Ana Herranzen eskulturek eta argazkiek jantziko dabe Iturri Kultur Etxea
2024-12-02 12:13 KultureaInaugurazino-ekitaldia martitzenean izango da, 18:00etan.
Abenduaren 3tik 30era, artista elorriarraren artelanek hartuko dabe Iturri Kultur Etxeko erakusketa-gelearen erdigunea. Figurazino, estela eta erliebeekaz osotutako obrak landu ditu azkenaldian eta, horreez gan, bidaietan egindako argazkiak be erakutsiko ditu.
Ana Herranz Gallastegik irakaskuntza eta sorkuntza artistikoa buztartu ditu Arte Ederren fakultadean graduau zanetik hona. Eskulturan espezializauta, ikuspuntu eta momentu ugari adierazoten ditu haren lanetan, espazio eta denporeagaz olgetan eta koloreei aparteko garrantzia emonez. Horretarako, hainbat material erabilten ditu, esaterako, egurra, burdina eta hatxak. Akuarelak pintetan trebea da, baita erliebeko koadroak egiten be.
Agustin Ibarrola artista eta lagunarengandik eragin handia jaso dauela aitatu dau, izan be, erronkazalea da bera: niretzat artea etenbako ikaskuntzea da. Momentu batean estilo bat landu izan dot, gero beste bat. Inportantea begitantzen estilo bakotxetik, edo batzuetatik, zeozertxu hartzea, hau da, ez geratzea estilo bakarrean finkatuta. Esperimentetea onerako da beti. Nahiz eta gauzak okerrago urten, ikusten dozu zer ez dan egin behar edo zer aldatu behar dan, adierazo dau Herranzek.
Orain estelakaz eta erliebeakaz gustura dagoala adierazo dau. Gresagaz eta esmalteakaz dabil ikertzen eta konbinazinoak egiten. Beraz, ezaugarri horreekaz egindako lanak erakutsiko ditu, Elorrioko eta Argiñetako ezaugarriez jositakoak, baita munduan zehar ataratako argazkiak be: asko gustetan jat bidaiatzea; Hego Sudan eta Papua Ginea Barria bisitetan egon izan naz eta interesgarria iruditu jat han ataratako argazkiak erakusketan buztartzea, gehitu dau.
Euskal Eskultoreen Alkarteko kidea be bada elorriarra. Zemendian erakusketa bitan parte hartu dau, Agurainen eta Oiartzunen. Abenduan, ganera, alkarteak Durangoko Azokan izango dauen txokoan be erakutsiko ditu haren artelanak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!