'Gida Bira, gure museoak bertsotan' egitasmoa atondu dabe

Bizkaie! 2024-11-25 07:45   Euskerea berbagai

Zemendiaren 29an eta 30ean eta abenduaren 1ean eta 3an.

Abenduren 3an egingo dan Euskerearen Nazinoarteko Egunaren barruan, Bizkaiko Foru Aldundiak proponidutako Gida Bira ekimena bueltauko da, Euskerearen Etxeak atonduta, Bizkaiko foru museo eta aretoen laguntzinoagaz.

II. Gida Bira Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako ekimena aurkeztu dabe Leixuri Arrizabalagak Euskera, Kulturea eta Kirol diputaduak eta Iurdana Acasusok Euskerearen Etxeko zuzendariak, Bizkaiko foru museo eta aretoko zuzendariAkaz batera.

Leixuri Arrizabalagak adierazo dauanez, Gida Biraz erabiliz, ondare materiala ezagutuko dogu ondare immaterialaren bidez. Halanda ze, Bizkaiko 10 museo eta areto berrezagutu ahal izango ditugu, 16 bertsolarik parte hartzen daben bisita gidatuetan. Arrizabalagak gaineratu dauenez, Bizkaiko Foru Aldundiak ahalegina egiten dau gure hizkuntzearen erabilerea sustatzeko eta eremu guztietan indartzeko.

Kontuak kontu, ekimena zemendiaren 29an eta 30ean eta abenduaren 1ean eta 3an egingo da Aldundiko hamar espazioetan eta 16 bertsolarik parte hartuko dabe.

Egitaraua

Zemendiaren 29an hasiko da Gida Bira Bermeoko Arrantzale Museoan, Ander Elortegi eta Enare Muniategi bertsolarien eskutik, 18:00etatik aurrera. Iñaki Marcaidaren argazkiakaz edertutako Bermeo Portu Zaharra 1877-2024 erakusketan sartuko dira bertsolariak.

Zemendiaren 30ean, barriz, hitzordu bi dagoz atonduta: Arkeologia Museoan, Bilbon, Iruri Altzerreka eta Gorka Pagonabarraga bertsolariak egongo dira, 17:00etan eta Neandertalak erakusketea izango dabe abiapuntu. Ganera, Bilbon kokatutako Euskerearen Etxean, Maite Sarasola eta Xabat Galletebeitia egongo dira, 12:00etan, Euskerearen Interpretazino Zentro barrituko edukiei buruz berba egiteko asmoz.

Abenduaren 1ean, bost saio: Balmasedako La Encartada Fabrika-Museoan Koldo Gezuraga eta Izaro Bilbao ibiliko dira bertsotan, 12:00etan; museo horretan Pieza bat, istorio bat: Oihal ebakitzailea aldi baterako erakusketea dago ikusgai. Muskizen El Pobaleko Burdinolan, Iruri Altzerreka egongo da bertsotan 11:30etik aurrera, Olentzero eta Mari Domingi be museoan izango dira egun horretan. Euskal Herria Museoan, Gernikan, Iker Uriarte eta Janire Arrizabalaga bertsolariak ibiliko dira bisita berezia gidatzen, 12:30ean. Santimamiñen, Kortezubin, Aissa Intxausti eta Aitor Etxebarriazarraga izango dira, 12:00etan eta, Txakolin Museoa-Txakolingunean, Bakion, Jone Larrinaga eta Asier Galarza bertsolariak ibiliko dira bisitariak gidatzen, 12:00etan.

Abenduaren 3an, saio bi atondu dira Bilbon: goizez, 11:30ean, Xabat Galletebeitia eta Ane Labaka bertsolariak Bizkaiko Foru Jauregian ibiliko dira bertsotan eta arratsaldez, 18:00etan, Maite Sarasola eta Eneko Abasolo Abarkas bertsolariek Ondare Aretoko bisitea gidatuko dabe; hain zuzen be, Kameratik Orratzera. De la cámara a la aguja Eulalia Abaituaren argazkietatik hasitako Bizkaiko XIX. eta XX. mendeko emakumeen jantzien erakusketea izango dabe berbagai.

Bisita gidatuetan parte hartzeko beharrezkoa da izena emotea. Museo eta aretoen kontaktuak:

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu