Durangaldeko Lanbide Heziketako zentro guztiek egin dabe bat Landue zerbitzuagaz
2024-11-29 08:33 Euskerea berbagai38 enpresa dagoz Durangaldean euskerea sustatzeko asmoari eusten deutsen enpresen komunidadean.
Durangaldeko Mankomunitateak eskualdeko erakundeak, enpresak eta Lanbide Heziketako zentroak batu dira Durangoko Elkartegian. Bertan, eskualdeko eremu sozioekonomikoan euskerea sustatzeko Landue proiektuaren barruan emondako azken urratsak aurkeztu dira. Durangaldeko 15 enpresa barrik proiektuan parte hartzeko konpromisoa sinatu dabe eta dagoeneko 38 dira komunidade honetako kideak.
Aurten, Lanbide Heziketako zentro bik egin dabe bat Landue proiektuagaz (Ibaizabal Ikastolea eta Kirolene) eta horreekaz lortu da Durangaldeko Lanbide Heziketako zentro guztiak izatea Landue komunidadeko kide. Sustatzaileek nabarmendu dabenez, horrek aukera handiak zabaldu leikez praktikak euskeraz egin ahal izateko.
Durangoko Elkartegian egindako ekitaldian egon dira Idoia Otaduy Durangaldeko Mankomunidadeko presidentea, Isaac Amezaga Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera Zuzendari Nagusia eta Aitor Aldasoro Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika sailburuordea. Landue proiektua Durangaldeko Mankomunidadeak kudeatzen dau, eta diruz laguntzen dabe Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzeak. Zerbitzua Ahize- AEK hizkuntza aholkularitzeak emoten dau.
Proiektuaren hiru arduradunek egin dabe berba sinadura ekitaldia hasi baino lehen. Idoia Otaduyk Landue zerbitzuak eskualdeko alkarbizitzeari egiten jakon ekarpena goraipatu dau: euskereari jagokon lekua emoten deutso: batzuk, errotulazinoa euskeraz jarrita; beste batzuk Lanbide Heziketako ikasleak enpresara hurreratzen diranean instruktore euskalduna jarrita; beste batzuk, barriz, erabilerea bultzatzeko neurriak hartuta.... Euskerearen erabilerea indartzeko konpromisoa hartu daben 15 enpresa barrien ahalegina eskertu eta gogoratu egin dau aniztasuna dala nagusi Landueko enpresen artean: eueren esentzian euskerea dabenak dagoz eta beste batzuk orain hasiko dira lehen pausuak emoten. Baina danek helburu bera dabe, hau da, Durangaldea gero eta euskaldunagoa izatea.
Arlo sozioekonomikoan euskerea sustatzea sano garrantsitsua dala nabarmendu dau Isaac Amezagak: Bizkaiko Foru Aldundiak arlo honetan dituan proiektuak laguntzeari ekin deutso, lurralde osoan euskereari merezidu dauen lekua emoteko, baita lan arloan be. Proiektuon indargune nagusia erakunde sustatzaileen borondatea da eta goraipatzekoa da horretarako Durangaldeko Mankomunidadeak egiten dauen ahalegina. Hain zuzen, erakunde publikoen arteko lankidetzea goraipatu dau: garrantzitsua da erakunde publikoen arteko lankidetzea, eskualde bakotxean eragiteko bitartekoak izatea, eta landa-lana egiten dauen enpresearen lana (kasu honetan Ahize-AEK); guztion parte hartzeagaz lortu daiteke enpresa bakotxaren errealidadera egokitu eta euskerea sustatzeko ahal dogun ekarpena egitea.
Aitor Aldasorok euskerearen zeharlerrokotasunaren garrantzia azpimarratu dau: Gobernuaren politiketan euskerea zeharlerroko estrategiatzat ulertu behar dogu. Hizkuntza Politika sailak tokian tokiko tresnak eta baliabideak eskainiko ditu euskalduntze prozesuan; makulu edo aholkulari lanak egingo doguz, eragile izango gara, baina, egin, norbanakoek eta, kasu honetan, enpresek egin behar dabe. Gu ez gara orojakileak, laguntzaileak gara. Danon artean egin behar dogu euskerearen erabilera sozialaren alde. Gutasun lankidetzara jo behar dogu. Gobernuak eragin egingo dau, gizarteari zeregin horretan ahal dan babes eta laguntza guztia emoteko. Euskereak danok behar gaitu.
Lanbide Heziketako praktikak euskaraz egiteko bidea
Landue proiektuaren aurtengo nobedade azpimarragarriena izan da eskualdeko Lanbide Heziketako zentro danek bat egin izana. Horrek praktikak euskeraz egin ahal izateko bidea argitu dauela azaldu dabe sustatzaileek eta Durangalde mailako erronka hor kokatu dabe, arlo horretan egindako esperientzia onak konpartiduteko mahai-ingurua egin dabe ekitaldian. Bertan izan dira Joseba Arregi Iurretako Lanbide Heziketako irakaslea; Urko Belastegi Bela Detail enpresako kidea eta ekintzailea; eta Lier Arkarazo Maristetako ikasle ohia. Iurretako zentroko ikasle danek D ereduan egiten ditue Lanbide Heziketako ikasketak eta praktiketako arloa zabaltzen danean euskaldunei euskerazkoak bermatzen saiatzen da Arregi. Urte honeetan guztietan jaubetu naz bilakaera bat egon dala: 'enpresa batzuetako ordezkariek esaten eben ez zala posible praktikak euskeraz egitea, baina erakundeek diru-laguntzak eskaini dituenean, jarrerea aldatu egin da. Hasieran ez deutse inportantziarik emoten, baina ondoren jarrera aldaketa ikusten da eta instruktore euskalduna jarten hasten dira, edo errotulazinoa aldatzen dabe.
Arkarazoren ikasgelan euskerazko praktikak egin nahi ete zituen galdetu ebenean, eskua altzau eban: ez nekian enpresetan euskeraz egiten zanik be, kaleko iragarkietan zein enpresa barruetan be gehienbat gaztelaniaz egiten baita. Durangoko Elkartegian batutako enpresen aurrean ondokoa eskatu dau Maristetako ikasle ohiak: eskatuko neuskie euskereren aldeko neurriak hartu deiezala jente askok uste dauelako euskereari garrantzia emon behar jakola.
Belastegik be euskerazko praktikak egin zituan eta gaur egun Arratian Bela Detail enpresea zabaldu dau. Ikasketa prozesuan hartutako euskerearen aldeko kontzientzia eta ondoren praktikak egin zituanean euskeraz egiteko aukerea bermatu jakon: hor ikusi neban jenteak zenbat eskertzen dauen bere hizkuntzan berba egiten deutsazuneanan, hartu-emonak gertuagokoak dira. Orain bailara euskaldun batean zabaldu dau negozioa eta onartu dau ezin izan dauela beste era batera jokatu: jendeak euskeraz egitea eskertzen dau, arabere gehiago eremu euskaldunean.
38 Enpresen komunidadea
2021eko udabarrian sortu zan Landue zerbitzua eta ordutik gaur arte Durangaldeko enpresetan euskerearen presentzia suspertzeko lanean ibili dira Ahize-AEK-ko hizkuntza aholkulariak. Aldaketa ugari txertatu ditue ordutik, besteak beste, webguneak itzuli ditue, hizkuntza ohiturak aldatzeko dinamikak egin, lantegietako hizkuntza paisaiak euskaldundu, hizkuntza erispideak ezarri, Lanbide Heziketako ikasleen praktikaldia euskeraz izan daiten oinarriak zehaztu, izan be, bakotxaren beharretara egokitutako zerbitzua emoten baitau Landuek.
Hamabost enpresa barrik egin dabe bat proiektuagaz eta beraz, 2025ean euskerearen presentzia indartzeko lan egingo dabe, Landuek eskaintzen deutseen dobako zerbitzuakaz. Honako enpresa honeek batu dira komunidaera: Ibaizabal Ikastola, Gerediaga Alkartea, Bikain, Ona, Kultiba, Aisilan, Inforlur, Eiser, Eixu artisauen alkartea, Urkilan, Macober, Delikatetxe, Oarbeaskoa Lantegia, Inmediobai eta Kirolene.
Gaur gaurkoz, honako enpresa honeek dagoz Landue komunidadean: Azterlan, Lantegi Batuak, Bruss, Baque, Zornotza LH, Iurreta LH, Maristak, Ibaizabal Ikastolea, Txirula, Dendak Bai, Durangaldeko Enpresarien Elkartea, Asca, Tabira Berezi, Gure Kide, Bermeosolo, Lasuen, Malda Bike, Urkiola Landa Garapena, Sorland, DEK, Hirukobat, Gerediaga Alkartea, Begilan, Garaiko landetxea, Saltsan Katering, Bikain, Ona, Kultiba, Aisilan, Inforlur. Eiser, Eixu Artisauen Elkartea, Urkilan, Macober, Delikatetxe, Oarbeaskoa, Lantegia, Inmediobai eta Kirolene.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!