Miguel de Unamuno Saiakerea eta Blas de Otero-Angela Figuera Poesia sariak banatu ditue
2024-12-11 09:29 KultureaHelburuak dira, izena emoten deutsen idazleen akordua eta lanak bizirik eustea.
XVII. Blas de Otero - Angela Figuera Poesia Sariak eta XXV. Miguel de Unamuno Saiakera Sariak banatu ditue Bilboko Udaletxeko Arabiar Aretoan. Juan Mari Aburto Bilboko alkatea izan da ekitaldiko buru, Gonzalo Olabarria Kultura eta Gobernantzako zinegotziagaz, sarituekaz eta epaimahaikide bikaz batera.
Helburuak dira, izena emoten deutsen idazleen akordua eta lanak bizirik eustea. Literatur jarduerea eta talentu barrien agerpena sustatzeaz gan, 2023-2033 Bilboko Kultura Plan Estrategikoaren barruan sartzen da.
Blas de Otero - Ánguela Figuera poesia lehiaketea
Blas de Otero-Angela Figuera 2024 Poesia Sariak lehiaketara aurkeztu diran Euskadiko, Estaduko, Europako eta Latinoamerikako lanen parte-hartze handia izan dau barriro. Guztira, 1.000 lan baino gehiago aurkeztu dira, aurreko urtean baino 200 gehiago.
Parte-hartzaile kopuruaz gan, lanen kalidade maila eta gai eta estilo aniztasuna azpimarratu behar da. Aurkeztu diran lan argitabakoen artean, korronte klasikoak, azken joerak eta abangoardia poetikoak egon dira.
Kontuak kontu, Blas de Otero – Angela Figuera Poesia Sarien XVII. edizinoko saridun nagusia David López Sandoval izan da, Arte Menor lanagaitik, gaztelaniako modalidadean. Egile kordobarra Hispaniar Filologian doktorea da Murtziako Unibersidadean, eta Gaztelania eta Literatura irakasten ditu.
Epaimahaiak, jakinduria poetikoz betetako lana dala adierazo dau, tradizinoa naturaltasunez jartzen dakiana eta kantu bihurtzen diran eta gai unibersal handiak jorratzen dituen poemetan trebetasun erritmikoa erakusten dauena.
Euskerazko modalidadean, Iban Garro Alzuri izan da saritua, Euri Beroak lanagaitik. Epaimahaiak azpimarrau dauenez, poema liburua oso ondo egituratuta dago, tonu eta erritmo egokietan. Nabarmentzeko da be, haren originaltasuna prosa poetikoa eta lirikea buztartzen dituanean eta egileak ironiaren eta itxaropenik ezaren arteko jolasa eusten dauen hizkuntza poetikoa erabilten dauenean.
Kimikan lizentziatua Donostiako Euskal Herriko Unibersidadean, Iban Garro hainbat poesia-lanen egilea da. Larrosa bat Groenlandian lanagaz Iruñea Hiria saria irabazi eban 2023an.
Sari biak, 5.500 eurokoak dira modalidade bakotxeko.
Miguel de Unamuno Saiakera Lehiaketea
Miguel de Unamuno Saiakera Lehiaketearen XXV. edizinoan, gaztelaniako 149 lan aurkeztu dira guztira.
Jorge Fernández Gonzaloren Paradigmas migrantes. Estéticas y experiencias migratorias de mujeres saiakerea izan da irabazlea gaztelaniako modalidadean. Sormena eta lanaren ikuspegia erabakigarriak izan dira epaimahaiak saiakera hori saritzeko orduan. Epaimahaiak, ganera, bost ataletan egiturautako lan baten interesa eta gaurkotasuna baloratu ditu.
Jorge Fernández Gonzalo Filologia Hispanikoan (UCM) eta Filosofian (UAM) doktorea da, gaur egun Filosofiako irakaslea Madrilgo Complutense Unibersidadean. Saiakera-egile gisa, filosofia, soziologia eta teoria literarioko dozena bat liburu baino gehiago argitarau ditu. Ganera, hamar poema-libururen egilea da.
7 saiakera aurkeztu diran euskerazko modalidadean Mitxelko Uranga Álvarezek jaso dau saria, Emognosioa Egia-ostea, Konspiranoia eta negazionismoa lanagaitik. Epaimahaiak egindako balorazinoaren arabera, gaurkotasun handiko gai bati eusten jako eta, ganera, gaiari buruzko hausnarketa sakona egiten da hainbat errekursoren bidez.
Filosofian doktorea, Mitxelko Urangak diziplina hau irakasten dau Bigarren Hezkuntzean eta masterreko irakaslea da Udako Euskal Unibersidadean. Hainbat saiakera argitaratu ditu, baita lan poetikoa be.
Kasu horretan, egile biek 6.000 euroko saria jasoko dabe eta euren saiakerak argitaratu egingo dira.
Gabriel Aristi Ipuin Lehiaketea
Joan dan urrian banatu ziran Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketako sariei gehitu behar jakie sari horreek. Literatur sorkuntza sustatzea dabe helburu eta aldi berean, garai hartako euskal idazle bikainenetako baten bizitzea eta lana ezagutarazoten laguntzen dau, euskerazko poesiaren barritzaile nagusia baita.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!