Rakel Mateo triatleta paralinpiko bizkaitarra eta Aitor Alapont enpresaria irabazle
2024-12-03 09:44 KultureaSaritu bien konpromiso soziala eta lan profesionala autortu da.
Gazte Role Model Saria, Begoñazpi Bilboko ikastoleak konpromiso soziala eta balio profesionalak autortzeko urtero emoten dauan saria, Rakel Mateo triatleta bizkaitarrak, Parisko 2024ko paratriatloian hamargarrenak eta Aitor Alapont enpresariak, P4Q multinazional bizkaitarraren sortzaileetako batek jasoko ditue. Abenduaren 4an, arratsaldeko 18:30etan, Bilboko ikastolan egingo dan (Jesús Galíndez 15, -Txurdinaga- Bilbo) ekitaldian; bertan izango dira, besteak beste, Ainara Basurko Ekonomi Sustapenerako foru diputadua, Lucia Torrealday Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuordea eta Bilboko Udaleko ordezkari bat.
Rakel Mateok gizarte konpromisoa kategoriari jagokon saria jasoko dau. Aitor Alapontek, barriz, ekintzailetza kategoriari jagokona. Sari bi honeek dira ezagutza eta esker ona aintzat hartzen dabenak.
Euskadiko bizitza profesionaleko eta sozialeko zazpi kide garrantzitsuk osotutako epaimahaiak, alde batetik, Rakel Mateo Uriarte (Mungia, 1975) triatleta paralinpikoaren dedikazinoa, ahalegina eta etenik bako gainditzea azpimarratu ditu, konpromiso, erantzukizun eta lanaren eredu.
Mateok paralisia izan eban ezkerreko hankan 2001ean izandako istripu baten ondorioz. 100 kiloko pieza bat erori jakon hankan supermerkatu batean lanean ebilela. Horren ondorioz, lesino neuropatikoak geratu jakozan. Dinoenez, hortik aurrera, minagaz egunero biziten ikasi behar izan eban. Horri guztiari anorexia-aldi bat gehitu behar jako, hori be gainditu eban. Pixkanaka, nazinoarteko txapelketetan lehiatzen eta dominak irabazten hasi zan, 2016an Rio de Janeiron Udako Paralinpiar Jokoetan lehen aldiz parte hartu eban arte. Ondoren, Tokio 2020an eta Paris 2024an, hamargarren postua lortuz.
Epaimahaiak, beraz, zoritxarraren aurrean dauan indarra, eten barik gainditzeko dauen gaitasuna, bizitzearen aurreko jarrerea eta gogoa, pasinoa nabarmentzen jakoz Mateori eta, horregaitik, gaur egungo gazteentzat eredu bikaina dala uste dau.
Beste alde batetik, Aitor Alapont, Alonsotegin egoitzea dauen P4Q multinazional bizkaitarraren fundatzaile eta CEOaren kasuan, epaimahaiak ingurumenagazko eta personakazko konpromisoa, balore humanistak, dedikazino eta jardín profesionala azpimarratu ditu, izan be, zuzentzen dauen enpresea, P4Q, elektronikearen multinazional bat da, Euskadin, Estadu Batuetan eta Txinan lantegiak dituana, ia 400 personako plantilleagaz eta 90 miloe euroko fakturazinoagaz. Enpreseak 25. urteurrena ospatu dau aurten, eta langileakazko lan-hartu-emonakaitik nabarmentzen da, lanean autokudeatzeko ahalik eta askatasun handiena emoten baiteutse. Hori dala eta, epaimahaiak enpresariak kalidadeko enpleguaren aurreko konpromisoa eta bere inguruko personen garapen profesionalera hurreratzeko dauan gaitasuna azpimarratu ditu. Horrezaz gan, bere inguruko ekonomiaren dinamizazinoa, aniztasunaren aurreko erantzukizuna, ekidadea, inklusinoa eta jasangarritasuna nabarmendu ditu konpainiaren oinarrizko balore bezela.
Horregatik guztiagaitik, Gazte Role Model Sarien hamabosgarren edizino honek saritu bien lan profesional eta humanitarioa autortu ditu eta barrikuntzan, giza hartu-emonetan, lana autoerrealizazino profesionalaren iturri bezela eta persona behartsuakazko alkartasunean gazteek jarraitu beharreko eredu bezela egindako lana balioetsi dau, Merkat Bernaolaikastolako zuzendariak azaldu dauanez.
Gazte Role Model 2024 sarietako epaimahaian Euskadiko enpresa eta gizarte-arloko zazpi profesional nabarmen dagoz:. Izaskun Artetxe, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia eta Lurralde Garapen Saileko idazkari teknikoa; Aitor Cobanera, SPRIko Teknologia eta Barrikuntza zuzendaria; Leire Bilbao, Innobasque, Barrikuntzarako Euskal Agentziako zuzendaria; Carolina Pérez Toledo, CEBEK Bizkaiko Enpresarien Konfederazinoko ordezkaria; Gaspar Martínez, Bilboko Eleizbarrutiko kultura gaien eta ondasunen arduraduna; Nerea Begoña, Eleizbarrutiko EBI sareko zuzendari nagusia; eta Merkat Bernaola, Begoñazpi Ikastolako zuzendaria.
Gazte Role Model Sariko 2024. edizinoko sariak, epaimahaikideen arabera, ikasleentzat eredu zehatza dira, enpresa arloan daben portaera positiboagaitik, garapen profesionalagaitik eta besteakazko dedikazinoagaitik, Bilboko Gotzaitegiaren Eleizbarrutiko Ikastetxeen sarearen barruan dagoan eta 1.700 ikasle baino gehiago dituan Bizkaiko ikastoleak 2008tik emoten dauan sariaren azken helburua, izan be, Mateok eta Alapontek euren esperientzia kontauko dabe ikastolako geletan. Ikasturtean zehar, berbaldiak emongo deutsee ikasleei, hareei kontetako euren bizitzan azpimarratzekoak diran mugarriak. Ikasleak gazteak diranetik helarazoteko gainditze-baloreak, gizarte-erantzukizuna, adorea enpresa munduan edo ekintza sozial eta humanitarioak.
Kontuak kontu, sarituek Gazte Role Model Sariaren bereizgarria jasoko dabe, Nestor Basterretxea eskultore bizkaitarrak sortutako estatuatxo originala, hezkuntza, fantasia eta mobimentua sinbolizetan dituana. Galan zehar, ikastoleak sari honeek azken hamabi urteetan izan daben irismena eta garrantzia birpasauko ditu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!