Agus Barandiaran: 'jentearen berotasuna sentiduten dogu eta pozarren gagoz'
2024-12-06 09:05 BarriketanKorrontziren 20. urteurren emonkorrean dabil buru-belarri eta oraintsu plazaratutako Korrontzi Band disko bikotxaz gan, makinatxu bat kontzertu emon ditue hemen eta kanpoan eta nabarmentzekoa da Buenos Airesen eskainitakoak. Urtearen amaierako egunetan hara eta hona ibiliko da Korrontzi: Urduñan zezeilaren 29an, Derion zezeilaren 30ean, Tolosan abenduaren 13an, Marokon abenduaren 14an eta 15ean, Nafarroan, Lekunberrin abenduaren 28an.
Taldearen diskografian hiruzpalau disko nabarmentzearren, Korrontzi 20, Koplariak (Korrontzi & Xabier Amuriza), Topa-K (Korrontzi & DJ Makala) eta Aita Mari, Bidaia musikala urrutiko uretara. Eta Bilboko Udal Musika Bandeak eta Korrontzik, azken honen 20. urteurrena ospatzeko alkarregaz grabautako Korrontzi Band be ezin ahaztu (Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzearen laguntza ekonomikoa izan dau). Kolaborazinoen artean be disko asko nabarmendu daitekez. Eta World Music zerrendan 9. dago talde bizkaitarra.
Korrontzi Band diskoan, Urtaroak lako kantuak entzun daitekez.
Azalpen guztiak Korrontzi taldeko sortzaile eta abeslariak emongo deuskuz.
1.- Zorionak Agus Korrontziren 20. urteurrenagaitik eta kontzertuak emoten, telebistako programetan kolaboretan eta Valentziara be laguntzinoa bialtzen egiten dozuen lanagaitik. Zure egunak 24 ordukoak dira baina azaldu eiskuzu zelan lortzen dozun hori guztia egitea?
[Barreka] Gatxa izaten da, proiektu asko doguz moltsotuta eta, behar dauenari laguntzea be lan polita eta burura etorten jatazan gauza guztiei erreparetea be gustetan jat. Danei heltzea ez da erraza baina loari orduak kenduta eta pasinoari eta gustoko lanei ekinez, tensinoa edo gainkarga horreek desagertu egiten dira, trikitixea, tradizinoa eta holakoakaz gozau egiten dot.
2.- Xabier Amurizaren ekarpena be sekulakoa izan da Koplariak diskoan, baita Korrontzi Band izenekoan be...
Bai. Xabier Amuriza ezagutu aurretik bat zan taldea eta ezagutu ondoren beste bat bihurtu da. Xabier Amuriza erreferentea da euskal kulturan eta guretzako be bai, zer esanik ez, gure koplak eta geu be jantzi gaituana. Aspaldiko lagunak gara, orain zortzi bat urte ezagutu ginan eta ordutik hona lan eta lan gabiz, kopla batzuen bila joan nintzan berarengana eta bide horretan gabiz oso gustora. Koplariak horretan alkarregaz ibili ginan eta Korrontzi Band disko barrian be geugaz dabil.
Disko barriari jagokonez, neure pentagrama bi, ezkerreko eskuagaz bat eta eskumakoagaz beste bat egin izan ditut eta 60 pentagrametan bihurtu ondoren, Xabier Zabala zarauztarrak lan bikaina egin dau hori dana moldatzen eta, beraz, Bilboko Udal Bandako 60 musikariei zer eta zelan jo behar daben esan deutse.
3.- Taldea sortu zenduanean hau guztia etorriko zala pentsetan zenduan?
Ez. Inondik inora. 2004. urtean Kepa Junkera eta Oskorriren zalea nintzan, gaztetatik euren diskoak entzun eta entzun ibilitakoa eta estilo hori gustetan jatan eta hor hasi nintzan kantu batzuk sortzen. Sasoi horretan Urgabe taldean be banenbilen eta talde horretarako ez nituan egoki ikusten eta, giro horretan beste proiektu bat martxan jartea begitandu jatan, Korrontzi, hain zuzen be. Hamar bat kantu sortu, grabau eta disko bakarrerako zalakoan, 20 urte joan dira eta hemen jarraitzen dogu jo eta su. Orain 13. diskoa kaleratu dogu Korrontz¡ Band eta munduan eta gurean gabiz kontzertuak emoten, munduko 35 herrialdetan jo dogu eta, datu lez baino ez bada be, 1.000 kontzertu inguru eskaini doguz. Uste dot Korrontzi momenturik onenean dagoala orain, jentearen berotasuna sentiduten dogu eta pozarren gagoz.
4.- Korrontzik irabazitako sari eta autortzen artean, besteak beste, World Music Charts, Top100 Roots Music Report, Womex Official Selection eta Eurofolk dagoz. Kontzertuetara doazen zaleen berotasuna be ahaztu barik...
Duda barik. Sari gehien gure lehenengo hamarkadan irabazi genduzan; Korrontzik atal bi izan ditu: hasierako urteetan ez euskuen kasu larregi egiten bertoko diskoetxeek eta Madrilera jo genduan. Han jarrera baikorra hartu eban diskoetxe batek, fitxau eta holan ekin geuntsan. Hasierako urte horreetan Madrilera joateko hartutako erabagia tristea izan bazan be, kanpoan joten ibili ginan eta zeozelako errekonozimendua izan genduan. Horren erakusgarri kanpoan 25 kontzertu emoten genduzan eta hemen 5.
2013-2014 urteetan, barriz, gauzea aldatu egin zan, Euskal Herrian be maitatuak sentidu ginan.
5.- Korrontzi Band diskoa erronka musikal eta artistiko handi baten emoitzea da, Korrontziren errepertorioa musika banda baten formatura egokitzea. Trikitixea nabarmentzen da, grabazinorako batu ziran Bilboko Udal Musika Bandako 40 musikari baino gehiagok aberastua. Bilboko Udal Musika Bandearen gainean zer nabarmenduko zeunke?
Erronkea handia izan da eta, esangura horretan, Xabier Zabalak buztarketa lana egin dau Korrontzi eta Bilboko Udal Musia Bandearen artean, Korrontzik hizkuntza berezia darabil eta Bilbo Udal Bandeak berea.
Ganerakoan, Bilboko Udal Musika Bandea sekulakoa da, ibilbide luzeko musikariak ditu eta geuganako jarrerea txapela kentzeko modukoa izan da. Proiektuan sinistu dabe eta esker oneko berbak ditut, sano talde handia dalako.
6.- Bilboko Udal Musika Bandeagaz batera egindako diskoren asmoa Korrontziren 20. urtebetetzea ospatzea izan da. Zuzendaritza lanetan Jose Rafael Pascual-Vilaplana bandako zuzendari titularra ibiltea eta Xabier Zabalak egitea musika moldaketak zelan baloretan dozuz?
Jose Rafael Pascual-Vilaplana zuzendari bikaina da eta erraz onartu eta asumidu dau proiktua. Zorrotza da eta zeozelan be haren ekarpena gura izan dogu. Trikitixea zer dan, zer eskaintzen dauen badaki baina bandako musikariakaz buztartzen aparteko lana egin dau. Errespetu osoz jagon ditu gure partiturak eta Xabier Zabalagaz batera upealako lana egin dabe.
7.- Zemendiaren 27an kaleratu da diskoa eta abenduaren 5etik 8ra Durangoko Azokan be oso presente egongo da. Firmea eta dedikatoria eta mezuak ondo pentsauta daroazuz?
Jenteari, zaleei beti esaten deutset, etorri Azokara eta disfrutau. Hartu-emonak, jentearen eretxi eta kritikak entzun eta holakoakaz gustora egoten naz. Azken egunetan ahots barik ibilten naz baina seinale ona da hori baina, jakina, zaleek diskoa erostea garrantsitsua da hurrengo proiektuetan eta inbertidu ahal izateko.
Termometroa da guretzako Durangoko Azokea, zaleek eurek esaten deutsuelako zelan hartu daben diskoa, gomendioak be interesgarriak izaten dira. Askotan ikasi be egiten dozu ez dakit nongo kontzertuan izandako zaleen jarrerea eta kritikak entzunda eta espero dot zaleek eurek be zeozertxu ikastea.
8.- Urduñan eta Derion emon dozuez kontzertuak baina hor datoz Tolosa, Maroko eta Lekunberriko hitzorduak...
Bai. Hego Korean, Seul inguruan be ibili gara aurten, Txekian, Sizilian, Eslovenian, oraintsu Argentinan eta gozau egiten dozu holako herrialdeetan jenteak zelan hartzen zaituan ikusita, askotan Euskal Herria zer dan be ez dabe jakiten eta gugana etorten jakuzanean eta azalpenak emon ostean nor garen eta nondik gatozen entzun ondoren ze jarrera hartzen daben sano garrantzistua da guretzako, izan be, eurek eta geu be aberastu egiten gara, aurrera egiteko motiboa da... Euskal Herritik kanpo be asko ibilten gara eta urtearen amaieran Marokora bueltea egin behar dogu.
9.- Valentziako uriolak izan ziranetik hilebete joan da eta oraindino ez da egoerea lehengoratu, ehundaka hildako, bizirik geratu diran askoren hondamendia... Eta horren aurrean, makinatxu bat dira laguntzinoa eroaten eta dabizenak, baita Agus Barandiarán be. Buelta bi edo egin dozuz hara. Zer ikusi dozu?
Gerra eszenatokia zan, sekula holakorik ikusi bakoa naz baina bildurgarria zan, kaosa, jentea noraezean eta sinistu ezinik aurrera egin genduan. Sareetan eta komunikabideetan eta ikusita geunkazan irudi baltz eta gordinak, ezintasuna, inpotentzia, bertako herritarren sufrimendua. Erakunde ofizialek ez eben erabagirik hartzen eta sare sozialetan deialdi bat egin neban esanaz prest nengoala furgoneta bat Valentziara eroateko eta bat barik hiru izan dira. Valentziako Euskal Etxearen bidez, Betiko GKE baten laguntzinoa izan neban eta hemen be makinatxu bat batzar eta egin ditut hainbat herritako ordezkariakaz eta Arrasateko Ospitaleko beharginek bi mila euro inguru emon eustiezan, hangoek eskatutako moduan, janaria eroateko.
Beste alde batetik, tristurea sentidu genduan lehenengo egunetan kaltetutako gunetara joandako milazak bolondres eta laguntzaileak desagertu egin diralako. Ezin dogu Valentzia ahaztu, pilo bat herri abandonauta dagoz, persona asko esku-hutsik...
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!