Bulego taldeak jarriko deutso soinu bandea Euskaraldiari
2024-12-06 12:55 MusikeaEntzun hemen Gure Bihotzaren Taupadak abestia.
Durangoko Azokako Talaia areto nagusian aurkeztu dabe Euskaraldiaren laugarren edizinoaren kantea. Gure Bihotzaren Taupadak izenburupean, Euskaraldiaren izaereagaz bat egiten duen kantea sortu dabe, edonork entzuteko moduko abesti herrikoia.
Euskaraldiko koordinatzailea Goiatz Urkijok eta Bulegoko Tomas Lizarazuk, Xabi Arrietak eta Ruben Lizarraldek hartu dabe parte ekitaldian. Tomas Lizarazu taldeko abeslariak emon dau kantearen eta prozesuaren barri, euskera hutsean sortzen eta abesten dauen proiektu bat izanik, gure nortasunaren bereizgarri garrantzitsuenetako bat da hizkuntzea bera.
Euskal Herrian jarduteaz gan, atzerrian be euskeraz abestuta bidea egitea posible dala erakutsi dabe eta kanporako joera horrek euskerearen garrantzia berretsi dau taldearengan: uste guztien kontra ikusi dogu gure hizkuntzea dala atzerrira joaten garenean beste talde batzuen aurrean bereizten deuskun ezaugarri garrantzitsuenetako bat, deutso Lizarazuk.
Sortze prozesua
Abestiaren sorkuntzak lan handia eskatu deutsela autortu dabe, alkarrizketa eta irakurketa asko egin doguz Euskaraldiaren bueltan. Ariketearen mezu eta helburuagaz bat egiten eben lan bat egin nahi genduan, halanda ze, euskerearen egoera hobetzeko bidean abestiak ekarpen bat egitea.
Musikeari jagokonez, Euskaraldiaren izaeragaz bat egiteko asmoz, edonork entzuteko moduko abesti herrikoi bat sortzea izan da helburuetako bat.
Kanta Zestoako Gaztain estudiotan grabau da eta bideoklipa Cosmictree produkzino-etxeak egin dau, Mey Monteroren zuzendaritzapean.
Hizkuntza gitxitua izanik, edozein arlotan bultzadea emotea ezinbestekoa da, azpimarratu dau Lizarazuk.
Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzaileak, bere aldetik, Bulego taldearen prestutasuna eta ekimenari hasieratik egindako harrerea nabarmendu ditu: Bulegok eta Euskaraldiak hasieratik egin dabe bat. Sekulakoa izan da eurekaz lan egitea; eta oso kantu polita egin dabe ganera.
Izen-emoteak, martxan
Euskaraldiko koordinazinoko kideek gogorarazo dabe herrien izen emotea edegita dagoala, Euskaraldia euren herrietan atondu nahi dabenek izena emon deien. Ganera, Euskaraldian parte hartu nahi daben entidadeek be izena emoteko aukerea dabe Euskaraldiko webgunean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!