Durangaldeko ia 100 lan eskuragarri Durangoko Azokean

Bizkaie! 2024-11-27 08:20   Kulturea

Aurton, dibulgazino eta sormen lanak bereiztuta erakutsiko ditue.

Durangaldeko eragileei eta sortzaileei ikusgarritasuna emon eta Durangaldeko lanak ezagutzeko interesa dabenei begira, lan guztiak alkartuta bidea erreztea da ekimenaren helburua.

Aurton barritasun garrantzitsua dau, ganera. Dibulgazino eta sormen lanak bereiztuta erakutsiko ditue. Batetik eta betiko lez, eskualde mailako erakunde, alkarte eta taldeek euren argitalpenak erakusmahai batean erakutsiko ditue.

Barritasuna, barriz, bigarren erakusmahaiak dakar. Alboan izango dan erakusmahaia izango bada be, eskualdeko sortzaileak nabarmendu nahi ditue, idazleak eta musikariak. Batzuen kasuan, Azokean parte hartzen daben argitaletxe edo diskoetxeekaz argitaratu dabe euren lanak. Baina erakusmahai berezitu horretan be eskuragarri jarriko ditue euren sormenak.

Katalin Txurruka Durangoko gazte sortzaileari enkargatu deutse Durangaldeko sortzaileak batuko dituan erakusmahaiaren diseinua. 95 lan topauko ditu bisitariak erakusmahai bietan: 70 dibulgazino lan, Durangaldeko 12 eragileren eskutik eta sortzaileei jagokonez, 22 sortzaileren lanak eskuragarri izango dira, guztira 25 sormen lan.

Eragile eta sortzaileen zerrendea

Paule San Salvador del Valle, Javier, San Salvador del Valle, Elaia Torres, Peru Magdalena eta Iraia Okina, Oihana Azkorbebeitia, Meison, Ezta Ilen , Ainke, Garraio, Saroa Bikandi, Peru Magdalena eta Maria Uriarte, Saroa Bikandi eta Amaia Egidazu, Ander Ertzilla, Julen Apella, Fitoskins, Peio Azkarate, Estutu, Laura Fernandes, Nevadah, Zeker, Kohatu, Mikel Uribelarrea, Usue Egia, Goiuria Ikastola, Berrizko Udala, Silboberri, Asociación Parkinson Nervion-Ibaizabal, Marian Diaz, Rikardo Ajuria, Anboto, Joaquin Olaortua, Elorrioko turismo bulegoa, Mallabiko udala, Umerri eskola aktiboa eta Joseba Agirre.

Durangoko Udalak erakusmahai propioa izaten dau. Gerediaga Alkartea eta Durangaldeko Argitalpenak sortzaileen erakusmahaiaren jarraian izaten da. Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoaren babesagaz atontzen dau Gerediaga Elkarteak azokako lekua, baita alkarteak kaleratzen dauen hurrengo urteko egutegia be.

Horrezaz gan, Amankomunazgoak eta Eroski Fundazinoak adostutako hitzarmenari esker, ‘Txalopin txalo’ liburuxkea eskuragarri izango da standean.

Gerediaga Alkartearen erakusmahaia

2025 Egutegia eta Astola aldizkariaren 18. zenbakia izango dira Gerediaga Alkarteak erakusmahaian izango dituan nobedadeak. 2025ean, Gerediaga Alkarteak 60 urte betetzen dituala adierazoten dau egutegiaren azalak eta alkartearen artxiboko argazki zaharrak nabarmentzen dira, asko alkarteak berak atondutako ekitaldien erakusgarri.

Astola aldizkariaren 18. zenbakiaren azalean Nestor Basterretxea artista nabarmentzen da. Aldizkariak argitaratzen dituan bederatzi ikerketa lanetako bat berari eskainitakoa da. Artista bermeotarrak Durangaldean hainbat eskultura ditu eta eskualdeagaz hartu-emon esanguratsua izan dau; esaterako, 2012ko Durangoko Azokako kartela berak egin eban.

Gerediagaren erakusmahaian, bisitariak, alkarteko bazkide izateko aukerea be izango dau. Urtero 30 euroko kuota ordainduta, eskualdeko ondarea jagoten, ikertzen eta zabaltzen laguntzeaz aparte, doban jasoko ditu Egutegia eta Astola aldizkaria.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu