BBK Fundazinoak 'Gertu Kultura Bizkaia' sustatuko dau

Bizkaie! 2024-11-26 08:00   Kulturea

Egoera ahulean dagozen personei kulturarako sarbidea erraztuz.

Argazkia: © Acerca Cultura. | Ikusi handiago | Argazki originala

Gertu Kultura Bizkaia programatzaileen sarea aurkeztu da Bilboko Sala BBK-n, egoera ahulean dagozen personei kulturarako sarbidea erraztuko deutsena, BBK Fundazinoak bultzauta eta Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udalaren laguntzinoakaz. Irabazi-asmorik gabeko ekimen horrek bizi-kalidadea hobetzea, hazkunde personala sustatzea eta bazterketa-arriskuan dagozen personen bizitza kulturala normalizatzea dau helburu, Marta Font, Gertu Kultura sustatzen duen Kultur Kabialeko arduradunaren berbetan.

Ekitaldian izan dira Nora Sarasola, BBK Fundazinoko Gizarte Ekintzako zuzendaria, Gonzalo Olabarria, Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantzako zinegotzia eta Begoña de Ibarra, Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako zuzendari nagusia.


 
Sarasolak aitatu dauenez, Gertu Kultura Bizkaira iristea beste urrats bat da BBK Fundazinoaren Kultura Inklusiboaren aldeko 2024-2030 Estrategia ezartzeko bidean. Planaren helburu nagusia benetako aukera-bardintasuna sustatzea da eta hori lehentasuna da BBKren oraingo eta etorkizuneko kultur ekintza guztietan. Heldu da garaia lurraldeko eskaintza kulturalaren gozamena bermatzeko publiko guztiei, batez be oraindino eskaintza horretara iristeko oztopoak dituenei. Aldaketa-prozesu horren buru izateaz gan, BBK-k kultura-sektore osoa inplikau nahi dau inklusinoaren aldeko ezinbesteko konpromiso horretan.

2025eko zezeilean martxan jartzen danean Gertu Kultura Bizkaiak izango dauen dinamikea erraza izango da. Gertukultura.org webgunean eskuragarri dagoan dobako plataformearen bidez, kalteberatasun-egoeran dagozen personekaz lan egiten daben gizarte-erakundeek sarrerak erreserbau ahal izango ditue. Ganera, prezio merkeetan eskainiko ditue ohiko jarduerak  (% 2ko edukiera-erreserbekaz, gitxienez), ekitaldi espezifikoak, sartzeko lehentasuna, laguntzinoa (audiodeskribapenak, gidak, etab.), prestakuntza artistikoa...

Era berean, webguneak etenbako prestakuntzako gordailu bezela funzionetan dau, arteen eta kulturearen bidezko irisgarritasunari eta gizarteratzeari buruzko baliabideekaz; izan be, Gertu Kulturaren konpromisoa da kultura-eragileak eta hirugarren sektorekoak modu egonkorrean batzea eta modu personalizatuan aholkatzea.
 
Gertu Kultura Bizkaiagaz lan egingo daben kolektiboak etxerik gabeko personak, migratuak edo askatasunaz gabetuak, gaixo kronikoak eta adinekoak, adikzinoen biktimak edo ikusmen, entzumen, gorputz edo adimen-desgaitasuna daben personak izango dira. Horreek guztiek kulturak emoten deuskun onurez disfrutau ahal izatea da helburua, ludikoa izateaz gan terapeutikoa be dalako, laburbildu dau Fontek. Ilusinoa eta oroitzapen zoriontsuak sortu, emozino positiboak estimulau eta hartu-emonak eta lagunak errazten ditu; herritarren bizitzean integrazino eta parte-hartze aktiboaren sentimendua sustatuz.

2023ko zemenditik dago martxan Gipuzkoan: 2.718 personak 230 kultura-esperientziatan parte hartzea lortu dau Gertu Kulturak, 35 programatzaileren eta 140 gizarte-erakunderen konpromisoari esker. Sareak hazten jarraitzen dau egunez egun, nabarmendu dau Fontek.

BBK Fundazinoak azpimarrau nahi izan dau, halaber, kultura inklusiboko konpromisoa Bizkaiko herritarrek eurek babesten dabela. Bizkaiko kulturearen etorkizuna azterlanaren arabera, lurraldeko biztanleriaren % 94,7 ados dago kalidadeko kultura izatea persona guztiei bermatu beharreko eskubidea dala esatean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu