Bernat Etxepareren 'Linguae Vasconum Primitiae' liburuan oinarritutako kontzertua emongo dabe

Bizkaie! 2024-11-20 13:19   Euskerea berbagai

Abenduaren 2an, Nafarroako Parlamentuko patioan.

Danserie ensemble taldeak kontzertu berezia emongo dau abenduaren 2an, Nafarroako Parlamentuko patioan, arratsaldeko 19:00etan. Bernat Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae liburuan oinarritutako kontzertua izango da: euskerazko lehen liburuko poesiak, garaiko musikaz kantatuak, azpimarrau dabe musikariek.

Horretarako, CDa plazaratu dabe Pamiela argitaletxearen eskutik, zortzi urteko ikerketa lanaren ostean. Koldo Azkona ikerlari eta Bernart Etxepare, 1545 proiektuaren zuzendariak lanaren ezaugarriak adierazo ditu prentsaurrekoan: Errenazimenduan asko erabilten zan contrafactum izeneko teknika baliatu dau Danserie taldeak lana sortzeko, hau da, poesia bati bere metrikeagaz bat egiten dauen doinua egokitzea bertsoak kantau ahal izateko. Erdi Aroko, Errenazimenduko eta hasierako Barroko garaiko doinuak hartu ditu, batzuk Euskal Herriko antzinako doinuak.

Diskoa grabetako, hizkuntzea jagon dau eta, holan, funtsezkoak izan dira grabaketean parte hartu daben Nafarroa Garaiko eta Behereko kantariak: Marta Huarte, Ezkirozko sopranoa; Andoni Sarobe, Arantzako baritonoa; Guy Saldubehere, Aldudeko tenorea; eta Ihitz Iriart, Zuberoako kontraltoa. Era berean, hainbat filologo eta historialariren laguntzinoa izan dau taldeak.

Grabazinoaz gan, Danserie taldeak Nafarroako Errege Artxibo Nagusia arakatu dau eta emoitza oso interesgarria izan da. Etxepareri buruzko eskutitza, egundaino ezezaguna eta haren bizitzeari buruzko informazino barriak topau doguz, autortu dau Azkonak.

Kontzertua

Euskaltzaindiak eta Nafarroako Gobernuak babesa emon deutse proiektuari eta CDagaz batera, kontzertu berezia autortzea erabagi dabe. Holan, Euskerearen Egunaren atarian, Errenazimenduko musika ederrean adituko dira Etxepareren bertsoak.

Kontzertua abenduaren 2an izango da, Nafarroako Parlamentuaren patioan eta 19:00etatik aurrera. Sartzea doban izango da baina kontzertura joan nahi dauenak Parlamentuko telefonora (948209209) deitu beharko dau, izena emoteko.

Kontzertuan hamar musikarik parte hartuko dabe eta guztira 18 pieza joko ditue, besteak beste, Sautrela, Amoros sekretuki dena, Kontrapas eta Ardoarena.

Bernat Etxepare (Sarasketa; 1490 - ?) euskeraz inprimautako lehen liburuaren idazlea da. Kapare leinuko etxe batean jaio zan, Sarasketa herrian, Donibane Garazitik gertu. Apez ikasketak egin ondoren, 1511n meza kantau eta Eiheralarreko erretorea izan zan. Baionako apezpikuaren bikarioa izan zan Garazin. Nafarroaren Konkistearen lekuko izan zan eta gatazka horrek eragindako salaketa batzuekaz kartzelan egon zan. 1545ean euskerazko lehenbiziko liburua inprimau eban Bordelen, Morpain inprimategian, Bertrand Lehet abokatu euskaldunaren laguntzinoagaz.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu