BFAk Labayru Fundazinoak euskerearen alde egindako lana saritu dau 2024ko Ohorezko Lauaxeta sariagaz
2024-12-02 07:45 KultureaIkus-entzunezkoen kategoriako Lauaxeta saria Aitor Baztarriak jaso dau.
Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Elixabete Etxanobek, eta Euskera, Kultura eta Kiroleko foru diputaduak, Leixuri Arrizabalagak, 2024ko Lauaxeta Sariak emon ditue. Lauaxeta Ohorezko Sariaren helburua Bizkaian eta oro har munduan euskerea sustatu, zabaldu eta normalizetako egindako ekarpenagaitik nabarmendutako pertsonak edo taldeak jentaurrean autortzea da, merezimendu handiko jarduera horreek sarituz eta zabalduz, ahal dan neurrian gizartea euskerea sustatzeko lan horretara erakarteko pizgarri izan daitezan.
Bizkaiko ahaldun nagusiak BFAk euskereak historian jasandako gorabeherak ekarri ditu gogora: elebakartasunaren alde egindako eraso guztiek izan dabe neurriko erantzuna euskerearen gizarte-historian zehar euskerearen bizi-iraupena bermatzeko, eta euskaldunon alkartea sendotzeko. Gaur, 2024ko Euskerearen Nazinoarteko Eguna ospatzeko egun bakarra falta danean, ahalegin honeen lekuko baten goraipamena egin nahi dau Aldundiak aurtengo Lauaxeta saria emoterakoan.
Etorkizunera begira, Etxanobek, mezu positiboa eta lkarlanean oinarritutakoa zabaldu dau: gaur egun erronka ugari ditugu, izan hizkuntza-aniztasuna, izan adimen artifiziala. Egingo dogu aurrera. Gure esku dago. Zure esku dago, batez be. Izan euskaldun! Egin euskeraz! Bizi eta gozau euskeraz!
Hogeigarren edizio honetan Labayru Fundazioak jaso dau 2024ko Lauaxeta Ohorezko Saria, 1977. urtetik euskal kulturea, ondarea ikertu, bultzatu eta gizarteratzeko egindako lanagaitik.
Beste alde batetik, Oihane Zuberoa Garmendiak eta Harkaitz Canok Poesiako Lauaxeta Saria jaso dabe, euskerazko poesia sustatzeko eta zabaltzeko emoten dana.
Poesiako Lauaxeta Saria, 35 urtetik beherakoen kategorian, Oihane Zuberoa Garmendia Glaríak jaso dau, Bi aldiz iraun poema-bildumeagaitik. Epaimahaiak nabarmendu dauenez, bigarren liburua eta bigarren saria. Idazle barria eta idazle sendoa. Lehenengo lanagaz Iruñea Uria Saria irabazi eban eta bigarrenagaz, Lauaxeta Saria. Nahiz eta liburua lau ataletan egituratuta izan, hirutan zatitu daiteke liburua: lehenengoan, mito klasikoak eta mito klasikoen irakurketea bere-bereak agiri dira, emakumearen irudia nabarmentzeko asmoz. Aurora Luque eta Yannis Ritsos be aitatzen ditu eta, gomutak ardatz izanik, umezarora bueltetan da, poemen eta fruten arteko egokitzapen ederra eginda. Gomutek haren poemetan tokia daben lez, heriotzeak be badau, ahanztureak bere bai, maitasunak eta poemen gaineko hausnarketek bezelaxe. Idazlearen filosofo-izakerea poema guztien ardatz ikusezina da eta horixe da, hain zuzen be, irakurlea gozamenezko hausnarketara eroaten dauena. Lan biribila, Lauaxeta Sariaren edadearen araberako bereizketea lausotzen dauena.
35 urtetik gorakoen kategorian Harkaitz Cano Jauregik Ulu egiteko bolondres bila poema-bildumeagaitik irabazi dau poesia saria. Epaimahaiak azpimarratu dauenez, 2022an sonetoz ondutako poema-liburua argitaratu ondoren, idazle honek egiten dauen eran, poesia ertzera eroan gura izan du, irakurlea bera be mugara eroateko helburuagaz. Lau atal eta berrogeita hiru poema aurkeztu ditu. Izenburua ezin hobeto sortu eta bideratua jarri deutso eta irakurlea da denpora guztian idazlearen lorratzari jarrituz gozetan dauena eta ikasiz ibili behar dana: bada, beraz, irakurlearentzat zeregin eta sakrifizio latza! Egunerokoan gure bizitzetan azaltzen diranak plazaratzen ditu berak, bizkor eta sakon.
Ironiak beti izan dau idazlearen poema-liburuetan bere tokia eta honetan be bai. Egiteko modua bera be nahiko esanguratsua da, zerrendak egiten hasten danean nabarmentzen dana edo aforismoakaz luzatzen dauena. Ironia, beraz, hemen ez da bakarrik edukizkoa, ezpada ze egiturazkoa.
Era berean, idazleak erabilten dituan kultur erreferentzia ugarien artean Oteiza agiri da, eskultura txikiak klarionaz egiten. Erraza da irakurlearentzat irudi hori burura ekartea, Harkaitz Cano liburu miresgarri hau idazten pentsetea legez. Eta eskerrak horretarako tartea hartu dauen!.
Aitor Baztarrikak Jesus Carrera: Hondarribiko gorria film-dokumentalagaitik jaso du Bizkaiko Foru Aldundiak banatzen dauen Ikus-entzunezkoen Saria. Epaimahaikideek nabarmendu dabenez, 2024 Lauaxeta saria Aitor Baztarrikak zuzenduriko -Jesús Carrera: Hondarribiko Gorria- film dokumentalari emon deutsagu Euskadiko memoria historikoari egindako ekarpen garrantzitsuagaitik, narrazino barritzaile, hunkigarri, aberats eta oso beharrezkoa onduz. Ikus-entzunezko elementuak maisutasun handiz buztartzen dituan dokumentala da, bizitza eta konponketa istorio batean barrena gidatzen gaituana.
Aurtengo edizinoko sari banaketara bertaratutakoek Laura Penagos aktore kolonbiarra ezagutzeko aukerea izan dabe, bere bizipen personalak kontau izan dituana bakarrizketa labur batean, atzerritarra izatetik euskera eta euskal kulturearen parte aktiboa izatera heldu dana.
Horrezaz gain, Erraturie taldearen txalaparta soinuak izan dira aurtengo musika animazinoa.
Bizkaiko Foru Jauregian egindako ekitaldian, Bizkaiko gizartearen ordezkaritza zabala izan da.
Lauaxeta Sariak
Bizkaian batez be eta, munduan zehar, euskararen sustapen, zabalkunde eta normalizazinoan egindako ekarpenagaitik nabarmendu diran pertsona edo taldeak jentaurrean saritzea da Lauaxeta Sarien helburua, baita poesiaren eta ikus-entzunezkoen arloetan sortutako euskerazko lanak zabaltzea be.
2012. urtean Lauaxetaren fusilamenduaren 75. urteurrena beteten zela-eta, autortza hori zabaldu egin zan poesiaren eta memoria historikoari buruzko ikus-entzunezkoen arloetara, izan be, arlo horretan aurreko urtean sortutako lanak sustatu eta saritzeko, kategoria bakotxari jagokon diru-zuzkidurearen bidez.
2017an, barriz, beste etapa bat hasi zan Ohorezko Lauaxeta Saria jasoteko bidea edegi jaken eta nazinoarte mailan euskerea sustatu eta zabaldu eta euskerearen izen ona ezagutzera emon eben bizkaitarrei edo bizkaitarren ondorengoei.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!