Euskerearen erabilerea eta ezagutzea indartzeko dinamikea aurkeztu dabe
2024-11-25 10:40 Euskerea berbagaiEusGara, Arratiako hiru egoitzek atondua.
Arratiako Egoitzak, Jandonizek eta Piedade Ondok iaz hartutako konpromisoari tiraka, hiru lanketa abiatu ditue 2024an: praktikak euskaraz egitea, zaintza euskaraz egiteko lanketa bideratzea, eta Euskaraz Zainduz dinamika hizkuntza gaitasuna areagotzeko. Lanketa horretan jarraitzeko konpromisoa hartu dabe.
Lau enpresek egin dabe bat aurten eusGara proiektuagaz: Bela Detail, Keia, Ortomobility eta Petardos CM. Arratiako 33 enpresek osotzen dabe gaur egun eusGara komunidadea.
Alinar Die Casting eta Industrias Galarza enpresek aurten egindako praktika onak aurkeztu ditue: hizkuntza erispideak zehazteko prozesua eta Berbatratuak izeneko dinamikea, hurranez hurran.
Urtetik urtera handitzen doa eusGara komunidadea. Arratiako arlo sozioekonomikoan euskerearen erabilerea indartzeko asmoagaz sortutako proiektua da, eta gaur gaurkoz 33 empresa dagoz. Igaztik hona lau enpresa barrik hartu dabe konpromisoa euskera gehiago erabilteko: Bela Detail, Keia, Ortomobility eta Petardos CM. Enpresa horreek guztiek familia argazkia barritu dabe gaur Zeanuriko Zulaibar campusean egindako hitzarmen ekitaldian. Bertan batu dira eusGara komunidadeko kide diran 33 enpresatik 20.
2025ean euskerearen erabilerea suspertzeko konpromisoa hartu dabe komunidadeko 33 enpresek, eta eskura izango ditue eusGarak eskaintzen deutsen dobako zerbitzua, besteak beste, itzulpen zerbitzua, hizkuntza aholkularitzea, diru-laguntzen kudeaketa, edo trebakuntza saioak.
Zerbitzua Errota Fundazioak sortu eban 2017an, eta orduztik berak kudeatzen dau. Finantziazino publikoa Bizkaiko Foru Aldunditik eta Eusko Jaurlaritzatik jasoten du, Arratiako udaletakoaz aparte. Zerbitzua Ahize-AEK hizkuntza aholkularitzeak emon dau hasieratik. Sinadura ekitaldian izan dira proiektuaren bultzatzaile diren erakundeetako ordezkari nagusiak: Kizkitza Aurrekoetxea Errota Fundazinoko koordinatzailea; Aitor Aldasoro Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea; eta Isaac Amezaga Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera zuzendari nagusia. Horreez gan, bailarako udaletako ordezkariak be bertan izan dira.
Kizkitza Aurrekoetxeak lehenengoz hartu dau parte eusGara zerbitzuaren ekitaldian, koordinatzaile moduan lehen urtea baitau Errota Fundazioan. Zulaibarren batutako enpresa eta erakundeei eskerrak emon deutsee euskerea Arratiako lan munduan txertatzeko egindako urratsakaitik, hizkuntzearen erabilera zabaltzeko egindako ahalegina ezinbestekoa izan dalako.
Aitor Aldasorok be lehen aldia izan dau eusGararen ekitaldian eta arlo sozioekonomikoa euskalduntzea Eusko Jaurlaritzaren helburu estrategikoa dala adierazo dau. Lehentasunezko erronkatzat markau dau euskerea, enpresen lehiakortasunari begira, balio erantsia dalako: Enpresaren barruko funtzionamenduari begira, bai langile euskaldunei baita euskalduntze prozesuan dagozan langileei euskal lan-giroa eskaintzeak euren ongizatean eragina izango dau eta horrek ekarriko dau enpresearen emoitzak hobetzea. Bezeroari begira, euskeraz zerbitzua emoteak kalidadea eskainiko deutso hartzaileari eta produktua nazinoartean eskaintzen baldin bada, gure herriaren nortasuna, hurrekotasuna, sendotasuna eta sinisgarritasunean irabaziko dau.
Isaac Amezagak ondokoa adierazo dau: Bizkaiko Foru Aldundiak Aurrera jarraituko dau arlo honetan dituan proiektuakaz, Bizkaia euskaldunagoa izan daiten, baita lan-eremuan be. Proiektuon indargune nagusia erakunde sustatzaileen borondatea da, kasu honetan Errota Fundazioarena. Eurak barik alperrekoa da erakunde publikoek emon geinken babesa. Inguruari jagokonez, garrantzitsua da, eragiteko eremua eskualdea izatea. Eskualdeko enpresak, ikastetxeak, holako proiektuetan ekosistemearen parte diran guztiek eragin behar dabe. Eta oinarri-oinarrizkoa da proiektuan parte hartzen daben guztien arteko lankidetzea. Erakunde publikoen artekoa, eskualde bakotxean eragiteko bitartekoarena, landa-lana egiten dauen enpresearena (kasu honetan Ahize-AEK) eta eskualde bakotxeko eragileak be alkar hartzea eta animetea.
Isaac Amezaga
Euskerea jagoletza sektorean
eusGara zerbitzuak 2023an egin eban hitzarmen ekitaldian hartu eben parte Arratiako hiru egoitzek: Arratiako Egoitzeak, Jandonizek eta Piedade Ondok. Adierazpen bateratua egin eben: praktikak euskeraz egiteko bidea jarriko dogu martxan; egoitzetan kontuan hartzea jagongo doguzan personen eta senideen hizkuntza hautuak; eta egoitzetako langileentzako oinarrizko hiztegi bat sortzea ezagutza handitzeko.
Urtebeteko tartean hiru egoitzek eta eusGarako teknikariek Arratiako jagoletza mahaia aktibau dabe eta gaur oholtzan izan dira bertako ordezkariak: Harkaitz Ortega, Jasone Gaztañazatorre eta Julen Fuentes.
Jentaurrean irakurritako adierazpenean konpromisoa hartu dabe hiru egoitzetako arduradunek 2024 urtean abiatutako lanketa bateratuari jarraipena emoteko datorren urtean be.
EusGara
Aurten, Arratiako 4 enpresek egin dabe bat zerbitzuagaz eta horrekaz 33 dira eusGara komunidadeko kide: Alfe Cutting, Alinar, Amorrortu, Arbegui, Arbisa, Arratiako Egoitza, Autos Varela, Batz, Behingoz, Bela Detail, Carrocerias Joseba, Carrocerias Usansolo, Cementos Leona, Comecaran, Ekin Eraiketak, Etxegana hotela, Gorbeialde landa garapeneko elkartea, Ilunbe, Industrias Galarza, Jandoniz, Keia, Lur 2000, Ormaurre, Ormazabal, Ortomobility, Petardos CM, Piedade Ondo, Rotulos Usansolo, Tresnak, Wolco, Zuhaitz Etxeak, Zulaibar Lanbide Ikastegia eta Zuloaga Motor.
Hizkuntza industriaren ekarpena
Lohitzune Txarola Langune Hizkuntza Industrien alkarteko kudeatzaileak be egin dau berba hizkuntzen irabazia zein dan azaltzeko. Alkartea aurkeztu dau bertan eta datorren astean egingo daben kongresuaren inguruko zehetasunak emon ditu. Donostian egingo dabe zemendiaren 26an eta 27an eta Europako 15 hizkuntza minorizatuetako ordezkariak batuko ditue.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!