Guka, Guaixe, Antxeta Irratia eta Pulunpe dira saridunak

Bizkaie! 2024-11-25 13:41   Kulturea

Euskerazko toki komunikabideen erronkak aztertzeko abagunea be izan da.

Lau sari emon ditu aurten tokiko hedabideen bateraguneak: eduki onenarena Uroa-Kostako Gukak jaso dau, azal onenarena Sakanako Guaixek, ikus-entzunezko onenarena Hendaiako Antxeta irratiak eta Nafarroa saria Ultzama-Basaburuako Pulunpek.

VIII Tokikom Sariak emoteko ekitaldia egin da Artikako (Berriobeiti, Nafarroa) Maria de Maeztu kultur etxean. Toki komunikabideen urteko lanik onenak ezagutzeko eta sektorearen erronkei buruzko gogoetak zein esperientziak konpartiduteko aukerea izan dabe han batutako 80 bat lagunek.

Iban Aranzabal Tokikomeko ordezkariaren agurtzeko eta ondoetorria egiteko berben ondoren, erakundeetako ordezkariek egin dabe berba. Nafarroako Gobernuaren izenean, Jabier Arakama Euskarabideako zuzendariak tokiko hedabideek komunidadea eratzeko daben gaitasuna nabarmendu dau: jentartea euskerearen inguruan sensibilizetan laguntzen dozue. Era berean, Euskarabideak tokiko hedabideakaz dauen atxikimendua be azpimarratu dau.

Ondoren, Jokin Azkue HABEko zuzendariak egin dau berba, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordetzearen izenean. Tokiko hedabideak berrindartzeko beharra azpimarratu dau, mundu mailan ezagutzen doguzan aldaketen aurrean: Konsumoan be aldaketak dagoz eta horren adibide dira sare sozialak. Oinarrian, baina, hedabideen kalidadea dago eta horreek barik ezin da konsumoa sustatu. Eusko Jaurlaritzeak bidelagun izan nahi dau eta lankidetzarako prest gagoz.

Hasierako berbaldien ondoren, 2024ko Tokikom Sariak emoteari ekin deutse; kategoriaz kategoria emon ditue hiru sari Juan Kruz Lakasta kazetariak gidatutako ekitaldian. Azal onenaren saria Sakanako Guaixe aldizkariarentzako izan da, Matxismoa ari du goiburu dauen aldizkariaren azalari esker. Edorta Aranak, Maria Gorosarri Gonzalezek eta Amaia Pavonek osotu dabe 2024ko Tokikom Sarien epaimahaia eta esan dabenez, martiko zenbakiaren azala oso ondo landua izan zan, Emakumeen Nazinoarteko Egunari erreferentzia eginez, mezu garbia helarazoten dau. Irudi zehatzen eta sinboloen arteko buztarketa ederra egiten dau eta nahiz eta irudia sinplea izan, oso adierazgarria da. Azalaren konposizinoa koloreen bidez oso ondo integrauta dagoala be nabarmendu dabe.

Edukirik Onenaren Saria Azpeitia Gukarentzat izan da. Maialen Etxaniz kazetariak aldizkariaren maiatzeko zenbakirako Gelditu dira inprentaren makinak izenburupean egindako erreportajea nabarmendu dau epaimahaiak. Azpeitiko azken familia inprentea zarratzea oinarri hartuta egindako erreportajea oso egoki egina dala azpimarratu dau epaimahaiak: tokikotasun handia dau edukiak eta lekukotasunaren balioaz osotuta dago artikulua. Gainera, estetika be ondo jagon dabe, joaneko eta oraingo argazkiak ondo integrauta baitagoz.

Ikus-etzunezko Onenaren Saria, barriz, Antxeta Irratiak eroan dau, Uhin inklusiboak lanari eskero. Ikus-entzunezko eduki sorta hori jentarte eredu anitzagoaren eta inklusiboagoaren aldekoa dala esan dau epaimahaiak, izan be, migrazinoaren gorabeherak beren larruazalean bizi dituenei emon deutsee berbea: gaiaren trataera egokia da, eta tokian tokitik lantzen dau migrazinoaren fenomeno globala, azaldu dau epaimahaiak. Alde estetikoa be oso landuta dagoala azpimarratu dabe epaimahaikideek eta kazetaritza aldetik oso lan biribila dala.

Aurten sari berezi bat emon dau du toki komunikabideen bateraguneak: ekitaldia Nafarroan egin danez eta Nafarroako Laboral Kutxaren babesletzeari esker, Nafarroa Saria emon dabe. Lurralde horretako kultur ondarea ondoen islatzen, oaniztasuna ondoen transmitiduten eta Nafarroaren irudia eta atxikimendua ondoen sustatzen dauen edukiari emon deutse saria. Ultzamaldeko Pulunpe komunikazino taldeak argitaratutako Dialeko azkenak ikus-entzunezko lanari emon deutse Nafarroa Saria. Epaimahaiak Pulunpek argitaratutako lana azpimarratu dau: oso ondo jasoten dau garai batean Nafarroako toki askotan pil-pilean egoan euskarafobia. Euskera hutsezko irratia bultzatu eben herritarren, irratiko lehenengo esatarien, ondoren pasau ziranen, orduko euskera teknikarien, entzuleen eta kolaboratzaileen eretxiak oso ondo jasota dagoz dokumentalean.

Sariak emon ondoren, euskerazko toki komunikabideen erronkak aztertzeko eta esperientziak zein gogoetak konpartiduteko aukerea izan dabe Artikan batutako profesionalek. Jon Sarasua Euskerearen Gogoetaguneak egitasmoaren koordinatzaileak aurkeztu ditu Lurdes Etxezarreta eta Xabi Gartzia AEKren Nazino Kontseiluko kideek eta Ramon Argelina elDiario.es-eko Bazkideen Fidelizazino arduradunak.

Sarasuak 4.2: EHM Estrategia izenburupean, Euskerearen Gogoetaguneak egitasmoaren barruan egiten dabizenaz eta lanketa horretan hedabideei autortzen deutsen zereginaz egin dau berba, izan be, datozen 25 urteetan euskereak egin behar dauen bidean estrategikotzat joten ditue tokiko hedabideak, euskereak, eskala gehienetan ez bezela, eskualdeko eskalan lidergoa hartzeko aukerea dabela nabarmenduz. Esangura horretan, eskualdeetako hedabide multimedien estrategia izentau dabenaren ardatzak zeintzuk diran azaldu dau: orain arte egindakoa ez da nahikoa izango; 80ko hamarkadan ETBren alde egin zan baina aurrera begira, euskal hedabidegintzan aldaketak behar doguz, dana sakanbanantuta baitago. Eskualde mailako komunikazinoan euskerazko hedabide taldeek lidergoa hartu leikiela esan dau, lidergo garbia eskualde euskaldunetan, eta lidergo esanguratsua ez horren euskaldunetan, eta Goiena jarri dau horren adibidetzat.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu