35.100 ikaslek hasiko dabe ikasturtea EHUn

Bizkaie! 2025-09-05 13:06   Pil-pilean

Irailaren 10ean, Donostian izango da kursoaren inaugurazino ekitaldia.

2025-2026 ikasturtean, azken datuen arabera, 35.126 graduko ikasle ibiliko dira Euskal Herriko Unibersidadean (EHU); horreetatik 8.751, barriak. Ikasleen % 73,15ek euren lehenengo aukerako gradua ikasiko dau. Gainera, euskaraz egingo ditu graduko ikasketak % 57k; aurreko matrikulazino kanpainea baino % 2 gehiago. Campusen arabera, ikasle barrien % 53,72 Bizkaiko Campusean matrikulau da; % 25,24, Gipuzkoan; eta % 21,04, Araban.

Ezagutza arlo guztietako ikasketak eskaintzen ditu EHUk eta aurton 106 gradu eskainiko ditu, euskeraz, gaztelaniaz nahiz ingelesez. Horreetatik, 16 gradu dualak dira eta 15, gradu bikotxak. Euren ikasketetan zehar, ikasle ia guztiek egingo ditue praktikak enpresaren edo erakunderen batean. Aurreko ikasturtean 13.700 praktika inguru egin ziran, horreetariko % 64,7 derrigorrezkoak izan ziran, eta % 35,3, borondatezkoak.

Nazinoartekotzeak be hazten jarraiten dau graduko ikasketetan. Ikasleek aukerea dabe atzerrian ikasteko eta esperientzia aberasteko, Erasmus+, Latinoamerika eta beste norako batzuk programen bidez, iraupen laburreko ikastaro trinkoen bidez (BIP) edo ikasketa eta praktiketarako mobikortasun luzeen bidez. Horreezaz gan, Bordeleko Unibersidadeagaz EHUk dauen mugaz gaindiko campusak eta ENLIGHTek (Europako beste bederatzi unibersidadeekaz dauen aliantzea) diziplina anitzeko, nazinoarteko eta erronketan oinarritutako ikastaro bilduma zabala eskaintzen deutsee EHUko ikasleei.

Graduondokoak

Graduondokoei jagokonez, matrikula oraindino edegita dago. EHUk 2025-2026 ikasturtean eskainiko ditu 109 unibersidade master, etenbako prestakuntzako 35 master eta 67 doktorego programa. Daborduko 2.141 ikasle barri matrikulau dira unibersidade masterretan. Etenbako prestakuntzearen eskaintza be zabala dauka EHUk. Holan, 50 tituluz gain, unibersidadeko mikrokredentzialak indartuko ditu, beti be, enpresen eta erakundeen eskariari erantzuteko ibilbide formatibo profesionalak egokituz. 

Euskal unibersidade publikoaren graduondoko eskaintzearen nazinoartekotzea gero eta zabalagoa da. Gaur egun, nazinoarteko dimensinoa daben 47 master eskaintzen ditu. Horreetatik 14 titulu bikotxak dira (EHUren eta atzerriko unibersidadearen titulua eskuratzea ahalbidetzen dabenak), eta 9, Erasmus Mundus masterrak dira (Europar Batasunak autortzen dauen bikaintasun zigilua daukate, oso lehiakorra dan deialdi batean hautatutako programak dira-eta). Horreezaz gan, EHUk Graduondoko Sare Latinoamerikarraren bidez 9 master eskaintzen ditu Ameriketako hainbat unibersidadeetan.

Inaugurazino ekitaldia

Ikasturte inaugurazino ekitaldia eguaztenean izango da, 11:30ean, Gipuzkoako Campuseko Miguel Unamuno parkean. Joxerramon Bengoetxea errektoreagaz batera izango dira Imanol Pradales lehendakaria eta Zientzia, Unibersidadeak eta Barrikuntza sailburu Juan Ignacio Pérez Iglesias. Ekitaldi horretan be EHUren Urrezko dominak emongo jake Nekane Balluerka, Jose Angel Iribar eta Carlos Garaikoetxeari.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu