun zabaltzen dabilen arren, orain dala hamarkada gitxiko gauzea da. Halanda ze, sasoi haretan, andrak euren generoko roleran arabera egozan, esaterako, umeak jagoten. Horregaitik dinot, Romualdak bidea edo bidaia egin ebala. Ganera, gatxa izan arren, aitatzekoa da 60. hamarkadan kanporako bidaietan eroaten ebala trikitixea, euskerea eta euskal kulturea erakusteko.
  • Hilezkorra: hilezkorra dinot oso gazte hil zalako; 58 urtegaz, 1971ko maiatzaren 4an hain zuzen be. Berba horregaz, hilda ez dagoala eta oso alaia zala erakutsi gura dot. Halanda ze, nire eretxiz, tituluari borobiltasuna emoten deutso.

5.- Dokumentazinoari jagokonez, zelan arreglau zara?

Dokumentazinoa ez da izan oso oparoa Romualda emakumea zalako. Halanda ze, emakumeen inguruan informazino askorik ez dago; ez trikilitari munduan ezta, esaterako, bertsolarie munduan be (eta baegozan).

Beraz, iturri bi erabili dodaz; dokumentalak eta ahozkoak. Dokumentalak oso gitxi dira horren inguruan, gehienak gizonen ingurukoak. Beraz, gizonenei bideratutako kasuetan egon naz Romualdari buruzko informazinoa topetan. Ahozkoei jagokonez, oparoagoak izan dira, hortik atara dot eta liburuaren informazinoa. Izan be, ha ezagutuko eben personen berbak hartu dodaz, esaterako, haren alabearena eta lobearenak. Hori da, liburuaren mamina.

6.- Romualda Zuloaga emakume pandero-jole lehenengoetako bat da. Zerk harritu zaitu gehien haren istorioari buruz?

Gehien harritzen nauena da haren balentia. Emakume izanda, lotsa eta bildur barik ibilten zan. Sasoi haretan emakume bat joten ikustea oso arraroa zan. Euskal kulturearen arloan egin ebanak be harritu nau, izan be, euskereari eutsi eutson. Galdakao garai haretan, 60. hamarkadean, Bilboko industrializazino gune bihurtu eta estadudik jente asko etorri zan lanera. Beraz, euskerea galtzen hasi zan Galdakao baten, berak euskereari eta euskal kultureari eutsi eutson. Ez hori bakarrik, zapalduta egoan kultura hori kanpora eroan eban. Hori azpimarratu gura izan dot.

7.- Liburuaz gan, diskoa be kaleratu dozue ezta?

Bai, liburua Soinuraren Liburutegia egitasmoaren barruan dago. Beraz, beti be, liburuaz gan, diskoa kaleratzen dogu. Horri jagokonez, barriro be azpimarratu gura dot: gizonezko trikitilarien kasuan, hainbeste diranez, abesti guztiak ez dira sartzen, halanda ze, elegidu egin behar dira. Romualdaren kasuan, zazpi abesti bakarrik zituan grabauta. Beraz, abesti horrek baino ez dagoz diskoan.

Ganera, Albokeagaz grabau zan lehenengo diskoa izan zan, Alboka; Bailables vascos izenekoa. Horrezaz gan, Euskal Mesak izeneko disko be partu hartu eban.

8.- Zelan ikusten dozu tritixearen egoerea gaur egun?

Beti egiten deustien galderea [Barreka]. Uste dot trikitixearen zabalkundetik, 60. hamarkadetik aurrera hain zuzen be, beti egiten dan galderea dala.

Zabalkunde hori eta gero, 90. hamarkadean, emoten eban trikitixeagaz dana eginda egoala. Baina, ikusi da ezetz. Ez dakit zelan definidu oso ondo, baina intsrumendu edo musika tresna kultural oso zabala, anitza, esparru askotan entzuten doguna eta gure kulturan eta nortasunean oso sartuta dagoan gauzea da. Ganera, talde eta estilo ugari daukaguz horren inguruan, beraz, oraindino be, arrakasta handian daukan instrumendua dala pentsetan dot; erakusten dauan aniztasun horregaitik eta mundu guztia pozteko gaitasunagaitik. Ganera, formatu ugari eskaintzen ditu: tradizinonala, elektronikeagaz buztartuz, rockean be entzuten da...

Beraz, trikitixearen egoerea gaur egun sano dogula pentsetan dot. Arabere gehiago, beti egon dala sano esango neuke, behintzat 90. hamarkadatik hona.

9.- Etorkizunean, zeintzuk dira eskuartean dozuzan erronkak?

Lehen aitatu dodanez, ikerlaria naz eta doktorego tesia egiten nago, trikitixearen inguruan. Bertan, trikitixearen iruditegi kolektiboaren garapen historikoa aztertzen dot; frankismotik gaur egunera. Horren arteko azterketa konparatibo bat egiteko asmoz.

Horrezaz gan, beste proiektu batzuk be badituit esku artean, esaterako, gai horren harian artikulu bat idazten nago, gerra zibila baino lehen kokatzen dana: trikitixea Euskal Herrira heldu zan garaitik, 19. mendetik, frankismora arte.

Ganera, talde bitan joten dot: Oxabi eta Arrapaladan.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu