Munduenea II, umeentzako ipuin-bildumea plazan

Bizkaie! 2024-11-22 08:15   Kulturea

Kulturartekotasuna eta hizkuntza-aniztasuna jomugan.





Munduena Munduko ipuinen etxea II ipuin-bildumearen aurkezpenean izan dira Leixuri Arrizabalaga, Kultura Diputadua; Ma Jose Arrieta, Bilboko Udaleko Euskera zuzendaria; eta Igone Etxebarria Labayru Fundaziko zuzendaria. Era berean, ipuinetan jasotako kultura eta hizkuntzetako ordezkaritza zabala egon da, bai barri-emoileen bai euren hurrekoen bitartez.

Munduenea II hamar ipuinek osotzen dabe, bildumako bigarren alea. Umeei zuzenduta dagoz eta munduko kultura eta hizkuntza askotakoak dira. Ipuinen egileak danak bizi dira gure artean, eta horixe da helburua, euskerearen bitartez kulturen arteko zubia egitea. Kulturartekotasuna eta hizkuntzen arteko alkarbizitea aldarrikatu nahi da ariketa praktiko baten bidez.

Ipuin guztiak hizkuntza bitan emoten dira aldi berean, euskeraz eta jatorrizko hizkuntzan. Eta irakurteko eta entzuteko euskarria be bertan dabe QR kode baten bitartez. Audioak dagoeneko sarean dagoz, liburuei buruzko informazinoa batzeko sortutako webgunean: munduenea.labayru.eus. Webgune horretan dagoz aurreko moltsoan argitaratutako hamar liburuak, audioak eta ipuin bakotxeko bideo animatuak.

Munduko 10 hizkuntza aukeratu dira. Horretarako, Bizkaiko Foru Aldundiak egindako hizkuntzen mapan, hiztun gehien dituen hizkuntzak aukeratu dira bigarren bilduma honetako hamar ipuinetarako. Ondokoak dira: gaztelania (Mexiko), persierea (Iran), ingelesa (Ingalaterra), kukama (Peru), tagaloa (Filipinak), ukrainerea (Ukraina), polonierea (Polonia), japonierea (Japonia), turkierea (Turkia) eta hassania (Mendebaldeko Sahara).

Munduko 10 hizkuntzak identifikau eta hiztunak bilatuta, ipuin bat eskatu jaken. Ipuin horreek itzuli eta umeentzako produktua izateko trazea emon jake. Horretarako, testuak eta esaldiak moldatu, marrazkiak, maketazinoak eta bestelakoak asko landu dira. Ipuin-bildumea jatorrizko hizkuntzan zein euskeraz argitaratu da. Horrezaz gan, ipuin bakotxean erabilitako hizkuntzearen gaineko jakingarri batzuk sartu dira: ezaugarriren bat, munduan non erabilten dan eta hamar berbako hiztegitxoa.

Egitasmoak hiru helburu nagusi ditu:

  • Kulturartekotasuna bultzatu.
  • Euskerea beste hizkuntzetako hiztunentzako zubi izatea.
  • Euskal Herrian bizi diran beste kultura batzuk ezagutzea.

Labayru Fundazinoaren ekinbidea

Ahozko transmisinoa izan da kultura guztietan izakera eta ohiturak belaunaldiz belaunaldi transmitiduteko bidea eta kasu honetan be, ipuinak eta kontakizunak erabili ditugu kulturen arteko trukea egiteko. Gure gizartea gero eta anitzagoa da, gero eta herrialde, hizkuntza, kultura eta jatorri gehiagoko jentea nahastean bizi gara hurreko inguruetan. Atzerriko hizkuntzea egiten dabenak gurera erakarri nahi baditugu, eurei entzun behar deutsegu lehenengo, nondik
datozen jakin, gero gurearen eskaintzea egiteko. Errespetu eta begirune hori eurei erakutsi, holan gurea be errespetuz hartu deien. Jente askoren parte-hartzea behar izan da azkeneko produktu honetara heltzeko. Labayru
Fundazinoak sortu eta landutako egitasmoa da. Bertatik egin dira beste parte-hartzaile danakaz hartu-emonak, koordinazinoa eta egitasmoaren zuzendaritzea.

Testuak lortzeko hainbat barri-emoilerengana jo genduan, hizkuntza bakotxeko bat edo kasuren batean bat baino gehiagorengana. Umeentzako ipuin-trazea emoteko, Yolanda Larreategi idazlearen parte hartzea izan dogu. Eta marrazkiak Enrique Morentek egin ditu beren-beregi. Audioak grabau eta editau Ibai Zabalak eta Mikel Gabiolak egin ditue.


Munduko hamar kulturen bilduma

  • Yolotli, bihotz-txiki – Yolotli, pequeño corazón. Txikiak garenean, gatx egiten jaku gauza batzuk ulertzea eta helduek ez dabe jakiten zelan azaldu. Baina 8 urteko Yolotlik eta bere familiak bizitzako gazi-gozoak ulertzen lagunduko deuskue.
  • Etxe bete gonbidadu - Irango herri batean emakume bat bakarrik bizi da bere etxetxoan. Gau euritsua da. Lotara doanean, atea jo dabe. Emakumeak ez daki bisitariek etxea beteko dabela. Eukiko ete dau danantzako lekurik?
  • Awara - Badakizu zergaitik kukamok ez dogun zaratarik egiten jatean? Aspaldi, gizakiak izan aurretik, arrainak ginanean, bazen Awara izeneko izaki bat. Kukamak haren bildur gara, baina jakin nahi dozu zergaitik?
  • Ozeano Bareko perlak - Arbasoen esanetan, lehen Filipinak herrialdea ugarte handi bakarra zan eta erraldoi bi bizi ziran bertan. Behin ostrak jatean, perla liluragarriak topau zituen. Jakingo al dau bikote honek topautako altxorra konpartiduten?
  • Arbia - РiПka - Ukrainako paraje eder batean, aitita-amamak bilobeagaz eta hainbat animaliagaz bizi dira. Udabarrian, aitonak arbi-hazia erein dau. Hain ondo jagon dabe, batzeko orduan ezuste itzela hartuko dabe. Sekretu bat eukan eta
  • March erregearen sekretua - The secret of King March. Bazan March izeneko errege bat. Oso agintari ona eta maitatua zan, baina lotsatzenekretu bat zeukan. Egun batean, Bevan herriko bizarginari bere sekretua autortzea erabagi eban. Baina kapaz izango ete da Bevan sekretu hori gordeteko?
  • Waweleko herensugea - Smok Wawelski. Polonian, Krak erregea bizi zan Wawel muinoan. Herritarrak pozik bizi ziran, harik eta gazteluaren azpian egoan piztia jentea eroaten hasi zan arte. Nor ausartuko da piztiari aurre egiten?
  • Negar egiten eban ogro gorria - ないたあかおに - Mendi baten magalean ogro gorri bat bizi da. Itxura bildurgarria badau be, zintzo-zintzoa da baina herritarrek ez dabe holan ikusten. Ogro urdinaren laguntzaz, hori konpontzen ahaleginduko dira.
  • Hacivat, Karagöz eta magia - Hacivat, Karagöz ve sihir - Orain urte asko, Hacivat eta Karagöz izeneko lagun bik magia-liburu zahar bat topau eben. Sorginkeriak egiten hasi ziran, eta herritarrak txundituta itxi zituen. Baina trikimailuak ez dira beti nahi bezela ataraten.
  • Shertat tripontzi zuhurra - Afrikan bada Sahara izeneko basamortua. Shertat eta Zahra senar-emazteak han bizi ziran. Zahrak familiaren faleta ebenez, bisitan joatea erabagi eben. Konbidaduak bazkari oparo bategaz hartu zituen baina nahikoa ete da Shertat tripontziarentzat?

Erakundeen babesa

Proiektua Labayru Fundazinoarena da, eta Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilboko Udalaren finantzazinoari esker jarri da martxan. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzearen eta Hezkuntza Sailaren laguntzea izan da; Bizkaiko Foru Aldundian, Euskera Sustatzeko Zuzendaritzearena eta Lankidetzarako eta Dibersidaderako Zuzendaritzearena; eta Bilboko Udalean Euskera zuzendaritzearena.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu