Hilebete Getxoko IV. Gabonetako Organo-Zikloa hasteko
2024-11-21 11:22 MusikeaKontzertuak abenduaren 20, 23 eta 29an izango dira.
Algortako Merklin Organoaren Lagunak-AMOMA Alkarteak IV. Gabonetako Organo-Zikloa atondu dau. Kontzertuak Algortako San Nikolas Barikoa parrokian, 20:00etan, eta doban izango dira.
Algortako Merklin Organoaren Lagunen Alkarteko presidenteak, Pedro Guallarrek, adierazo dauenez, ekimen honen helburua Gabonetako egun horreek aprobetxetea da, aldarrikatzeko Bariko San Nikolas parrokiako organoaren kalidadea eta eskaintzen dituan aukera ugariak. Programea askotarikoa eta kalidadekoa izango da eta ospe handiko interpreteen esku.
Kontzertuak
- Lehenengo kontzertuan, barikua, hilaren 20an, Javier Moreno Lorenzo organista gazteak eskainiko dau. Gaztela eta Leongo Sari Berezia (2022/2023) irabazi eban organoan.
- Astelehenean, abenduak 23, Lourdes Soprano soprano bilboatarra, abeslari Milango Scalan, eta Pedro Guallar maisu organistea izango dira protagonista.
- Domekan, hilak 29, zarratuko dabe zikloa Xabier Andrada (bibolina) eta Andoni Andrada (organoa) anaiek. Gazteak izan arren, dagoeneko ibilbide musikal garrantzitsua dabe.
Algortako Merklin organoa
1908an eregi eben Parisko Manufacturas de Grandes Órganos J.Merklin Cie tailerretan, Algortako San Nikolas Barikoa eleizarako. Sasoi haretan 28.500 pezetako kostua izan eban, Jose Antonio de Uriarte y Sustachak pagau ebana. 2019an, parrokiako eleiztar talde baten eta Getxoko Udalaren bultzadeari esker, Alejandro Turanzas organo-maisuak zaharbarritu ebana. Estilo erromantikoa dau, haretxezko egurrez egina dago eta barruan 1.500 hodi baino gehiago ditu eztainuzko eta berunezko aleazinoan eregiak. 56 notatik gorako eskuzko tekladu bi eta 30 notako pedalier bat ditu. Barruan hiru hauspo ditu, animalia-larruzkoak, konponketa horretan erabat barritu diranak, bai eta elikatzen dituan haizagailu elektriko isila be.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!