Txorierriko 14 enpresek euskereagaz konpromisoa hartu dabe Habia proiektuan
2024-12-05 07:52 Euskerea berbagaiEskualdean euskerearen erabilerea lan arloan bultzatzeko lankidetza sarera batu dira.
Txorierriko eskualdeko sektore guztietako 12 enpresak eta Lanbide Heziketako 2 ikastetxek euskerearen eguneroko erabilerea bultzatzeko konpromisoa hartu dabe, Habia egitasmoagaz bat eginez. Txorierri Zerbitzu Mankomunidadeak, Eusko Jaurlaritzearen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesari esker, bultzatutako ekimena eskualdean sortu da ekosistema egoki bat sortzeko, euskerearen erabilerea lan-eremuan aktibetako, enpresei beren ibilbidea diseinetan laguntzeko eta konpromiso horretara enpresa gehiago erakarteko erronkeagaz.
Proiektua Kultur Birikan (Derio) aurkeztu dabe bart eta bertan izan dira Sonia Rodriguez Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Sailburuordetzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinazinoko zuzendaria, Ainara Basurko Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko diputadua, Isaac Amezaga Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera zuzendaria, Txorierriko alkateak eta Jon Ander Aurrekoetxea Txorierriko Zerbitzu Mankomunidadeko presidentea eta Lezamako alkatea. Azken horrek eskerrak eman deutsee
enpresei euskerearen aurrean erakutsitako konpromisoagaitik eta erakundeei ekimenari emondako laguntzeagaitik.
Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko diputaduak euskereak enpresa munduan dauen balio erantsia azpimarratu dau eta euskerearen kudeaketa onak enpresen lehiakortasunean eragiten dauela be adierazo dau.
HABIA sektore guztietako 12 enpresaren eta Lanbide Heziketako ikastetxe biren atxikipenagaz sortu da. Azken hilebeteotan Ahize-AEK enpresako teknikariakaz lanean ibili dira euskerearen aurrean konpromisoa helburu zehatzetan gauzatzeko, lan-eremuan euskerearen erabileran aurrera egin ahal izateko: "enpresa bakotxak bere ibilbidea eta abiadurea ditu eta enpresa bakotxaren neurrira egindako jantziakaz lan egingo da", azaldu dabe arduradunek.
Proiektuak eguneroko lanean euskerea erabilten daben enpresen sare bat sortu nahi dau, jardunbide egokiak konpartidu eta konpromiso horregaz bat egin nahi daben enpresa barrientzako eredu eta pizgarri izateko.
Proiektura batu diran enpresak:
- Aberekin.
- Afesa.
- Azurmendi.
- Batz Zamudio.
- Biolan.
- Biwak.
- Lantegi Batuak.
- Lorra.
- Naguspea.
- Ondoan.
- Patxikoop.
- Skunkfunk.
- 1Nekazaritza Eskola.
- Politeknika Txorierri.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!