Euskerearen Nazinoarteko Egunaren harian gaur Bilbon sinatu dabe lankidetza hitzarmena

Bizkaie! 2024-12-03 08:07   Euskerea berbagai

Euskerearen normalizazinoan eta araugintzan mugarri garrantzitsuak finkatzen jarraitzeko aukerea emoten dau.

Francina Armengol Socias eta Abdres Urrutia. | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskerearen Egunean, lankidetza-hitzarmena sinatu dabe Espainiako Diputaduen Kongresuak eta Euskaltzaindiak. Akademiaren egoitzan izan da ekitaldia. Berton izan dira Francina Armengol Diputaduen Kongresuko presidentea eta Andres Urrutia euskaltzainburua, Akademiaren Zuzendaritzako kideakaz batera.



Akademiak Espainiako Diputaduen Kongresuagaz sinatu dauen lehen lankidetzea-hitzarmena da, halanda ze, Kongresuko presidenteak Euskaltzaindiaren egoitzara egin dau bisitea. Gogorarazo behar da, 2019an, Pedro Sánchez Espainiako presidenteak bisitau ebala Plaza Barriko eraikina, Akademiaren 100. urtemugea atxakitzat hartuta. Ondoren, 2022ko maiatzean, Ander Gil Senaduko presidentearen bisitea jaso eban Akademiak eta erakunde bien arteko aspaldiko lankidetzea berresteko erabili zan bilerea eta, besteak beste, alkarlan horren eskutik argitarau zan Espainiako Konstituzinoaren euskerazko bersino gaurkotua, 2004an.

Sinatutako lankidetza-hitzarmenak be berebiziko garrantzia dau, berbakera juridikoan euskereari buruzko prestakuntzea, jakintzea eta zabalkundea sustatzeko aukera barriak emongo ditualako. Akordioak helburu bikotxa dauala adierazo dau Andres Urrutiak gaurko agerpenean: Lehenengoko helburua sinbolikoa da, non Espainiako Estaduaren botere legegilearen ordezkariak eta Euskaltzaindiak, euskerearen arloko erakunde aholku-emoile ofiziala danak, indarrak autortu eta batzen dituan Espainiako Kongresuan hizkuntza koofizialak erabilteko ofizializazinoa edukiz horniduteko. Beste alde batetik, benetako eragina dago, egunerokotasunean nabarmena izango dana: testu juridikoen ikuspegitik aurrera egitea, Espainiako Estaduak bere lurralde osoan egikaritzen dituan eskumen zabalei eragiten deutsen lege-proiektuek korrelazinoa izan daian Estaduko hizkuntza koofizialetan, izan be, tresna horreen bidez, euskereak aurrera egiteko aukerea dau, baita erabilera juridikoari jagokonez eta legeen eremuan daben erabilereari jagokonean be.

Francina Armengol egoitzako liburutegian izan da eta eskuetan hartu dau Leizarragaren Testamentu Barriaren ale bat. Ondoren, Euskaltzaindiaren Zuzendaritzeagaz batzartu eta erakundearen Ohorezko Liburuan idatzi dau: Lankidetza-hitzarmena sinatu dogu Euskaltzaindiagaz. Gure arteko lankidetzearen orainak ekarriko ahal dau kulturearen eta hizkuntzearen aberastasun handiagoko etorkizuna. Hizkuntzak ez dira herrien ondare immaterialak soilik, izan be, gizarte-kohesinorako elementuak dira. Horregaitik, aniztasuna eta pluraltasuna errespetau eta aintzat hartzen badoguz, horrek geure burua gizarte bezela hobeto ulertzen lagunduko deusku. Eskerrik asko zuen lan goresgarriagaitik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu