Jon Basaguren: 'Jenteak ez dau Izaki Gardenak ahaztu'
Bizkaie!
2024-12-02 08:00
Barriketan
2012an sortu eban Jon Basagurenek Izaki Gardenak. Urte horretan, bost kantuko Itsasargiak EPa kaleratu eben. Ordutik, hiru disko luze eta hainbat single plazaratu ditue, rocka eta popa buztartuz.
Lau urteko geldiagi baten ostean, barriro be, martxan dagoz Orube izeneko diskoagaz. Ganera, 2025erako kontzertu ugari iragarri ditue: Hendaia (Borderline Aretoa, urtarrilak 17); Abadiño (Amaraun Aretoa, urtarrilak 19); Bilbo (Kafe Antzokia, urtarrilak 23); Atarrabia (Totem Aretoa, urtarrilak 25); Gasteiz (Jimmy Jazz, zezeilak 6); eta Donostia (Intxaurronda Kultur Gunea, zezeilak 13). Sarrerak salgai dagoz euren web-orrian.
Ondoko honeek dira taldekideak: Jon Basaguren (ahotsa eta gitarrea); Libe Kortazar (tekladuak eta ahotsa); Dani Arrizabalaga (bateria eta perkusinoa); Joseba Baleztena (gitarrea); eta, Danilo Foronda (baxua eta gitarrea Orube kantuan). Aurtongo udan grabau dabe, Raul Perezegaz, Granadako La Mina Estudioan. Aurreprodukzinoan eta baxuen grabaketan Ander Sevilla ibili da.
1.- Lau urteren ostean eta Pasadena taldea alde batera itxi ostean, Izaki Gardenakek Orube diskoa kaleratu dau. Zergatik?
Bai, lau urte pasau dira azkenengo kontzertuak emon genduzanetik. Arebere gehiago kontuan izaten badogu azkenengo diskoa, Dena Oskol izenekoa, kaleratu genduanetik 6 urte joan dirala. Tartean, taldekide guztiok izan gara beste proiektu batzuetan; esaterako, Lide eta biok, Pasadenan izan gara buru-belarri.
Egia da, behar nebala kantuak beste era batera sortu; Pasadenan, Libegaz batera sortzen genduzan kantuak, beste sensazino eta ikuspegi bategaz. Denpora horretan nere burua barrikusten saiatu naz, birpentsetan zelan izan eitekean Izaki Gardenaren bueltea eta, egia esan, ez neban bape argi ikusten. Gogo eta energia aldetik be ez neukan gogorik horretarako. Igaz, barriz, Orube kontzeptuagaz egin neban topo eta soinu zehatz bategaz. Horrek motibau ninduan kanta barriak sortzera.
2.- Izenak berak, zerikusi handia dauka taldearen etapa barri horretan ezta?
Bai, hori da. Kantuak izan baino lehen, banekian diskoaren izenburua Orube izango zala. Aparteko inportantzia dau niretzako Orube hori sortzeko gunea da, fisikoa eta baita mentala be; aurreretxiak baztertuz eta libre izateko. Esangura asko dituan berbea da gure eguneroko bizitzan, baita gizarte honi jagokonean be, zenbat eta gehiago pasau beti behar dogu gune goxo bat, eroso eta libre sentiduteko. Hori guztia da Orube.
3.- Zelan aldatu da Izaki Gardenak azkenengo diskotik?
Azkenengo diskoagaz konparauta, aldaketa ugari dagoz. Nabarmena soinua da; kantuak janzteko era oso diferentea izan da oraingoan. Alde egin dogu amerikar estilotik, baita Dena Oskol diskoak zituan soul doinuetatik be, beste era bateko soinuak ekarriz.
Nabarmentzeko beste barritasun bat, Joseba Baleztena taldean dagoala da, baita grabazinoetan be. Haren gitarrek beste soinu bat dabe. Ganera, Danilo Foronda izan da baxuan. Beraz, hor, beste aldaketa bi dagoz.
Kanpotik, akaso, ez dira aldaketa oso nabariak, baina niretzat bai. Ganera, kantuak egiteko orduan beste estruktura batzuk bilau dodaz; esaterako, apenas ez dago solorik. Aldaketa sano garrantzitsuak dagoz, baina hoberena entzulea bera deskubriduten joatea da.
4.- Aitatu dozunez, beste soinu batzuen bila ibili zara, esaterako, elektronika printzak, gitarra efektudunak eta ia jantzagarriak diran erritmoak...
Hausnarketa baten emoitzea izan da. Aurreko diskoetan folka, countrya, ameriketako musikea lako estiloak jorratzen genduzan. Baina ni, gasteizekoa naz, Euskal Herriko eta Europako uri batekoa. Beraz, nire egunerokotasunean entzuten dodan musikatik hurrun sentiduten nintzan, nahiz eta oso gogoko izan. Halanda ze, berton entzuten dan musikatik gertuago sentiduteko gogoa naukan eta horixe soinua adierazoten saiatu naz.
Holan, 80. hamarkadako efektu eta soinu asko topau dodaz; esaterako, Itoiz, The Cure, Joy Division edo The Smiths lako taldeak. Larregi pentsau barik, akaso, baino ez dira amerikarrak, gertukoak izan daitekezala; esaterako, paisaje aldetik. Hortik jo dogu eta hortik soinu aldaketea.
5.- Halanda be, eutsi deutsazue oinarriari?
Bai. Beti be, kantuak sortzerakoan jokera batzuk dodaz, kasik ekidin ezinak diranak. Nahiz eta, lehen aitatu dodan lez, era kontzientean muga batzuk jarri dodaz eta inertziei protagonismo kentzen saiatu naz. Baina oinarria bertan dago eta Izaki Gardenaken diskoa da.
6.- Taldekideei jagokonez, aldaketak egon arren, nukleoa betikoa da. Seinale ona benetan...
Taldearen ezaugarrietako bat da, disko batetik bestera kide aldaketak izaten dira, izan be, danok doguz beste proiektu batzuk esku artean. Oraingoan, lehen aitatu lez, taldekide barri bi doguz, Joseba eta Danilo. Baina, beste hirurak, betikoak gara, hau da, Libe, Dani eta hirurok.
7.- Granadako La Mina estudiora bueltau zarie, gustuko dozuen seinale...
Bai. Dena Oskol grabau genduanean, La Mina, Raul Perezen estudioa, Sevillan egoan, baina Bagenkian Granadara mobiduteko asmoa ebala. Horren ostean, Libek estudio barrian grabau eban diskoa eta nik laguntzinoa eskaintzeaz gan, kuxkuxean ibili nintzan. Igaz izan zan.
Horrek, bertan grabetako gogoa emon eustan. Granadako estudio hori benetan ederra begitandu jakun, izan be, giro eta atmosfera parebakoa transmitidu euskun.
8.- Diskoak, izpiak eta iluntasuna buztartzen ditu. Taldearen ezaugarrietako bat dala esango zeunke?
Bai, asko gustetan jaku kontraste hori. Askotan, ironia puntu bategaz hartu daitekeena. Askotan, kontraesanak emoten daben gauzak adierazoten doguz; iluntasunetik argitara pasauta. Aberesgarria egiten jaku elementu horreen erabilerea, halanda ze, askotan erabilten dogun errekursoa da.
9.- Zelan atontzen zarie talde bezela? Berbak eta musikea, esaterako, zuk idazten dozuz...
Taldearen funzionamenduari jagokonez, maketak etxen preparetan dodaz bakarrik, nere kontura. Behin doinuak gustuko dodazenan, taldekideei erakusten deutseet. Jakina, euren proposamenak eta aldaketak kontuan izanda. Hori da gure sortze prozesua eta alkarlana, beraz, oso landuta eroaten doguz abestiak estudiora.
Berbak, amairan sartzen ditut, kantuak finkatuta dagozanean, halanda ze, ahotsaren doinua seguru dakidanean. Hori bai, aurretik, ideak, esaldiak eta irudiak prestauta ditut, baina ez dot jakiten azken momentu arte zein abestitan geratu leitekeen hobeto.
10.- Makinatxu bat kontzertu atondu dozuez, gehiago be izango ete dira? Adibidez, urtea amaitu baino lehen edo Durangoko Azokean?
Bai, oso pozik gagoz, izan be, emoten dauenez, jenteak ez dau Izaki Gardenak ahaztu. Kontzertu ugari gagoz zehazten. Hori bai, danak, 2025etik aurrera. Asmoa da, alden guztia jotea, oso pozik itxi deuskun diskoa jentearen aurrean aurkeztea.
Jakina, Durangoko Azokan egongo gara, gure
stand propioagaz:
Alde Iluna. Bertan, Pasadena, Izaki Gardenak eta Liberen diskoak izango dira. Joten ez gara egongo, izan be,
standa kudeatu behar dogu.
Ikusi argazki guztiak handiago