Euskadiko Filmategiak 'Nafarroako ikazkinak - Carboneros de Navarra-' filma zaharbarritu dau
2024-12-11 12:27 ZinemeaMontxo Armendarizek aurkeztuko dau Donostian, Tasio filmagaz batera.
Euskadiko Filmategiaren Konserbazino sailak lehen zaharbarritze-proiektua amaitu dau: Montxo Armendarizek 1981ean zuzendutako Nafarrako ikazkinak –Carboneros de Navarra- dokumentala. Lan horren azken bersinoa abenduaren 15ean (domekan) aurkeztuko da jentaurrean. Tabakaleran (Donostia) izango da, 19:00retan eta proiekzino berezia izango da; Tasio (1984) be emongo da eta errealizadore nafarra be bertan izango da. Ganera, Artium Museoan (Gasteiz) egingo dabe emonaldi bikotxa, abenduaren 22an (domekan), 19:00retan.
Nafarrako ikazkinak –Carboneros de Navarra- zaharbarritzeko lanak Spinner S eskanerragaz egin dira. Euskadiko Filmategiak 2023ko amaieran eskuratu eban MWA enpresa alemaniarraren ekipo aurreratua, lehiaketa publiko baten bidez eta Eusko Jaurlaritzearen finantziazinoagaz. Aparatu horrek formatu guztietan digitalizau leike eta 13,5 K arteko kalidadea lortzen dau. Ezaugarri horreei esker, zehaztasun handienakaz digitalizau eta zaharbarritu ahal izan dira fotogramak eta soinuak.
Dokumentalak Nafarroako mendietako azken ikazkinen bizitzea erakusten dau, halanda ze, Lokiz mendilerroko tradizinoen eta giza paisajearen testigantza da. Filma egiten egoala, zuzendari nafarrak Anastasio Ochoa ezagutu eban, Tasio (1984) filmeko personaia nagusia.
Lan horrek inflexino-puntu bat marketan dau euskal ikus-entzunezkoen ondarea konserbetako zereginean eta Euskadiko Filmategiak bertoko memoria filmikoa jagoteko eta zabaltzeko dauen konpromisoa berresten dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!