Igor Mercado, 37. Julene Azpeitia ipuin lehiaketako irabazlea

Bizkaie! 2024-11-20 10:29   Kulturea

Bigarren eta Zumaiako Onenaren sariak, Angel Gallo eta Iñigo Erkiagarentzat izan dira, hurranez hurran.

Urriaren amaieran batu zan epaimahaia 37. Julene Azpeitia ipuin lehiaketako saridunak erabagiteko eta hor izan ziran Ana Urkiza eta Castillo Suarez. Josu Waliño, Udaleko euskera teknikariak, barriz, idazkari lanak egin zituan, botorik barik. Aurton 54 lan aurkeztu dira, igazkoaren antzera: horreetatik zazpi, zumaiarrek idatzitakoak.

Euskal Herri guztitik aurkeztu diran lanean artean, ondoko honeek izan dira saridunak:

  • 1. saria, 3.000 eurokoa, Igor Mercado Azcuenagak irabazi dau Kartoi Artekoak ipuinari esker. Igor lehenago be saritua izan da lehiaketan, halanda ze, igaz bigarren saria irabazi eban. Aurkeztutako ipuina landua dala eretxi deutso epaimahaiak, isiltasun eta elipsi askokoa, irakurri ahala eregiten dau irakurleak kontakizuna berton ez dagoan informazinoagaz. Alkarrizketa gitxi ditu, baina oso naturalak.
  • 2. saria, 1.500 eurokoa, Angel Gallo Fernandezek irabazi dau. Ezagun zaharra da Angel, hainbat aldiz irabazi baitau Zumaiako Onenaren saria. Aurton Postbizitza ipuinagaz eskuratu dau bigarren saria. Distopia horretan tensinoa in crescendo doa amaiera indartsu batera heldu arte. Egitureari jagokonez, oso ipuin biribila da.
  • Zumaiako Onenaren saria, barriz, Iñigo Erkiaga Ibarrarentzat izan da Azkena ipuinagaitik. Berton, ezohiko zentzumenez deskribiduten dira lekuak eta horreen bidez joandako denporetara bidaia planteetan da. Halanda ze, hainbat ikuspuntu emoten dau zumaiarrak.

Sari banaketea zemendiaren 27an egingo da, eguaztenean, 19:00retan, Aita Mari Zinema Aretoan. Ondoren, Lotura basatiak performancea eskainiko dau Debako Goaz antzerki taldeak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu