Bermeoko udaletxe historikoak ateak zabalduko ditu 11 urteren ostean
2024-11-29 13:50 Pil-pileanAte edegien jardunaldia izango da abenduaren 5ean.
2013an Alde Zaharrean gertatutako sute lazgarriak behartuta, Goiko Plazan kokatu dagoen udaletxeak ateak zarratu behar izan zituen. Orain, 11 urte geroago harrotasunez esan dezakegu, berriro zabalduko ditugula eraikin historiko honen ateak, adierazo dau Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak. Zoritxarreko jazoera harek udalerria kolpatu eban, kalte material eta emozional handiak eraginez; horreen artean, udaletxearen itxierea, herriko bizitza instituzionalaren ikur nagusietako bat, udaletxea danon etxea dalako”.
Urteetako ahalegin eta lanari esker, eraikin garrantzitsu hau berriro prest dago ateak zabaltzeko. Udal langileak apurka-apurka itzuliko dira eraikinera datozen asteetan. Hori baino lehen, ateak zabaldu gura dira, udal langileek eta herritarrek barrutik bisitatzeko aukera izan deien: udaletxea herritar guztion etxea dalako. Lanak egiterako orduan, modernidadearen eta eraikinaren historiagazko errespetuaren arteko orekea jagotea izan ditue kontuan.
Ate edegien jardunaldia abenduaren 5ean izango da:
- 11:00-13:00: Bermeoko Udaleko langileek izango dabe udaletxea bisitetako aukerea.
- 18:00-20:00etara: Herritar guztiei zabaldutako deia.
Alde Zaharrean izandako suteak, hainbat eraikin suntsitzeaz gan, herriaren nortasunari eta eguneroko biziteari be kalte egin eutson: udaletxearen birgaitzea herriko ondarea berreskuratzeko urrats garrantzitsua da. Era berean, eraikinak bermeotarren egunerokotasunean dauen garrantzia berreskuratzea da asmoa”.
Faseak
Hiru agintaldi eta 11 urte honeetan, faseka eta gitxi-gitxika egin izan dira udaletxe historikoa birgaitzeko lanak; danetara, 1.468.052,06 euroko kostuagaz. Lanok egiteko Bermeoko Udalak Euskal Kultura Ondarearen garrantzia azpimarratzeko eta zabaltzeko Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailaren diru-laguntzea jaso eban 2017 eta 2019 bitartean. Hiru urtetan banatuta, 186.440 euroko diru-laguntza jaso zan.
- 2015ean eraikina hutsitu eta eskilara barriaren eta igogailuaren hormigoizko euste-hormea eregi ziran.
- 2017 eta 2018 urteetan estruktura eta estalki barriak egin zituen.
- 2019 eta 2020 bitartean egin ziran akabera orokorrak eta instalazino sareak.
- 2023an egin ziran barruko banaketak (manparak), akaberak eta beste elementu batzuk (sabai-leihoa, sarrerako ateak).
Altzariak, barriz, udagoien honetan jarri dira.
Proiektu honen jatorrizko egileak Begoña Tavera eta bere senar Ramon Garay arkitektoak dira. Horreek hil ostean, Arkaitz Izarra arkitektoak eta Alexander Aranburu aparejadore bermeotarrak jarraitu eben proiektuagaz eta obrakaz.
Zerbitzu guztiak martxan, eta udal berrantolaketearen hasierea
Udal langileak gitxi-gitxika bueltetan joango dira udaletxera, abenduaren 9tik hasita. Leku aldaketa honek udal guztiaren funtzionamenduan eragingo du, Udalak azken hileetan jorratutako lanketa eta hausnarketearen ondorio.
Alkatetza eta Idazkaritzea izango dira lehenak daletxera lekualdatzen, eta horren ostean joango dira langileriakoak. Ondoren, Gabonetako oporraldiaren ostean lekualdatuko dira Kontu-hartzailetzea, Diruzaintzea, Errentak eta Prebentzino sailak. Horreek izango dira, hain zuzen be, udaletxean kokatuko diranak.
Bermeoko Udalaren barruko funtzionamendua hiru ardatz nagusitan banatzen da azken urteotan: Erakunde, Lurralde eta Herritarrak. Berrantolaketa honetan, ardatz bakotxak, eraikin bat izango dau gune erreferentetzat. Modu horretara, udaletxe barrituan kokatutako sailak Erakunde eremuko gehienak dira eta ardatz horretako buru dan Nadia Nemeh Shomaly alkateak bertan izango dau kokalekua.
Barrikuntza, Gobernu Edegi eta Herritarren Arreta Sailak, Erakunde eta Herritarrak eremuetan eragiten dau; kokapena Herritarrak artatzeko sailakaz izango dau.
Lurralde eremukoak Intxausti kaleko eraikinean kokatuko dira: Zerbitzuak, Urigintzea eta Ingurumena, Udaltzaingoa eta Lurgintzea. Lurraldeko ardatzaren arduraduna Xabier Ortuzar Butron da, eta bertan hartuko ditu hitzorduak.
Azkenik, Gizarte eta Kultura Etxean kokatuko dira Herritarrak eremukoak: Euskera, Kultura, Gazteria, aurretik adierazotako Barrikuntza, Gobernu Edegi eta Herritarren Arretea, Bardintasuna, Konsumo Bulegoa, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak (OGZ) eta Esnatu, Clara Campoamor eta cyte zerbitzuak. Azken honeek Areilza kaleko eraikinean kokatuta dagoz, baina euren zerbitzua Gizarte eta Kultura Etxean emotea aurreikusita dago.
Aldaketak gitxi-gitxika egiten joango dira, guneak antolatzen, sailen arteko bateratze eta lankidetzea sustatzen, udal funtzionamendu eraginkorrago bat lortzeko. Herritarrak ardatzaren arduraduna Endika Etxebarria Telleria zinegotzia da eta Gizarte eta Kultura Etxean hartuko ditu hitzorduak.
Kirol Saila, Lanbide Hastapena, Musika Eskola eta Zaharren Egoitzea be, eremu honetako sailak dira, baina gaur egungo kokagunean jarduten jarraituko dabe.
Beste alde batetik, Bermeoko Udaleko arduradunek zehaztu dabenez, Diruzaintza saila Udaletxe barriaren eraikinera mobiduten dan egunetik (urtarrilak 9), urte honeeta guztietan Intxausti kalean kokatutako diru-bilketako leihatilea zarratu egingo da. Udaletxean egun horretatik aurrera ez da eskudirurik hartuko. Halan da guztiz be, eskudirutan ordaintzeko zerbitzua Finantza Erakundeaikaz bermatzen da (Kutxabank, Laboral Kutxa, BBVA, Santander, Bankoam Rural Kutxa, La Caixa, Banco Sabadell), bakotxak jarritako ordutegian.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!