Ekain Alegrek jantzi dau XI. Izeta Sariketako txapela
2024-11-25 07:52 BertsolaritzeaBaztanen jokatu da Mariano Izeta euskaltzale eta bertsozale baztandarraren omenezko sariketea.
Hamabi bertsolarik hartu dabe parte bi kanporaketa bietan, Erratzun eta Elizondon, eta horreetatik sei sailkatu dira finalerako. Horreen artean, Altsasuko bertsolariak jantzi dau txapela. Bertso onenaren saria, bestalde, Beñat Astizentzat izan da.
XI. Mariano Izeta Bertso Sariketea, Baztango hainbat ñekutan egin da, Nafarroako Bertsozale Alkarteak eta Baztango Udalak atonduta, Mariano Izeta bertsozale eta euskaltzale baztandarraren (Elizondo, 1915-2001) omenez. Danetara, Nafarroako 12 bertsolari gaztek hartu dabe parte sariketan. Arratsaldean, kanporaketa bi izan dira, seina bertsolarigaz. Horreetatik, seik lortu dabe arratsaldeko finalerako txartela, saio bakotxeko lehen hirurak. Elizondoko Intza ostatuan jokatutako kanporaketan, Beñat Astiz, Endika Legarra eta Idoia Granizo izan dira sailkatuak; Erratzuko Zubi-punta ostatuko saioan, barriz, Ekain Alegre, Ekhiñe Zapiain eta Mikel Lasarte sailkatu dira.
Sei horreek jokatu dabe finala, afalostean, Elizondoko Kortarixar jatetxean. 50 lagun ingururen aurrean jokatu da finala, Zigor Gartzia Zian gai-jartzaile zala. Bost epaile ibili dira bertsolarien lana epaitzen: Amaia Telletxea, Nerea Bruño, Patxi Barberena, Joseba Beltza eta Julen Zelaieta. Horreek emondako puntuen arabera, Ekain Alegre izentau dabe txapeldun, 328'5 puntugaz. Haren ostean sailkatu dira Ekhiñe Zapiain (328), Mikel Lasarte (314), Beñat Astiz (300,5), Idoia Granizo (294,5) eta Endika Legarra (284,5).
Txapeldunaz gan, saioko bertso onenaren saria be emon dau epaimahaiak. Kasu honetan, Beñat Astizentzat izan da, hamarreko txikiko bigarren bertsoagaitik. Sari biak, txapela zein bertso onenarena, Ines Izetak, Mariano Izeta zanaren alabeak, emon ditu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!