Euskerea, gizartearen kohesinorako elementua

Bizkaie! 2024-11-27 07:45   Euskerea berbagai

Eusko Ikaskuntzak euskalgintzako eta hiru euskal administrazinoetako ordezkariak batu ditu Baionan.

Baionako udaletxean euskal erakunde eta instituzinoetako ordezkariak Euskerearen Nazinoarteko Egunaren 75. urteurrenaren bueltan, izan be, Eusko Ikaskuntzak 1948ko bere VII. Kongresuan ezarri eban abenduaren 3a izango zala ospakizunerako eguna.

Egunaren lehengo zatian ekitaldi instituzionala gauzatu da. Jean-René Etchegaray Euskal Urigune Alkargoko presidentea eta Baionako alkatea, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko bigarren buruordea eta Aitor Aldasoro Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea izan dira bertan. Eusko Ikaskuntzaren izenean, Ana Urkiza buruak eta Claude Mehats Ipar Euskal Herriko lurralde arduradunak parte hartu dabe.

Ana Urkizak irakurri dau 75. urteurreneko Adierazpena. Testuak abenduaren 3a Euskerearen Nazioarteko Egun izentau ebeneko testuingurua nabarmendu dau, Espainiako Estaduan hizkuntzearen jazarpen betean. Halan da be, Eusko Ikaskuntzak euskerearen unibersaltasuna munduari ezagutzera emoteko egindako deia errealidade bihurtuko zan euskal diasporako komunidade askotan hurrengo urtetik aurrera, 1949tik aurrera.

Adierazpenean zehazten danez, 75 urte geroago, askoz be egoera hobean, 1949ko espíritu ha baliokoa da gaur egun be eta euskerea bizibarritzeko nahi eta behar harek bizirik jarraitzen dau. Euskerearen erabateko normalizazinorako eta jagokon lekua beteten jarraitu daian, abenduaren 3ko ospakizuna bultzatzera deitu dabe, euskeraz biziteko nahiaren erakusgarri. Horretarako, euskal lurralde guztietan euskeraz berba egiteko eta euskeraz biziteko baldintzak bermatu behar dirala adierazoten da. Bardintasunezko gizarte bat eregiko bada, euskerea eremu guztietan presente egon ahal izateko politika sendoak eskatu dira.

Irakurketea amaituta, erakundeetako ordezkari guztiek Adierazpena sinatu dabe.

Euskerearen trinkotze eta saretzeko gakoak


Jardunaldiaren bigarren zatian mahai-inguru bat egin da Zelan trinkotu eta saretu euskal hiztunen komunidadea  izenburupean. Euskalgintzako eragile nagusienetako batzuek hartu dabe parte: Xan Aire (Plazara), Jasone Mendizabal (Euskaltzaleen Topagunea), Idurre Eskisabel (Euskalgintzaren Kontseilua), Peio Jorajuria (Seaska) eta Ihintz Oliden (AEK) eta Xalbat Alzugarayk (Eusko Ikaskuntza) moderauta.

Topaketeari esker, euskerea bizibarritzeko prozesuan inplikautako eragileei ahotsa emon ahal izan jake; horreetako bakotxak bere esparruan dauen zeregina eta eragina aztertuta, euskal hiztunen komunidadea integretako eta sendotzeko eragile bakotxak dituan erronka eta eragozpenetan jarri da arretea. Euskerearen ezagutzaren unibersalizazinoa eta herritarren hizkuntza-eskubideen bermea, euskerearen balioa eta ez instrumentalizetearen garrantzia eta euskerea alkarbizitzarako eta kohesinorako elementu lez planteetea izan dira barriketaldian ardatz.

Azkenik, erakundeek eta gizarteak euskerearen sendotzean eta bizibarritzean daben erantzukizuna autortu daben.

Eztabaidea, publikoaren eretxia entzun eta konpartidutea oso aberasgarria izan da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu