Adolfo Arejitak ehun errefrau batu eta aztertu ditu

Bizkaie! 2024-11-27 13:19   Euskerea berbagai

Esaera goikoaz behera irauliak liburuan.

Jabier Kaltzakorta, Adolfo Arejita eta Eider Inunciaga. | Ikusi handiago | Argazki originala

Durangoko Azokearen atarian, liburua kaleratu dau Euskaltzaindiak, Adolfo Arejita euskaltzain osoaren Esaera goikoaz behera irauliak (Herri-literaturean errefrau-jorran). Akademiak, Bilboko Udalagaz eta Bizkaia Irratiagaz alkarlanean editau dau ikerlana.

Esaera goikoaz behera irauliak liburuan, ehun errefrau hartzen dira berbagai eta azterkizun; ganera, ehun esaera horreek oinarri dira era bateko eta besteko iruzkinak egiteko: Adolfo Arejitak gogoetea egin dau: errefrauoi hamaikatxo adierazopen eta hausnarketa erantsiz. Holan, Euskal Herrian XVI. mende amaierako lehen bildumetatik hasi eta orain arteko errefrautegietako aleak aztertu ditu egileak.

Euskaltzaindiaren egoitzan egindako agerpenean, Jabier Kaltzakorta euskaltzain osoak ikerlanaren onurak azpimarratu ditu: Liburu-egileak jaso dituan esaerak, batez be Bizkaikoak, irakurleak orri horreetan baino ez ditu irakurriko. Errefrau-erramoldeetatik harago, egileak berbak berak be gogoetagai ditu. Holan, euskal klasikoen testuetan ez eze, umetatik ikasitako euskeran eta urteetan zehar handik eta hemendik entzundako berbetan sartu da.

Eider Inunciaga Euskerako, Herritarren Arreta eta Partaidetzako, 2030 Agendako eta Nazinoarteko Gaietako Saileko zinegotziak, Euskaltzaindiaren eta Bilboko Udalaren arteko lotura estuak gogorarazo ditu: Bilboko txoko guztietan euskerearen erabilerea sustatzea, indartzea, zabaltzea eta normalizetea da erakunde bien helburua eta horretan gagoz azken hamarkada bietan, hizkuntzea bizibarritzeko eta euskal kulturea zabaltzeko konpromisoa sendoa daukagulako.

Errefrauak, euskal gizartearen ispilu

Adolfo Arejitak esan dau herri baten ispilu dirala errefrauak, kasu horretan, euskal gizartearen ispilu. Autortu dau erabili dala errefrauez jenteari irakasteko zein dan gure kulturea, herri-jakintzea hain zuzen be. Ondokoa nabarmendu dau liburuaren inguruan: Atsotitz edo errefrau generoko edukia dakar liburuak, beraz, saiakera generoko obrea da. Bizkaia Irratian emondako bersinoen ganean landutako eta osotutako bersino idatziak dira. Azkuek -Euskalerriaren Yakintza- izeneko hiru liburuki argitaratu zituan, hirugarrenean euskal errefrauen bilduma handia eginez. Nik bide horri eutsi nahi izan deutsot. Ehun errefrau batu ditut eta, horreekaz batera, esaera bakotxaren azpian dagoan mezua be adierazo nahi izan dot, errefrauak erabilten doguzalako ikasgairen bat transmitiduteko, adierazo dau egileak.

Hemen Adolfo Arejitak liburuan batu eta aztertutako atsotitz edo esaera zahar batzuk:

  • Alferra (Alperra beti nekean).
  • Artea eta sagar-arbola (Arteak ez du emango sagarrik).
  • Aurre-atzeak (Aurreak erakusten dau atzea zelan ibili).
  • Bilbao eta birao (Bilbao, han bere dongeak birao).
  • Dagoenean (Dagoanean dagoantxoa, ene-enetxoa!).
  • Errota, bolua, eihera (Errota on da dabileno, ez geldirik dagoeno).
  • Gatza eta zentzua (Gatza gatzontzian eta zentzuna auzoan).
  • Katua eta buztana (Gure katuak buztana luze; norbera legez besteak uste).
  • Odolkiak edo odolosteak (Odolkiak ordainetan).
  • Otsoa (Otsoa non aipa, han gerta!).
  • Pupua eta mantarra (Lauzuriren pupua eta laumarairen mantarra).
  • Suari putz (Bakoitzak bere suari putz).
  • Zorria eta txerria (Bertzeren buruko zorria dakusa eta ez bere lepoko txerria).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu