Durangoko Azokeak 933 nobedade eta 200 ekitaldi aurkeztu ditu
2024-11-20 13:53 KultureaDei berezia egin gura deutsegu zaleei, adierazo dau Beñat Gatelurrutiak.
59. Durangoko Azokearen egitaraua aurkezteko prentsaurrekoa egin dabe San Agustin kulturgunean, azoka egunetan Szenatokia gunea hartuko dauen aretoan hain zuzen be. Berton izan dira egitaraua atontzen lanean dabizen arduradunak: Beñat Gaztelurrutia (Gerediaga), Izaskun Ellakuriaga (Talaia), Gotzon Barandiaran (Ahotsenea), Irati Agorria (Irudienea), Diana Franco (Kabia), Itxasne Arabiourrutia (Saguganbara), Maider Larrañaga (Szenatokia) eta Aitor Agiriano (Azoka Telebista). Egitarauak gunez gune izango dituan zehetasunak adierazo ditue kazetarien aurrean.
Ateak edegiteko gogotsu dagozala adierazo dau Beñat Gaztelurrutia koordinatzaileak: berton batuko gara kulturea bizi eta jagon nahi dogun sortzaileak, argitaletxetako kideak, kulturgintzako langileak eta zaleak. Aurton, dei berezia egin gura deutsegu zaleei, kultur sistemea osasuntsu baterako ezinbestekoak diralako.
Abenduaren 5etik 8ra egingo da Durangoko Azokea. Landako Gunean 274 erakusmahai ipiniko ditue 153 partaideren artean eta 933 kultur nobedade egongo dira kulturazaleek hartzeko eta emoteko. Lan barriak aurkezteko 200 ekitaldi inguru programau dira.
Egitarau osoa, hemen konsultau daiteke.
Zehetasunak
- Talaia: Euskaraldiaren kantua Durangoko Azokako gune horretan emongo ga. Urtero lez, Euskadi Literatura saridunen berbaldia egingo da. Ganera, EITBgaz lankidetzan sortu dan BaDAbil bideopodcastaren azken saioa, azokako azken egunean bertatik bertara grabauko da.
- Museoa: Nestor Basterretxeari buruzko erakusketea egongo da ikusgai; zemendiaren 28an izango da inaugurazinoa. Horren harira, hitzaldia eta bisita gidatuak atonduko dira eta Basterretxeari autortzea be egingo jako abenduaren 7an, Landako Guneko areto nagusian. Bestalde, Euskal Editoreen Alkarteak hizkuntza minorizatuetako editoreen topaketea atonduko dau Museoan.
- Ahotsenea: 50 liburu eta 34 musika lan aurkeztuko dira. Plazara lehen aldiz agertuko diranakaz batera ibiliko dira urteetan euskeraz sortzen dabizen idazle eta musikariak. Ahotsenea Literatura Landako Gunearen albo batean, parkeko eremuan instalauta egongo da; Ahotsenea Musika, barriz, Plateruenean.
- Irudienea: Euskerazko zinemagintzearen plazan 40 lan eskainiko dira, esaterako, Irabazi arte telesailaren estreinaldia. Hainbat gazte zinegileren lanak be ikusi ahalko dira, besteak beste, Ane Berriotxoaren Nire amaren etxea eta Jone Arriolaren Hor konpon. Itoiz, udako sesioak dokumentalaren teaserra be aurkeztuko dabe egileek.
- Kabia: Euskalgintzea eremu digitalean zabaltzeko egitasmoak ezagutuko dira, horreen artean hitanoa erabilteko AppaHi! aplikazinoa. Tailerrak, olgetak eta berbaldiak be egongo dira, esaterako; Elhuyar Fundazinoak adimen artifizialaren aukerea eta mehatxuen inguruko eztabaidea atonduko dau.
- Saguganbara: umeei eskainitako 25 ekitaldi programau dira: aurkezpenak, irakurketak, tailerrak... Barrikuntzea da gorren komunidadearen ohitura eta kulturea ezagutzeko liburua aurkeztuko dauela Julian Rodriguezek. Abenduaren 6an, Porrotx, Marimotots, Virginia Garcia eta Leire Bilbaok egingo daben liburu aurkezpenerako konbidapenak banatuko dira egunean bertan, 10:30ean, Saguganbarako sarreran.
- Szenatokia: Arte eszenikoen gunean, hamar konpainiak pieza laburrak eskainiko ditue; gehienak antzerki lanak izango diran arren, jantzak eta bakarrizketak be izango dira. Nabarmentzekoa da proposamenetako hainbat sexualidadeagaz eta genero gaiakaz lotuta egongo dirala; esaterako, Las Paralelas konpainiaren Odola izeneko pieza performatiboa, hilekoari buruzkoa, eta Libe Mendizabal eta Zaloa Zamarreñoren Ontziratuak izeneko lana. Bestalde, Karrika antzerki talde durangarrak obra barria aurkeztuko dau.
Oharrak
- Abenduaren 5ean, Ikasle Goizagaz hasiko da Durangoko Azokea. Horreei bideratutako tailerrak egongo dira gunez gune. Holan, azokea edegita egongo da bisitari guztientzat.
- Abenduaren 6an egindo da Gazte Eztanda. Egitarauan gazteei zuzendutako ekintza ugari atondu dira, egun osoko plana egin deien. Ganera, gauez be, kontzertuak egongo dira Landako plazan instalauko dan karpan, Nekktar, Naxker eta Xaukena Xauk taldeen eskutik. Egun osoko jaialdira etorteko, autobusak egongo dira Gasteiztik eta Iruñetik.
- Durangoko Azokea iragarteko kartela Udatxo eta Balu artistek sortu eben, eurek proponiduta, abenduaren 6an bertan egongo dira.
- Abenduaren 6an, Marramiau sorkuntza kolektiboak Argizagi. Zubiak adiskidetasunerantz telesaila estreinauko dau emonaldi bitan, Saguganbaran eta Irudienean. Igazko Sormen Bekearen emoitzea da.
- Azoka Telebistak Hartzea ematea DA izeneko magazinea produziduko dau egunero eta hainbat kanaletan ikusi ahal izango da saioa: tokiko telebistetan, azokako webgunean, youtuben eta ETBn, hain zuzen be.
- Indarkeria matxistearen kontrako protokoloa prest egongo da. Puntu moreak ezarriko dira eta bateren batek beharra izango baleu, bertara jo leike.
- Durangoko Azokearen 60. edizinoa egingo da datorren urtean. Horren harira, gaur eguneko azokearen argazkia emongo dauen ikerketea egiten hasi dira. Inkestatzaileek bisitariakana joango dira eretxia eskatzeko. Horrezaz gan, sortzaileakaz eta parte-hartzaileakaz be beteko ditue galdetegiak beste fase batzuetan.
- Ordutegiari jagokonez, igazko ereduari eutsiko jako, domekako itxierea aurreratuta. Beraz, azokea 10:30ean edegi eta 20:00etan itxiko da egunero, baina abenduaren 8an arratsaldeko 18:00etan zarratuko da.
- Dobako autobus zerbitzua martxan egongo da Iurretako autopista urtekerako aparkalekutik Landako inguruko Olleria kaleraino, 30 minuturo, abenduaren 6tik 8ra.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!