Arantzazu Loidik jantziko deutso txapela txapeldunari

Bizkaie! 2024-12-04 12:14   Bertsolaritzea

Patxi Goikoleak emongo dau 25 urtez azpiko bertsolari onenaren saria.

Patxi Goikolea eta Arantzazu Loidi. | Ikusi handiago | Argazki originala

Ikasle eta irakasle, lehen bertso-eskolako ordezkariak dira Loidi eta Goikolea.

Bertso mundua jazoera batek ardaztu dau aurten, umeen lehen bertso-eskolearen sorrerearen 50. urteurrenak. Almeneko bertso-eskolearen urteurrenak txapelketea izan dau eszenatoki nagusi, lehen bertso-eskola horri omenaldia egin nahi izan baiteutso txapelketeak, eta ez da gitxiagorako izango finala. Arantzazu Loidi Almeneko Bertso Eskolako ikasle izan zan, eta Patxi Goikolea izan eban irakasle; biak izango dira oholtzan abenduaren 14an: Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako irabazleari txapela jantziko deutso Loidik, eta 25 urtez azpiko bertsolari onenari saria emon Goikoleak.

Arantzazu Loidi

Aretxabaletan jaioa, azken hamarkadetako bertsolaritzako izen propioa. Lehen umeen bertso-eskola haretako kide, bertsolaritzearen alde eta ertz ugari bizi izan ditu: hasi bertsoak kantetan eta berauek ikertu be egin izan ditu, gaiak jarrik eta epaitu. Lehen plazea gazterik egin eban, artean neskatilea zala, eta berau zen bakarra: bere belaunaldian plazarako saltoa emon eban lehenengo emakumea izan zen, eta izentapen horrek ardaztu eban bere ibilbidea.

1982an izan zan lehen plaza hori, Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketan eta handik hiru urtera jantzi eban txapelketa horretako txapela; bat-batean zein idatziz. Plaza ugari egin zituan hurrengo urteetan, baita sariketak be: 1991ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan parte hartu eban eta horixe izan zan bere azkena, 1993an plazako jarduna itxi baitzeban.

Plazea baztertu arren, ez zan bertsolaritzatik urrundu: hamarkada luzez ibili zan gai-jartzaile eta epaile lanetan, Gipuzkoako zein Euskal Herri mailako ekimenetan. Bertsolaritzearen inguruko ikerketa bi be plazaratu zituan, bertso-eskolei eta hedabideei buruzkoak.

Loidi eta bere belaunaldi kideak hauspotzen ibili zan Goikolea, Joanito Akixu eta Xanti Iparragirregaz batera. Hirurak batu eta Debagoienako bertsozaletasuna hauspotzeko ardurea hartu eben eta bai lortu be. 1974ko zapatu goizetan batzen ziran bertso zaharrak abesteko: 125 umek emon eben izena. Handik, bertso-eskolan jarraitzeko interesa eben ikasleakaz Apotzagako alkartera pasau ziran.

Patxi Goikolea

Hirukote horrek emondako pausoa aitzindaria izan zan, proiektua hartu eta lurralde osoko ikastoletara zabaldu baitzeban Gipuzkoako Ikastolen mobimentuak, gaur egungo Bertsozale Alkartearen hezkuntza arautuko programearen lehen pausoa.

Goikoleak epailetzan egin eban ibilbidea Euskal Herriko zein Gipuzkoako txapelketetan, epailetzako lehen erispideak zehazten be egin eban lan. Gazte mailako zenbait sariketatan ibili da epaile, bere pasinoa, belaunaldi barrien aurrean transmisinoari eutsiz.

Abenduaren 14an Donostiako oholtzan izango dira Loidi eta Goikolea, Goikolea eta Loidi: ikaslea eta irakaslea. Lehen bertso-eskola haren ordezkari eta aurrerago sortutako Gipuzkoako bertso mobimentuaren lehen kimu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu