'Nestor Basterretxea. Diseinatzaile grafiko eta ilustratzailea' erakusketea, ikusgai Durangon

Bizkaie! 2024-11-28 09:34   Kulturea

Artistearen alderdi ez hain ezaguna ikusteko aukerea da.

Durangoko Arte eta Historia Museoak gaur, zemendiak 28, edegiko ditu ateak Nestor Basterretxea. Diseinatzaile grafiko eta ilustratzailea, XX. mendeko euskal artista garrantzitsuenetako baten jaiotzearen mendeurrena ospatzeko jardueren barruan kokatzen dan erakusketea. Edegiera ofiziala 19:00etan izango da San Agustinalde 16an.

Berton izango dira Mireia Elkoroiribe Durangoko alkatea, Nestor Basterretxearen familiaren ordezkariak eta Gerediaga Elkarteko ordezkariak, Ibone Bengoetxea lehen lehendakariordea eta atontzaileak. Ekitaldian, ganera, nazinoartean ezaguna dan euskal talde baten musika kontzertua izango da.

Astarloa kulturgintzako lehendakari eta kultura zinegotzi Paule Sanchezek, Gerediaga Alkarteko Beñat Gaztelurrutiak eta Nestor Basterretxearen seme Gorka Basterretxeak erakusketearen nondik norakoak adierazo ditue Durangoko Arte eta Historia Museoan.

Erakusketea 2025eko zezeilaren 2ra arte egongo da edegita eta Basterretxearen alderdi ez hain ezaguna ikusteko aukerea parebakoa eskainiko deutse herritarrei, diseinatzaile grafiko eta ilustratzaile bezela egiten dauen lana ardatz hartuta. Beraz, 1940ko hamarkadatik 2012ra bitarteko 50 lan baino gehiago aurkeztuko dira, horreetako asko lehen aldiz. Erakusketea lau ataletan atonduta dago: diseinu grafikoa, ilustrazinoak, marrazkiak eta kartelak. Sortzailearen aldakortasuna erakusten daben pieza intimoak eta euskal kulturearen benetako ikur bihurtu diran beste batzuk batzen ditue.

Proiektua Gerediaga Alkartearen eskutik dator, izan be, Durangoko Udalari eta museoari mendeurrenaren ospakizunetan laguntzinoa proponidu eutsen. Horrezaz gan, Durangoko Azokean, jarduera bereziak atonduko dira artistearen ondarea autortzeko. Horreen artean, abenduaren 7an, Gerediagak Basterretxearen omenezko ekitaldia eskainiko dau eta ondoren, Katrin Alberdik museoan emongo dauen hitzaldia, erakusketearen zehetasunetan sakontzeko.

Erakusketeak artistearen ibilbideko alderdi ezagunenak nabarmentzea ez ezik, haren obreari buruzko begiradea eta eskaintzea be batzen dau. Bilboko Arte Ederren Museoak 2013an atondutako aurreko erakusketean ikusi ahal izan ziran kartel batzuk izan ezik, aurkeztutako pieza gehienak argitarabakoak dira. Eskultore bezela dauen alderdian zentrau beharrean, erakusketeak euskal iruditeria kolektiboa ulertzeko dauen gaitasuna nabarmentzen dau, diseinua eta ilustrazinoa lako diziplinen bidez.

Ganera, bisita gidatuak eta hitzaldiak atonduko dira, publikoaren esperientzia aberasteko eta herritarrei Basterretxearen obrearen sakontasuna eta aniztasuna hurreratzeko.

Ekimena Nestor Basterretxearen mendeurrena ospatzeko programearen parte da, Eusko Jaurlaritzak koordinatzen dauena eta Euskadiko 20 kultur erakunde baino gehiagoren laguntzinoa dauena.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu