2025eko EuskarAbenturan izena emoteko epea edegi dabe

Bizkaie! 2024-12-02 13:52   Euskerea berbagai

Ganera, hainbat ekintza atondu ditue Durangoko Azokarako.

EuskarAbentura Espedizinoa 2025 edizinoan izena emoteko epea gaur, hilak 2, edegi da. Euskal Herriko eta diasporako 15-16-17 urteko gazte euskaldunek 2024ko martiaren 5era arteko epea izango dabe hautagaitzea aurkezteko. Horretarako, minutu bateko aurkezpen bideoa eta banakako proiektu bat aurkeztu beharko ditue alkarteak proponidutako gai eta formatu bat aukeratuz.

Jasotako proiektuak, Eusko Ikaskuntzako kideek ebaluako ditue eta apirilaren 22an argitaratuko da 127 gazte parte-hartzaileen behin-behineko zerrendea. Espedizino taldeko kideak hautatzeko kontuan izango dira, alde batetik, egin daben proiektuaren balorazinoa, baina baita gazteen jatorria, generoa eta aurkezpen bideoan adierazotako motibazinoa be.

Aurton, hautagaitzea bialdu nahi daben gazteek banakako proiektua sortzeko hiru gai ditue aukeran:

  • Beldurrak. Zeintzuk ziran lehengo beldur ohikoenak? Zeintzuk gaur egungoak? Desbardintasunik ba al dago?
  • Gizartea. Indibidualista ala kolektibista? Zuen ustetan talde zein komunidadean atontzen gara kolektiboaren interesei, beharrei eta eskubideei erantzuteko? Ala ganerako eta taldeen ganetik norbanakoa lehenesten dogula uste dozue?
  • Klima aldaketa. Zeintzuk dira klima aldaketa ahalbidetzen daben ekintzak? Uste dozue jabetzen garela egoeraren larritasunaz?

Era berean, lanak sei formatu posibletan aurkeztu ahal izango dira: literarioak, musikalak, historikoak, ikus-entzunezkoak, plastikoak eta sormen digitalekoak hain zuzen be.



Durangoko Azokeagaz alkarlanean

Azkeneko urteetan lez, abenduaren 5eko ikasleen goizean eta 6an Gazte eztanDA! egunean izango dira. Ikasle goizean, azokearen kanpoaldean jarritako karpatxoan egongo dira, 2025eko edizinoari buruzko informazinogaz.

Abenduaren 6an, barriz, Egin eztanda! lehiaketea prestau dabe Durangoko Azokako lan taldea eta Berbaro euskera alkarteagaz batera. Lehiaketea 15-25 urte bitarteko gazteentzat bideratuta egongo da, hirukoteka eta aurkezle bik bideratuta, azokeari eta euskal kultureari buruz zenbat dakiten agirian itxiko dabe froga eta galdera dibertigarrien bitartez!. Egun bereko 12:00etatik aurrera izena emon ahalko da azokearen ondoko karpan eta 14:00etan hasierea emongo jako lehiaketeari!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu