Bosteko 24 erakusketa ibilitaria, Arrigorriagan ikusgai
2024-12-03 08:58 KultureaMaider Aldasoro, Leire Lacunza eta Natalia Suarez artisten lanak batzen ditu.
Bizkaiko Foru Aldundiak sustautako Bosteko 24 erakusketea ibiltariak aurrera jarraitzen dau, Arrigorriagako Euskaldun Barria Erakusketa Aretoan geldialdi barri bategaz, abenduaren 18ra arte. Karratu beltza leuna izeneko erakusketean, formak, materialak eta argiak buztartzen dira, emozino barriak pizteko.
Erakusketeak Maider Aldasoro, Leire Lacunza eta Natalia Suarez artisten lanak batzen ditu, Maria Goirigolzarri erakusketearen komisario lanak egiten ditualarik. Holan, artearen pertzepzinoari eta rolari buruzko hausnarketea proponiduten da, arretea modu berezi batean aktibetako, jarrera arrazionala une batez bertan behera itxita eta pertzepzino eta afektibidade-esperientziari lekua emonez. Artelan ugari bidez, esekidura-espazio horretan sartzeko eta formen atzean ezkutatzen diran iluntasunak aztertzeko gonbita egiten deutsee artistek ikusleari.
Artistak
Maider Aldasoro (Mexiko, 1992): Arte diziplina ezbardinak buztartzen dituan ikuspegia eskaintzen dau, jantzi-diseinua, eskultura eta bideo-performancea batuz. Haren lanetan, giza hartu-emonak eta jokabideak aztertzen ditu, gorputza tensino egoeretan kokatuz, eta itxurearen eta esangurearen arteko desadostasunak azaleratzen ditu. Bosteko 2024 erakusketan, eskulturak eta ikus-entzunezko obra bat aurkezten ditu, tensio horreek modu ludiko eta, batzuetan, erotiko batean islatuz. Maiderrek erakusketak egin ditu BilbaoArte eta Azkuna Zentroan, baita Londresen be eta Ertibil Bizkaia sariketearen autortzea jaso dau.
Leire Lacunza (Donostia, 1996): Lacunzaren lana irudiak sortzean oinarritzen da eta horretarako gainjarte, ebagi eta ezabaketa teknikak erabilten ditu, ikusleari ohikoak diran gauzak modu ezbardin batean ikusteko aukerea emonez. Bere piezek atzerritze efektua sortzen dabe, ikuslea errealidade ezagunaren ikuspegi barria ikustera bultzatuz. Erakusketa honetan, Leirek argi-instalazinoak aurkezten ditu, argia eta ikusgai danaren ezegonkortasuna alkartuz, ikuslea geldiarazo eta behatzen dauenari buruz gogoeta egitera gonbidetan dabenak. Haren lanak Tabakalera, BilbaoArte eta Pekingo Shangyuan Art Museum lako espazioetan erakutsi ditu.
Natalia Suárez (Gasteiz, 1994): margolaria eta marrazkilaria da eta formatu handietan nabarmendu da, trazu gestualek eta silueta figuratiboek bizia hartzen dabe eta horretan espezialistea da. Suarezen lanek zoriaren eta trazuen bidez paisajeak sortzeko gaitasuna aztertzen dabe, errealaren eta imajinarioaren artean dabizanak. Erakusketan, Nataliak margolan barrien sorta bat aurkezten dau, lehen begiratuan lasaiak baina pixkanaka iluntasuna erakusten dabenak. Haren lana Madril, Tokio eta beste hainbat lekutako galeriatan erakutsi dau eta KAMPAI espazio artistikoa kudeatzen dau Bilbon.
Bosteko
Erakusketa ibiltaria da eta bere helburu nagusia euskal artista plastikoen lana zabaltzea eta ezagutzea da. Arte garaikidea ezagutarazotea dau helburu, jente guztiak eskuragarri izan daian.
Ekimena Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatzen dau eta bertan Amorebieta-Etxano, Arrigorriaga, Basauri, Leioa eta Getxo udalerriek parte hartzen dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!