Ikerlari Gazteen Sariketea martxan dago
2024-12-10 09:01 KultureaLana aurkezteko, 2025eko bagilaren 15era artea epea izango da.
Gerediaga Alkarteak Durangaldeko ondarea, historia, kulturea eta gizartea jagoteko eta ikerketea zaletasuna eskualdeko gazteen artean bultzatzeko helburuagaz sortu eban 2022an Durangaldeko Ikerlari Barrien Saria. Orain, laugarren deialdia martxan jarri dau.
Euskerazko ikerketea eta dibulgazino lanak sustatu eta ezagutzera emongo dira. Deialdiam kategoria bakarra izango da. 35 urtera arteko gazteek parte hartu ahalko dabe eta sari bakarra izango da, 1500 eurokoa. Ganera, Astola aldizkarian ikerketa lanaren laburpena argitaratzeko aukerea emongo jako irabazleari.
Ikerketa gaia edo arloa Durangaldean kokatutakoa izan behar da. Beraz, edozein jakintza-arlotako ikerketea, sormen edo dibulgazino lana izan daiteke, besteak beste: historia, gizartea, kulturea, hizkuntzea, ekonomia, ondarea, lurraldea, turismoa, musikea. Lana euskera hutsean aurkeztu behar da. Jatorrizko lana aurkezteaz gan, lau formatutan aurkezteko aukerea dago: artikulua, poster akademikoa, ikus-entzunezkoa edo podcasta.
Bakarkako lana edo talde lana izan daiteke. Hori bai, eskatzailea Durangaldean bizi edo ikastea ezinbesteko baldintzea izango da. Talde lana bada, taldeko kide batek gitxienez bete beharko dau baldintzea.
2025eko bagilaren 15era arte egongo da lanak aurkezteko epea. Lanak gerediaga@gerediaga.eus helbide elektronikora bidali beharko dira.
Egitasmoak Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoaren babesa dauka.
Aurreko deialdietako irabazleak
Lehenengo edizinoan, gazteenen kategorian ikus-entzunezko bi saritu ziran: Peio Martin Estevez ( Zornotza), Elkarrizketa amamarekin eta Ibone Gomez Tamayo (Zaldibar), Euskal bidaiariak. Nagusien kategorian, Ibaizabal ibaiaren Goi-Arroko landa-paisajearen bilakaerea aztertzen dauen idatzizko ikerketa-lana izan zan irabazle: Adrian Burgada Ereño (Durango), Ibaizabal ibaia.
Bigarren edizinoan, lan bik jaso eben saria: Gazteenen kategorian Jokin Camarero Garaik (Durango) idatzitako Durangadeko Mitologia lana. 19 urtetik gorakoen kategorian, barriz, Otxandion izan zan Garavilla S. A. arrain kontserba fabrikari buruzko ikerlana, Xixili Bengoetxea Llonak (Otxandio) idatzita.
Hirugarren edizinoan, lan bakarrak jaso eban saria: Marta Calvo Larraldek (Durango) Abadiñoko Nuestra Señora de Begoña barnetegia frankismoaren ongintza sistemaren hastapenetan lanagaitik.
Konsultau oinarriak hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!