Bizkaiko egoitzetan bertsolaritzea erabili nahi da edadeko personentzako terapiatzat
2024-12-03 12:35 BertsolaritzeaUdal egoitzek, Bizkaiko Foru Aldundiaren eskutik, Bertso Ardatz ekimena abiarazo dabe.
Bizkaiko Foru Aldundiak, edadeko personentzako 12 udal-egoitzakaz lankidetzan, Bertso Ardatz kultura-ekimena jarri dau martxan. Ekimenaren helburua da egoiliarren bizi-kalidadea eta gaitasun psikoemozionalak bertsolaritzearen bidez hobetzea, hau da, euskal kulturearen adierazpiderik esanguratsuenetako baten bidez.
Leixuri Arrizabalaga Euskera, Kultura eta Kiroleko diputadua eta Amaia Antxustegi Gizarte Ekintzako diputadua Durangoko udal-egoitzan egon dira gaur, Nerea Ibarzabal eta Ander Elortegi bertsolariek gidatu daben saioan.
Leixuri Arrizabalagak ondokoa adierazo dau: bertsolaritzea eta euskerea gure kulturearen oinarrizko zutabeak dira eta edadekoen bizitzea hobetzeko balio badabe, hori ona da gizarte osoarentzat.
Bestalde, Amaia Antxustegik adierazo dauenez, saio horreetan gomutak eta bizipenak datoz burura eta, gainera, konfidantzazko jai-giroa sortzen da egoiliarren, bertsolarien eta egoitzako langileen artean; horrek barruko-hartu-emonak hobetzen ditu eta oso onuragarria da maila emozionalean eta kognitiboan.
Hamabi egoitza dagoz parte hartzen Bertso Ardatzen
Foru Aldundiak lurraldeko udal egoitzei eskainitako ekimena ondoko herrietako egoitzetan lantzen dabiz: Gernika, Dima, Orozko, Ondarroa, Zeberio, Lekeitio, Durango, Otxandio, Leioa, Bermeo, Sondika eta Amorebieta-Etxanon.
Saio bakotxean eskualde bereko bertsolari bik hartzen dabe parte eta esperientzia aberasteko, bertsolariak belaunaldi ezbardinetakoak dira eta aldez aurretik, zentroetako dinamizazino-langileek aztertzen dabe zer bertso zahar eta herri-kantu gustetan jaken gehien egoiliarrei, holan, esperientzia personalizatuagoa eta esanguratsuagoa izango da.
Bertso Ardatz saioek onura ugari ditue
Egoiliarren osasun psikoemozionala hobetzen dabe.
Depresinoari eta holakoei musikearen bidez aurre egiten laguntzen dabe.
Personen arteko interakzinoa sustatzen dabe, bizipenak konpartiduteko espazioak sortuz.
Egoiliarren, zentroetako langileen eta bertsolarien arteko loturea indartzen dabe.
Bertsolaritzeak euskal kulturearen protagonista aktibo bihurtzen ditu egoitzan bizi diran personak, ikuspuntu ludikoa, eta euren parte-hartzea eta ongizatea sustatzen dau.
Hasierako balorazino positiboak
Lehenengo saioak Leioan, Ondarroan, Orozkon eta Otxandion egin dira eta oso balorazino onak jaso ditue langileen, zentroetako zuzendaritzearen eta egoiliarren aldetik eta motibazino eta konfidantza-giroa nabarmendu dabe. Abenduan, saio gehiago egingo dira ekimen honetan parte hartzen duaben gainerako egoitzetan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!