Getxok Adierazpen Instituzionala onartu dau, Euskerearen Nazinoarteko Egunean

Bizkaie! 2024-12-03 13:46   Euskerea berbagai

Bat, bi... ehun. Euskerearen geroa ehunduz goiburupean.

Euskerearen Nazinoarteko Eguna gaur, abenduak 3, ospatzen dala eta, Udaleko Bozeroaleen Batzordeak, Amaia Agirre alkatea buru dala, Adierazpen Instituzionala onartu dau EAJ/PNV, PP, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos taldeen aldeko botoekaz eta EH Bilduren kontrakoagaz. Jarraian testu osoa:

Bat, bi...ehun! Euskerearen Geroa ehunduz

Euskerearen ehuntze-komunidadea.
Etenik gabe ekinean dabilen euskerearen eragile nagusia.

Bat, eta bat, eta bat, eta beste bat... bi, gehi beste bat... gehiketea da gaigintzea, txirikordan dagozen harien ehuna sortzen dogun bat eta bakar kolektiboak. Gaigintza da gehiketea kolektibo txirikordatua. Ehungintzearen artea. Ehundarron mobimendia. Ari eta ari, hariak gurutzatuz bidegurutzeetan. Ebakidura eta loturak hari fin edo lodien artean. Gorri, urdin edo zuriak... bat eta bakotxa bere-berea alkarri begira. Korapiloak, alkargune. Bakotxa nor berea, nortasuna eta bakar. Hari sendo eta ahul. Hari zahar edo barri. Ez deusa bakarrik, eta osoa, batera. Ehun! Guztion artean ehuna!

Ehundegi bat gara, bakartasunak batuz, gurutzau eta korapilatuz gagozen hari luze-laburren ehungile artisauak. Ixte zein edegite. Korapilo, lotura eta askatzeak. Eskuaren tenkatze eta lasaialdiaren mobimendua gara. Euskerearen ehundegia. Garen geroaren ehundegia. Zaharra da euskerearen ehundegia. Hariz hari, hariak eta hariak batuz ekinean ibili izan garen herritar eta euskaltzaleak iragana bezainbat gara oraina. Euskara dogunak bezainbat oraindik ez dabenak. Euskerearen aldekotasunak hainbat hizkuntza ditu, hiztun mota ugari gara eta guztiok osotzen dogu euskerearen ehuna.

Euskerearen aldeko ekinek ehunka egun eta urtetan iraun dabe geldialdirik gabe bidegile eta bidelagun ekintzaileei esker. Euskerearen hurrengotaratzearen katebegigileak izan dira. Ezinbestean, euskereak bidegileak behar izan ditualako. Bidelagun nekatuezinak, kolektiboa. Ekintza eta taldetasuna osotu daben euskaltzaleak. Amesa, olgeta eta saretzea egia bihurtu daben talde eta mugimendu eragileak gara ehundegi honetako protagonista nagusiak.

Bat, eta bat... eta beste bat... bi eta bi, eta beste bat. Baina bi edo bat, eta bat. Agian, beste bat. Edo, agian, bat eta erdi bat. Halanda be, euskereari emonak garen kolektiboaren marrazkia urteten dan ehunean, ekina ahultzen ari da. Harien tenkatze eta lasatzea, mobimendua bakantzen sumetan dogu mundu globalaren erritmoetan. Ezina. Ekinari eutsi eta emon ezina. Korapilo haundi samar bat ehunean kateatuta. Tenkatze lan minbera sortzen dauena eskuetan. Multzoaren ixtearen ondoriozko hustea. Hutsunea ageri da ehunean. Marrazkiaren zulo txikia. Gizartearen ardurea kolektiboa besterentzen dabilen unean, taldetasuna eta ekintzailetza gero eta urrunago suertatzen ari da, eta ehunean bada zulo bat, bete ezin doguna. Eskua ekinera iristen ez dan ez-leku hori agertzen da gure begietan.

Bai. Agertzen da hutsartea euskerearen ehunean eta gabiltza ekinean hari-gurutzeak osotuz, korapiloak handitu eta lasaituz. Kolorez kolore. Ehundura osotuz. Ilaraz ilara, alkar gurutzatuz. Alkar sendotuz. Euskerearen ehun zulatua eder bilakatuz, gertu zein urrutiko begiratuan. Zuloa, hari etena eta nahastura be bagarelako. Euskerearen ehundegian, baina, ekina da jarraipena. Ekina da artez bizirautea. Mobimendu soziala. Erakunde publiko, alkarte, langile eta etxekoak. Euskerearen aldeko mobimendua gara. Euskereari emonak eta esker ekinean nor izan nahi dogunak. Euskerearen ehundegia gara. Garen geroaren ehungailu etenbakoak.

Euskerearen egunean, ehungile garen erakunde publikoei eta gizarte eragileei eupada handi bat zor deutsagu. Geldialdiarik bako bidea da euskerearen indarberritzearen bizitzae eta ekinean gagozen ardurea alkarren autortza eginez, gure erronka barriei erantzuteko baldintza barriak sortzea.

Euskerearen ehuntze ariketea guztion ardurea da. Erakunde publikoona eta gizarte eragileona. Ekina ezinbestekoa da. Euskereak mobimendua behar dau, bere-berea dauen bizia eutsi eta geroz eta biziagoa izateko; euskerearen distirak aniztasunetik guztiok zipriztindutzeko.

Euskerea guztiona da. Hemen gagozen eta etorriko diran guztiona. Irabaz daigun alkarregaz euskerearen bidea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu